NAIZ

Baskoniaren Sevillako partida 20.00tara atzeratu da positibo bat atzeman ostean

Turkiatik garaipenik gabe itzuli ostean, Spahijarenek ezin dute Betisen aurka hutsik egin Granadako Kopan izan nahi badute.

Arazoak arazo, ACBko bolada onari jarraipena eman nahi dio Baskoniak Sevillan. (Endika PORTILLO/FOKU)
Arazoak arazo, ACBko bolada onari jarraipena eman nahi dio Baskoniak Sevillan. (Endika PORTILLO/FOKU)

Baskoniak ez du ezer onik ekarri aste honetan Turkiara egindako bidaiatik eta Euroligan bi porrot jasotzeaz harago, gaur egindako antigeno proban positibo bat atzeman dute talde gasteiztarreko kide batean. Honek talde guztiari PCR froga egitea ekarri du eta gainontzeko guztiek negatibo eman badute ere, froga honek bidai planak goitik behera aldatu arazi eta hori dela eta igandean Sevillan arratsaldeko 17.00etan iragarria zen Betisen aurkako partida hiru orduz atzeratu da eta 20.00etan hasiko da.

Azken orduko ezbehar honekin bada ere –taldeak ez du esan zein den positibo eman duen jokalaria– Spahijaren taldeak ezin du hutsik egin Sevillan Granadako Kopan egon nahi badu. Europan ezinean ari bada ere, badirudi Baskonia bere ACBko ibilbidea zuzentzen ari dela eta erreskadan bere laugarren garaipena behar du zortzi onenen artean egonkortzeko. 

Nekea ere aurka

Ikusi beharko da nor den jokatzerik ez duen jokalaria, baina gogoratu behar da Grangerrek asteartean sorbaldan jasotako kolpe handiak baldintzatuta jokatu zuela ostegunean eta bihar ere ez dela bere onenean izango, Petersek eta Raiestek ere baja izaten jarraitzen dute eta alde horretatik arazo fisikoak izan ditzake sei egunetan hiru partida jokatu behar izango dituen taldeak.

Aurkariaren egoera ez da, ordea, hobea. Bi partida baino ez dituzte lortu 13 partidetan eta sailkapeneko azkenak dira Betisekoak. Entrenatzaile aldaketak ere ez die ezer onik ekarri eta azken bost partidak erreskadan galdu dituzte.