NAIZ

Bi palestinar hil ditu Israelgo Armadak azken bi egunetan

Soldadu israeldarrek bi palestinar hil eta dozenaka zauritu eta atxilotu dituzte Naplusa inguruan, Zisjordanian. Legez kanpoko kolonia judu bat hustu ez eta protesta egiten dutenen aurka egiten dute.

Zauritu bat eramaten Jamil al-Kayyalen funeralean Naplusan. (Jaafar ASHTIYEH-AFP)
Zauritu bat eramaten Jamil al-Kayyalen funeralean Naplusan. (Jaafar ASHTIYEH-AFP)

31 urteko palestinar bat hil du bart Israelgo Armadak sarekada batean Naplusa hirian, Zisjordanian.

Palestinako Ilargi Erdi Gorriak iragarri duenez, Jameel al Kayya biktimari buruan tiro egin zioten soldaduek eta ospitalean zendu zen.

Ras al Ain auzoan igande gauean izan ziren liskarretan, Wafa agentzia palestinarrak jakitera eman duenez, Armada Sionistaren ibilgailu batek bi palestinar harrapatu eta zauritu zituen.

Israelgo komunikabideek ziurtatu dutenez, Kayyal-ek lehergailuak bota zizikien soldaduei atxilotu behar zutenean.

Guztira 26 palestinar atxilotu dituzte sarekadetan Israelgo indarrek Zisjordanian eta Ekialdeko Jerusalemen, tartean Hassan Yousef, Hamas erakunde palestinar islamistaren goi kargua Zisjordanian.

Legez kanpoko kolonia judua

Ostiralean, beste palestinar bat hil zuten soldadu israeldarrek Naplusatik gertu dagoen Beita herrixkan izan ziren liskarretan. Beste 68 palestinar zauritu zituzten, Palestinako Ilargi Erdi Gorriaren datuen arabera.
 
Beitako eta eskualdeko beste herrietako biztanleek ostiralero protesta egiten dute Eviatarreko kolonia juduen kontra. Israelgo auzitegiek legez kanpokoa dela onartu duten arren,  soldaduak bertan daude kolonoak babesteko.

Auzitegiek kolonia ebakuatzeko agindua eman zuten pasa den uztailean, baina Armadak bertan base militar bat eraiki du «auzia konpontzen den arte».

Duela sei hilabete protestak hasi zirenetik gaur arte, 9 palestinar hil dira eta 600dik gora dira zaurituak.