NAIZ

San Silvestre Donostiarra, urtea lasterka eginez agurtzeko hitzordu aproposa bueltan da

Ume zein helduek korrika eginez agurtuko du 2021. urtea. San Silvestre lasterketa zenbait herrietan egiten da eta asteazken honetan Donostiako aurkeztu da. 36. edizioa beteko du sona handiko lasterketa honek, garaipenak ospatzea baino giro ona sustatzea helburu duenak. 

Donostiako Udalean aurkeztu dute San Silvestre donostiarra. (Maialen ANDRES/FOKU)
Donostiako Udalean aurkeztu dute San Silvestre donostiarra. (Maialen ANDRES/FOKU)

2021. urtea lasterka amaitu ahal izango da Donostian, jada ohitura bilakatu den San Silvestre lasterketa bueltan delako. Pasa den urtean pandemiaren ondorioz, bertan behera geratu zen eta datorren hilaren 31an bere 36. edizioa beteko du ekitaldi berezi honek. 

Asteazken honetan egin dute aurkezpen ofiziala Donostiako Udalean eta antolatzaileek aurreratu dute 3.000 parte-hartzaile baino gehiago izango dituela. Oraindik ere izen-emateko epea zabalik dago eta jendea parte-hartzera animatu nahi izan dute. Jakina da jadanik, duela bi urte baino parte-hartze eskasagoa izango duela. Hala adierazi du Xabi Altunak, lasterketaren antolatzaileetako batek. 

Ohiko ibilbidea izango du San Silvestre donostiarrak. 16.00etan hasiko da Easo plazatik; ondoren, San Martin kaletik eta Mirakontxatik joango da, errepidetik Antigua auzorantz, eta tunela igaro ondoren, Satrutegi kalean sartuko da, Eduardo Chillida kalerantz, Ondarreta hondartzara iristeko. Lehenik, Ondarreta pasealekua zeharkatuko du, eta, ondoren, Kontxako pasealekua. Ohi bezala, argazkirik ikusgarrienak Alde Zaharrean aterako dira, Portaletas igarota. 

Lasterketa, Gros auzora iritsita, Kursaalaren parean emango du bira, Boulevarderako norabidean, eta Easo plazan amaituko da. Bertan freskagarriak eta fruta emango zaizkie korrikalariei.

Ibilbidea ohikoa bai baina pandemiak ekitaldi hau ere baldintzatu du. Esaterako, sari banaketa aurkezpen handirik gabe egingo baita eta ez da jai-ekitaldirik egingo. Garaipenak ospatu baino giro ona sustatzea du xede lasterketa honek baina modu xumeagoan egin beharko du baina ohi bezala, mozorrotuta lasterka egiteak saria izango du: mozorro onenari Gabonetako saskia emango baitzaio. 

Gizonezko eta emakumezko irabazleei txapel bana emango zaie, bi kategorietan sailkatutako lehen hirurek Gabonetako opari bat eta Super Amarako saltokietan erosketak egiteko txartelak jasoko dituzte. Laugarren eta bosgarren sailkatuek ere Super Amarako erosketa txartelak jasoko dituzte. 

Zenbait neurri

Covid-19aren pandemia dela-eta, zenbait neurri hartuko dira lasterketan zehar. Esaterako, ez da ur-hornidurarik eskainiko ibilbidean zehar, ez eta ohiko musika-animaziorik izango ere. Kontxako kabinak ere ezin izango dira erabili dortsalaren zenbakiarekin. 

Honez gain, lasterketa hasi aurretik parte-hartzaileak irteerarako mugatuta dauden guneetan soilik egon ahalko dira eta musukoa nahitaezkoa izango da. Behin irteera emanda, musukoa erabiltzea gomendatzen dute antolatzaileek, «gutxienez gainerakoekin distantzia jakin bat lortu arte».

Amaitu bezain pronto ere, musukoa janzteko deia egin dute antolakuntzatik eta apurtu edo hondatuz gero, antolakuntzaren guneetan izango dituzte uneoro eskuragarri. Behin lasterketa bukatuta, Easo plazako esparrua utzi beharko dute beraien gauza guztiak hartuta. 

Dortsalak Amarako frontoian jasoko dira abenduaren 29an eta 30ean, asteazkenean eta ostegunean, 11.00etatik 19.30era. Lasterketaren egunean ezin izango da izena eman.

Arropa 14:00etatik aurrera jasoko da Easo Plazan, 250 dortsaleka banatutako karpatan. Eguraldi txarra aurreikusten bada, Amara kaleko frontoian egingo da zerbitzua.

San Silvestre txikia

Hilaren 26an, igandean, haurren lasterketa egingo da eta bertan, 13 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute lau kategoriatan banatuta. 6-7 urte bitartekoentzat 220 metroko ibilbidea egongo da; 8-9 urte bitartekoentzat, 375 metrokoa; 10-11 urtekoentzat, 565 metrokoa; eta 12-13 urtekoentzat, 1.130 metrokoa. 

Proba guztiak herri barruko zirkuituan egingo dira, Autonomia kalean, Pedro Egaña kalean eta Easo kalean. Kategoria bakoitzerako irteerak 11.00etatik aurrera abiatuko dira Easo Plazan. 

Haur guztiek musukoa eraman beharko dutela jakinarazi dute antolakuntzakoek. 

Izen-emateak lasterketaren webgunean eman ahal direla adierazi dute (www.sansilvestredonostiarra.com) eta guztira, 400 dotsal banatuko dituzte. 

Partaidetzak 3 euroko kostua du, eta biltzen den diru guztia, osorik, dohaintzan emango da. Gaur egun, bizi dugun egoera dela eta, oraindik ez dago erabakita nori emango zaion.

Dortsalak 10:00etan emango dira Arroka plazan, eta bertan Realeko atletismo saileko entrenatzaileen esku geratuko dira.

Parte hartzen duten guztiek dortsala jasotzen duten unean, kamiseta bat oparituko zaie, eta horrekin parte hartu beharko dute proban.

Kasu honetan, ez da saririk emango lehen sailkatuei, «lasterketaren helburua erabat parte-hartzailea baita, ez lehiakorra», gaineratu dute aurkezpenean.