Eustatek ohar baten bidez azaldu duenez, 2020an gizonen bizi-itxaropena 80,7 urtekoa zen EAEn, eta emakumeena 86,3 urtekoa. Koronabirusak eragindako hilkortasunaren gorakada hori gertatu izan ez balitz, bizi-itxaropena 81,3 urtera iritsiko litzateke gizonen artean, eta 86,8ra emakumeen artean.
Nolanahi ere, 2019tik 2020ra bitarteko bizi-itxaropenaren beherakada hori urrun dago Estatu espainiar mailan gertatu denetik; izan ere, gizonetan 1,3 urte jaitsi da, eta emakumeetan 1,2 urte, Europar Batasuneko herrialdeetan gertatu den altuenetako bat.
EAEko gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin du azken hamarkada hauetan, gorabehera batzuk izan badira ere. 1976ko adierazleei erreparatuta (69,6 urte eta 76,9 urteko bizi-itxaropena gizonentzat eta emakumeentzat, hurrenez hurren), ikus daiteke emakumeen bizi-itxaropena 9,4 urte igo dela eta gizonena, 11,1 urte.
Gizonek hiru hilabete gehiago irabazi dituzte igarotako urte bakoitzean, 80,7 urtera iritsi arte; emakumeek, berriz, 2,6 hilabete gehiago jaso dituzte urteko, 86,3 urtera iritsiz. Bi sexuen bizi-itxaropenen arteko aldea 5,6 urtera murriztu da, duela 25 urteko 8,7ko maximotik.
Tumoreak mehatxu nagusi
Eustatek nabarmentzen duenez, tumoreak dira bizi-itxaropenaren mehatxu nagusia. Erabat ezabatuko balira, gizonek 4,1 urte gehiago iraungo lukete, eta emakumeek 2,8 urte gehiago.
Bestalde, ugalkortasuna «sekula ez bezalako muga baxuetan» dagoela ere ohartarazi du estatistika erakundeak. Izan ere, emakume bakoitzeko bataz bestekoa 1,2 jaiotzakoa izan da 202an, Europar Batasunean (azken datua 2019koa da) izandako 1,53 jaiotzen azpitik, eta 1976an batez beste izandako 2,7 jaiotzetatik eta belaunaldi-ordezkapenerako behar diren 2,1etatik «oso urrun». Indizerik txikiena Bizkaian izan zen, 1,15 jaiotza emakumeko; Araban 1,29 eta Gipuzkoan 1,26.
Fenomeno demografikoak aztertzeko adierazleen datuetan oinarrituta, aurreikustekoa da batez besteko emakume batek 0,61 lehenengo jaiotza izatea, hau da, emakumeen herenak ez luke ondorengorik izango, 0,44 bigarren jaiotzak eta 0,15 hirugarren edo ondorengo jaiotzak.
Hau da, azken kasu horretan, hamar emakumetik bik baino gutxiagok hirugarren edo ondorengo jaiotza bat izango dute, hau da, %81 gutxiago 1976arekin alderatuta, Eustatek zehaztu duenez.
EAEko emakumeen ugalkortasunaren beste ezaugarrietako bat amatasunerako batez besteko adin altua da, 33 urtekoa, Europar Batasunean baino 2 urte baino gehiago (azken datua 2019koa) eta 1976an baino 4,4 urte gehiago. Araban batez besteko adina beste bi herrialdeetan baino pixka bat txikiagoa da (32,4 urte); Bizkaian 33,1 urte eta Gipuzkoan 33.
Ezkontzetan ere beherakada
Ezkontzetan ere beherakada eragin du pandemiak. Hala, 2020ko ezkontza-tasen arabera egingo liratekeen lehen ezkontzen ehunekoa gizonen %34,8rena eta emakumeen %38,9rena izan da. Indize horiek 2019koak baino askoz txikiagoak dira, 1977tik izan diren baxuenak izan baitziren, covid-19aren ondorioz ezarritako konfinamenduengatik. Zehazki, gizonetan jaitsiera ia 12 portzentaje-puntukoa izan da (11,9) eta emakumeetan 11,6koa.
Aurreikuspenen arabera, 2020ko ezkontza-mailak apartekoak izan dira, eta litekeena da urte horretan geroratutako ezkontzak hurrengo urteetan berreskuratzea, Eustatek adierazi duenez.
Bestalde, lehen aldiz ezkontzeko batez besteko adina 38 urtekoa da gizonen kasuan, eta 36,2koa emakumeen kasuan.
Ugalkortasunarekin gertatzen den bezala, ezkontzen kontzentrazio handia dago adin jakin batzuetan. Hamar urte eskasetan, 30 eta 39 urte bitartean, gizonen %43 eta emakumeen %42 ezkontzen dira.
Migrazioak
Batez beste, EAEk biztanle batek hiru emigrazio baino gehiago egingo ditu bere bizitzan zehar. Ohikoena emigrazioa barne mailakoa izatea da, hau da, helmugako udalerria jatorrizko udalerriaren lurralde berean egotea. Horrela gertatzen da migrazioen erdietan baino gehiagotan.
Aldiz, batez beste, gizonei EAEtik kanpoko 1,4 emigrazio dagozkie, emigrazio guztien %40; emakumeek, berriz, mota horretako 1,2 emigrazio egiten dituzte, guztien %38.