NAIZ

Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal UEMAko kide izango dira larunbatetik aurrera

Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal larunbat honetako batzar nagusian batuko dira UEMAra. Haiekin, 94 udal iznago dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen parte.

UEMAko hautetsiak, aurreko batzar orokor batean. (NAIZ)
UEMAko hautetsiak, aurreko batzar orokor batean. (NAIZ)

Larunbat honetan urte amaierako batzar nagusia egingo du UEMAk, eta batzarkideek aztergai izango dituzte mankomunitatera sartzeko udalek egindako eskaera berriak ere. Zehazki, Bidania-Goiatz, Elduain, Ibarra eta Idiazabal dira azken aste eta hilabeteotan UEMAko kide izatea erabaki duten udalak.

Horien eskaerak onartzean 94 udal izango dira UEMAko kide, «denen artean 275.00 biztanleko lurgune euskalduna osatuz», azaldu dute. Idiazabalek atzo bertan onartu zuen UEMAko kide izatea, abenduko udal osoko bilkuran.

UEMAk 30 urte bete zituen maiatzean, eta urteurrena gogoratzeko Amasa-Villabonan egindako ekitaldian UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok gogoratu zuen modura «UEMAren sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 86 udal ziren UEMAko kide, eta 8 gehiago izango gara larunbat honetatik aurrera».

Idiazabalen bertan, Guraso Elkartea aretoan, 10:00etatik aurrera, egingo dute larunbat honetan batzarra. 2021ean bideratutakoen balantzea egiteaz gain, 2022rako ildo nagusiak eta ekimenak ere aztergai izango dituzte, beti ere UEMAren ohiko ildoen baitan: «Udalak ez ezik udalerriak ere euskalduntzea, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea, eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena».