Ligako azken lau partidetan irabazi gabe –lau partidetan bi puntu lortu ditu– eta Kopan kanporatuta. Hala iritsiko da Deportivo Alaves larunbat honetan (Vallecas, 14.00) hurrengo neurketara. Gasteiztarrek zauriak azkar estali beharko dituzte Ligan beltzak ikusi nahi ez badituzte.
Eta, hasteko, esan behar da ez dutela oso aurkari erraza izango aurrean. Izan ere, Andoni Iraola usurbildarrak gidatzen duen Rayo Vallecano Lehen Mailako onena da bere zelaian. 24 puntutik 22 eskuratu dituzte madrildarrek Vallecasen eta urtea Europako postuetan amaitu nahi dute.
Bere estadioan lortutako zazpi garaipenak eta berdinketa bakarraz gain, oso gol gutxi jaso dituzte: hiru bakarrik. Aurkariek golak sartzeko dituzten zailtasuna erakusten du horrek. Alaves, ordea, Athleticekin batera gol gutxien sartu duen bigarren taldea da, Getaferen atzetik. Gasteiztarrek eta bilbotarrek 13 gol sartu dituzten bitartean, Quique Sanchez Floresen talde madrildarrak 11 egin ditu. Rayok 24 gol sartu eta 18 jaso ditu.
Estatistika hauengatik, Javier Calleja Alaveseko entrenatzaileak adierazi du bere taldearen helburu garrantzitsuena «golak ez jasotzea eta ondo defenditzea» dela.
Alavesek partida bakarra irabazi du aurten Mendizorrotzatik urrun. Cadizen aurka izan zen iragan urriaren 23an. Honek argi eta garbi erakusten du etxetik kanpo babazorroek irabazteko dituzten zailtasunak. Hori bai, esperantzarako faktore bat ere badago. Izan ere, Vallecasen jokatutako azken lau partidetan, bakarra galdu dute.
Gainera, prestatzaileak azpimarratu du Alaves «gehiagora» doala eta hobekuntza «oso handia» nabaritu du bere taldean. Hori bai, iniziatiba eramateak ezin du ondorio negatiborik ekarri maila defentsiboan. «Faktore osagarriak dira eta erabateko futbola da. Gure zelai erdian ezin dugu eraginkortasunik galdu», adierazi du Callejak.
Aldaketak eta sorpresak hamaikakoan
Prestatzaile babazorroak ezin izango du kontatu lesionaturik dauden Ximo Navarro eta Tomas Pinarekin; covid-an positibo eman duen Matt Miazgarekin eta zigortuta dagoen Florian Lejeunerekin.
Gauzak hala, Callejak aldaketak eta sorpresak aurreratu ditu hamaikakoan. Hasteko, defentsa aldatu beharko du. Alberto Rodriguez “Tachi” zelairatu liteke Victor Laguardiarekin batera, eta hegaletan Martin Agirregabiria eta Ruben Duarte erabiliko lituzke.
Baliteke Mamadou Loum zelai erdira bueltatzea, Toni Moyarekin batera, eta ondoan Pere Pons edo Manu Garcia egongo lirateke. Aurrean maila ona ematen ari diren Joselu Mato eta Luis Rioja arituko lirateke, Facundo Pellistrirekin batera.
«Irabazteko aukerekin goaz, taldea oso mentalizatuta baitago. Argi hitz egin dugu eta gauza asko zuzendu ditugu Kopako partida ahazteko», azaldu du Callejak.
Rayori buruz, prestatzaileak argi du «etxeko talderik onena» eta Ligako «onenetarikoa» dela. «Etxean talde ausarta da, erasokorra, jokalari oso bertikalekin eta oso erne egon beharko dugu gol aukera ugari izaten dituelako», baloratu du prestatzaile babazorroak.
Azkenik, anekdota moduan, Antonio Mateu Lahoz epaile valentziarrak gidatuko du Rayo-Alaves partida, Juan Martinez Munuera lesionaturik baitago. Hala ohartarazi du Espainiako Futbol Federazioko Epaileen Batzorde Teknikoak (CTA gaztelerazko sigletan).