Arnaitz Gorriti

Erik Jakak zuzendu du gorriek Logroñon lortu duten atzetik aurrerako garaipena (22-14)

Peio Etxeberria –Altuna III.aren ordezko– eta Martija 0-9 aurreratu dira, Mariezkurrena II.aren hasiera txarra baliatuz. Baina Berriozarko atzelaria asentatu denean, Lizartzako aurrelariak errematean asmatu du. Hala, 7-12 galtzen egotetik 22-14 irabaztera pasa dira eta bigarren puntua pilatu dute.

Hotz eta gaizki ekin arren, bikain amaitu du partida Erik Jakak. (Iñigo URIZ / FOKU)
Hotz eta gaizki ekin arren, bikain amaitu du partida Erik Jakak. (Iñigo URIZ / FOKU)

Erik Jakak badu eskarmentua eta badu lehiakor izatearen bertutea. Bere gaitasun horiei esker, Mariezkurrena II.arekin osatu duen bikote gorriak Binakako Txapelketako bigarren puntua lortu du Peio Etxeberria eta Martijaren aurka Logroñoko Adarragan, hasteko 0-9 galtzen joan badira ere. Urdinek behera egin bezala egin dute gorantz irabazleek, eta aurreneko atseden luzetik aurrera, batez ere Mariezkurrenaren ahala Martijari inposatu zaionean, Lizartzako bikoteak zuzendu du gorrien hasiera petrala.

Erdi huts eginagatik, aurreneko tanto biak Peio Etxeberriaren alde erori dira, eta horrek bikote urdina partidan bete-betean sartu du. Aldiz, gorrien artean Mariezkurrena II.a galtzaile hasi da, eskuin beso freskoa izanagatik goiko eta beheko koltxoiei hautsak astinduz.

Jokin Altuna min hartuta egonagatik, Martijak ez du faltan bota Amezketakoa, bere aurrelaria nahikoa eta sobera moldatu baita akordatzerako markagailua 0-8 jartzeko. Mariezkurrenak bere bosgarren kalea egin du goiko txapa bete-betean asmatuz. «Egon hadi lasai!» esan dio orduan Erik Jakak, ezinbestean aurreneko hutsartea eskatu ostean.

Jaka saiatu da airez eta botez jokoa nahasten, eta atzean sartu dio halakoren baten aurreneko tantoa Martijari. Pilota aldatu eta Lizartzakoa jokoan sartzea dena bat izan da, eta moldatu da nolabait gorrien aurreneko tantoak pilatzen hasteko. Mariezkurrena II.a ere, bere aurrelariaren esanei jaramon eginez, pilotaren zain egon gabe pilotaren bila joaten hasi da ere, eta bere aurreneko tantoa atzean erdietsi du, 3-9, nahiz eta tanto hark urdinena beharko zukeen, epaileek ontzat eman baitute, ezker horman goregi joan den Mariezkurrenaren pilotakada bat.

Gorriak 4-9raino hurbildu dira, baina Berriozarko atzelariari lurrera erori zaio, nahiz eta tarteka galantak ere eman dizkion. Pixkanaka gorriak murgildu dira neurketaren dinamikan baina partidaren hastapeneko abantailari errentagarritasuna ateraz, aurreneko atseden luzera markagailua 7-12 dela iristea lortu dute urdinek, Erik Jakari txapapera joan zaion ezker gantxo baten ondoren.

Batekoz bestera dena

Atsedenaldiaren ostean luzeegi bota du sakea Peio Etxeberriak, eta akats horren ondorioz partida are gehiago estutzeko aukera baliatu dute gorriek, tartean Etxeberria bera hasieran baino presa gehiagorekin jokatzen hasi delako. Hala, 12an egin dute bat bikote biek, Martijari goregi alde egin dion pilota baten ostean. Eta sekuentzia berbera errepikatuz, 13-12 aurreratu dira Jaka eta Mariezkurrena II.a. Etxeberriak beste kale bat egin ostean, 8-0eko partziala irentsi beharrez, urdinek hutsartea eskatu behar izan dute.

Jakari goregi joan zaion pilota batekin moztu dute bolada txarra urdinek. Baina 15-14koaren ostean, urdinak goitik behera amildu dira. Martijak gero eta garbiago ikusi dio bizkarra Mariezkurrena II.ari, eta Jakak aurrera pauso bat eman du bere atzelariaren ahala baliatzeko.

Aldiz, Peio Etxeberriak berak ere beherantz egin du azken fase horretan. Presaka, bere atzelariak behar zuen tenplerik gabe, errazegi bezala amildu dira urdinak, eta hain zuzen hasi duten partida erabat okertuta amaitu dute, justu gorriek egin dutenarekiko batekoz bestera.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 424. Markagailua: 0-1, 0-9, 1-9, 4-9, 4-10, 6-10, 6-11, 7-11, 7-12, 15-12, 15-14, 22-14. Sakez: 1 Jakak eta 1 eta falta bat Etxeberriak. Jokoan eginak: 10 Jakak eta 1 Mariezkurrena II.ak; 4 Etxeberriak eta 0 Martijak. Galdutakoak: 3 Jakak eta 6 Mariezkurrena II.ak; 5 Etxeberriak eta 4 Martijak. Gertaerak: Giro hotz xamarra Logroñoko Adarraga pilotalekuan. Lehen sakea, urdin. Dirua, doblea gorrien alde.