NAIZ

Nerea Urbizuk eta Sustrai Colinak sorturiko ‘HitzEkin’ abestiak girotuko du 22. Korrika

Sustrai Colinak sorturiko hitzei Nerea Urbizuk jarri die musika, eta Ane Garcia, Anari eta Urbizu bera dira abestiaren interpreteak. Pop doinuaz jantziriko kantak bideoklipa ere badu. Iruñean aurkeztu dute gaur.

AEK-k eta Korrikak Iruñean aurkeztu berri dute 22. edizioaren abestia eta bideoklipa. ‘HitzEkin’ du izenburu, eta Nerea Urbizu da abestiaren zuzendari artistikoa. Ane Garcia, Anari eta Urbizu bera dira interpreteak, eta hitzak Sustrai Colinak idatzi ditu. Halaber, Eymard Uberetagoena (Tripulante Produce) aritu da bideokliparen ekoizle lanetan. Korrikak Amurrio eta Donostia lotuko ditu 2022an, martxoaren 31tik apirilaren 10era.

Aurkezpenean, Asier Amondo Korrikaren arduradunak eta abestiaren eta bideokliparen egileek hartu dute parte. Urbizuren esanetan, «abestia emozionala da, soziala. Pop kutsua dauka gehienbat, eta hiru adin desberdineko emakumek abestua da, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko».

Mezuari dagokionez, Urbizuk esan du «irekia» izan arren, «balore garrantzitsuak» bultzatzen dituela: «ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea.».

Aurkezpenean, Eymard Uberetagoenak ekoiztutako bideoklipa ikusteko aukera ere izan dute gerturatutakoek. Horren harira, Urbizuk azaldu du «hainbat istorio biltzen dituen film laburra» dela, eta «jendeak korrika egiteko motibazio ezberdinak dituen moduan, gure Korrikarekin ere halako zerbait gertatzen da: sentsibilitate desberdineko jendea biltzen diruen arren, denoi eragiten digu indar bat, poz bat, babes bat.».

Amondok, bere aldetik, azpimarratu nahi izan du ‘HitzEkin’ leloaren esanahia, abestiaren izenburua ere badena: «Hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea». Era berean, «unea orain dela» nabarmendu du, «euskara hitzetik ekintzara pasatzeko unea Aldekotasunetik konpromisora jo behar da eta konpromisotik eragitera, erakunde orok urrats sendoagoak emateko jendartearen nahiei eta beharrei erantzuteko».