Sufritzen ere badakitela erakutsi eta txapelketako laugarren garaipena lortu dute Elezkano eta Zabaletak oso maldan gora izan duten partida bat –13-19 ere joan dira atzetik– irauliz. Bikote gipuzkoarrak asko egin du gora astelehenean emandako itxura kaxkarretik, atzelari txapelduna bere lekutik aterata esku eskura izan dute garaipena, baina Peñak txapara botatako azken pilotarekin –Elezkano nabarmen gurutzatu zaio jo aurretik– ihes egin die horrenbeste behar zuten puntuak.
Iazko finalaren errepikapena zenak ez du maiatzaren 9an Bizkaia pilotalekuan jokatutako partidaren inolako antzik izan. Ideiak oso argi zituztela irten dira bi gipuzkoarrak kantxara, Jose Javier Zabaletak bere erritmoa jartze eragotzi behar zuten nola edo hala eta Peñak lehen saketik ekin dio lan horri. Oso oldarkor eta Ederrenan pilatutako hutsak erabat ahaztuta, Albisuk pilotakada bat jotzerako 3-0 aurreratu dira Baikokoak.
Zabaleta deseroso senti zedin lan horretan Jon Ander Albisuk ere bazuen protagonismorik eta ataundarra ez da nafarrari eustearekin konformatu, ezin zion kantxan zuzen aritzen utzi eta ez ohikoak diren zenbait jokaldi ere egin ditu, pilotakadak moztuz edo tarteka bi paretakoak saiatuz, baita boleaz ere –modu ikusgarri horretan lortu du esaterako 13-17koa lau eta erditik pilota zabalduz– eta helburua lortu du gehienean. Etxarrendarrak ez du ohikoa duen nagusitasunik erakutsi horrenbeste maite duen Labriten eta Danel Elezkanok ere ez du aurkitu bere lekua topatu kantxan. Ohitua dago Zaratamokoa bere atzelariak sortzen dizkion aukerei itxion eta onenak aukeratuta tanto askotxo batzen, baina gaurkoan bere bikotea ez da gai izan horrenbeste zulo irekitzeko eta lekuz kanpo, protagonismorik lortu gabe, aritu da.
Jon Ander Peñak, ordea, oldarkor jarraitu eta hutsen bat pilatu badu ere, asmatutakoak askoz gehiago izan dira, asko oso ederrak gainera, eta urdinek oso bideratuta izan dute garaipena, partidaren gehien gehienean markagailuaren agintea eramanda.
Elezkanoren erreakzioa
11-16 zirela, ordea, gorriek atsedena eskatu eta Danel Elezkanok ulertu du bere atzelaria ezin zela bi jotzaileen aurrean bakarrik nagusitu, aurrera pauso bat eman eta erasoan oldarkorrago aritu da, Peña defentsan estutzen hasi da eta baita pixkanaka aldeak murriztuz.
Eta azken txanpa horretan, urdinek, batez ere Albisuk, buruan zuten taktika hori kantxan ezartzeko egindako esfortzu handiaren nekea nabaritu du. Zabaleta gehiago astintzen hasi eta partida lehen aldiz hogeina berdindu dute ataundarrak gora botatako pilota batekin. Amaiera ezin estuagoan, Peñak egin eta desegin egin du eta bere azken txapak garaipena egungo txapeldunei eman die.
FITXA TEKNIKOA
Elezkano-Zabaleta: 22
PeñaII.a-Albisu: 21
Pilotakadak: 673. Iraupena: 81 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-7, 6-7, 6-9, 8-9, 8-13, 9-13, 9-14, 11-14, 11-16, 13-16, 13-19, 18-19, 18-19,18-20, 21-20, 21-21 22-21. Sakez: 0 Elezkanok eta 0 Peñak. Tantoak: 8 Elezkanok, 2 Zabaletak, 14 Peñak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 4 Elezkanok, 1 Zabaletak, 6 Peñak eta 6 Albisuk. Gertaerak: Beste aste batzuetako jendetzarik ez Iruñeko Labrit pilotalekuan. Hasieratik dirua gorri.