«Santamasak Mondrauen» (sic). Besterik ezean, Binakako Pilota Txapelketako jardunaldiko partida behintzat izan da Uarkapen pilotalekuan. Ez dute nolanahiko harria izan aurrez aurre Urrutikoetxeak eta Arangurenek, iazko txapeldunak baino. Sailkapen nagusian gorantz egiteko saioa izan dute lau pilotariek, irabazlea bigarren lekuan bermatzekoa baitziren Zaratamokoa eta Agiñakoa, edo are, behin behinean aurreneko postua hartuko zuketen egungo txapeldunek irabaziz gero. Ezin biek irabazi, noski, eta azkenean egungo txapeldunek zergatik diren faborito erakutsi dute.
Aurreneko erdian partida parekatua izan baldin bada ere, 8nako berdinketaz geroztik neurketak ez du kolorerik izan. Zabaletak menpean hartu du dema eta Elezkano II.ak bere herkideari berak ere jokatzen badakiela erakutsi dio herrikideari. Baina edozeren gainetik, Jose Javier Zabaleta izan da nagusi eta errege Arrasaten.
0-2 aurretik jarri badira ere urdinak, hasierako kolpea Urrutikoetxea eta Arangurenek eman dute, aitaren batean 6-0ko partziala lortzeaz bat, 6-2 aurreratu baitira. Horiek izan dira Urrutikoetxearen momenturik onenak, eta une horietan urdinek estuasunak pasa dituzte, batez ere Urrutikoetxeak sakez asmatu egin baitu. Sapai baxu xamarra dauka, izan ere, Uarkapek, eta goiko sarera alde agin dio Zabaletari errestoren batek.
Alabaina, ez du asko iraun gorrien aldeak, sakea berreskuratzeaz bat urdinak agintera pasa baitira: 6-7 lehenengo, eta lidertzan hainbat gorabehera eman eta gero, 9-12 aurreneko atsedenaldira iristea erdietsi dute. Behin markagailua 8na jarri dela, partidako azken berdinketa, Urrutikoetxearen aginte makila Zabaletak hartu du eta hantxe amaitu dira kontuak.
Bigarren zatiko erregea
Sarritan gertatu ohi den moduan, aurreneko zati gogorra eta parekatua izan eta gero, bietakoren batek behera egin behar izan du, eta zeini leporatu behar zaio Zabaletaren aurrean amore ematea?
Izan ere Etxarrengo atzelariak sei tanto egin ditu, bost atzean eta dejadaz beste bat, eta pilota bakarra hutsegin du.
Saiatu da airez eta sotamanoz partida ahal izan duen neurrian nahasten Urrutikoetxea, hainbeste lan bere atzelariari ez zekion pilatu, baina erremedioa ez da gaitza baino hobea izan. Lehenago edo geroago Zabaletak frontisetik hurbil hartu dituen pilotak atzean sartu dituelako, eta horren aurrean ez Arangurenek ez ia beste inork, ezin gauza handirik egin erreboteko zulotik.
Urdinek ohikoa duten legean, Zabaletan agindu du eta aginte makila Etxarrengoak duenean, nekez kendu ohi zaio, eta elezkanok ere hasieran batera eta bestera ibili behar izan badu ere, erasoan ere badela nor erakutsi du.
Hala, atsedenalditik buelta Elezkano II.ak eta atzelari nafarrak aldea handitzeari ekin diote: 9-15 lehenbizi, eta tarteka Urrutikoetxea eta Arangurenek urdinen tanto ilara eten badute ere, egungo txapeldunek beren legea ezarri eta neurketa hautsi egin dute bigarren atsedenaldira bidean: 11-18. Gorrien azken arnalsaldia gero, baina berehala iritsi da behin betiko 12-22ko emaitza.
Garaipen honen ostean Binakako Txapelketa behin behineko lidertzan dira egungo txapelketan. Ikusi egin behar Irribarriak eta rezustak larunbatean Eibarren zer egiten duten Laso eta Imazen aurka. Bestalde, azken hauek bikote gipuzkoarrarekin bat egin lezakete bigarren postuan Astelena frontoian gailentzen badira.
Oinatzen agur zoriontsua
Oinatz Bengoetxeak bere azken partida jokatu du Uarkape frontoian, eta Larunbe atzelari hartuta, Leitzako aurrelariak garaipena erdietsi du jaialdiko aurreneko partidan. Artola eta Aretxabaleta 22-18 gainditu ditu bikote gorriak.
Hainbat gorabehera izan dituen partida izan da Bengoetxea VI.ak eta Larunbek irabazi dutena. Hasieran 5-2 aurreratu badira ere Leitzakoa eta Galdakaoztarra, 8-10 buelta eman diote urdinek. Alabaina aurreneko atsedenaldira 12-11 aurretik iritsi dira gorriak eta 18-13 bigarrenera.
Azken aldian Artolak eta Aretxabaletak markagailua estutu dute, baina Artolari kanpora alde egindako ezker gantxoa batekin garaipenarekin eman dio azken agurra Oinatz Bengoetxeak Uarkaperi.
PARTIDAKO FITXA
Pilotakadak: 308.
Iraupena: 47 minutu eta 45 segundo.
Markagailua: 0-2, 1-2, 6-2, 6-3, 6-7, 8-7, 8-8, 8-10, 9-10, 9-11, 9-12, 9-15, 10-15, 10-17, 11-17, 11-19, 12-19, 12-20, 12-22.
Sakeak: 3 Urrutikoetxeak eta 1 eta falta 1 Elezkanok.
Tantoak: 8 Urrutikoetxeak, 0 Arangurenek, 6 Elezkanok eta 6 Zabaletak.
Hutsak: 3 Urrutikoetxeak, 7 Arangurenek, 3 Elezkanok eta 1 Zabaletak.
Gorabeherak: Arrasateko Uarkape pilotalekuan jendetza eta giro polita egon da. Urrutikoetxeak, Zabaletak eta Bengoetxea VI.ak eraman dituzte txalo zaparrada beroenak.