Covid-19ak kolpe latza eragin dio Bidasoa-Iruni. Bi astez jokatu gabe igaro ostean, porrotak jaso zituzten irundarrek Wisla Plocken aurka Europan eta Benidormen kontra Asobal Ligan –hori bai, biak gol bateko alderanegatik bakarrik–. Baina ez dago kexa egiteko astirik eta Jacobo Cuetararen jokalariek beste helburu bat dute buruan: astearte honetan Pfadi Winterthur aurkari zuzenari irabaztea (AXA Arena, 18.45).
European Leagueko hurrengo fasean egoteko –edo aukera garbiak izateko– garaipena berezibikoa dute gipuzkoarrek. Multzoko lehenengo lau taldeak sailkatuko dira eta Bidasoak bi puntu ditu jokatutako lau partidetan. Aste honetan bi neurketa ditu aurretik etxetik kanpo, biharkoa –covidarengatik atzeratu behar izan zena– eta ostegunekoa Orlen Wisla Plocken pistan.
Joaneko partidan, Cuetararenek erraz irabazi zieten Pfadiri (32-28), baina talde suitzarra, hirugarren bere Ligan, Tatran Presoven etxean irabazi zuen aurreko Europako jardunaldian eta atzetik aurrera datorren taldea dirudi.
Gipuzkoarrek adi egon beharko dute Sadok, Sidorowicz eta Jud hirukotearekin, joaneko partida horretan, Artalekun, 17 gol sartu baitzituzten hiruren artean.
«Orain oso egoera konplexuan gaude, baina ilusio guztiarekin joango gara eta Europako txapelketako beste neurketa bat jokatzeko gogo guztiarekin», azpimarratu du Jacobo Cuetara Bidasoa-Irun taldeko entrenatzaileak. Astearte honetan Suitzan Pfadi Winterthurren aurka jokatuko duten partida «garrantzitsua da guretzat EHF European Leagueko hurrengo fasera sailkatzeko», gogoratu du.
«Taldea egoera zail baten aurrean dago maila fisikoan, eta ahalik eta ondoen gainditzen saiatu behar dugu», aitortu du asturiarrak, eta «kantxan gaudenok kalteak ahalik eta gutxien izateko eta hortzak estutzeko» deia egin du.
Pfadi Winterthur taldeari buruz, prestatzaile bidasotarrak esan du «ondo lehiatzen ari den taldea dela. Zailtasunen berri badakigu, bere etxean jokatzen dugu, European League da, eta zaila izango da. Beti egin dugun bezala, guk maila ona ematea dugu helburu, gure nortasun-ezaugarriak ikus daitezen. Buru-belarri ari bagara, taldea lehiakorra da. Hortzak estutu eta ahalik eta gehiena emango dugu».
Kauldi, Europako Txapelketatik gertuago
Bestalde, Espainiako Eskubaloi Federazioko Arlo Teknikoak Kauldi Odriozola jokalaria deitu du Hungarian eta Eslovakian egingo den 2022ko Europako Txapelketa prestatzeko kontzentraziorako.
Jordi Ribera Espainiako hautatzaileak abenduaren 26an, eguerdian, deitu ditu jokalariak Madrilen. Bertan, Europako Txapelketa prestatzen hasiko dira abenduaren 30era arte, prestaketaren lehen fasea amaituko denean.