Binakako erremonte txapelketak baditu dagoeneko finalistak, Euskal Herrian izan den kirol profesionaleko ekitaldi bakarrean, Ansa II.ak-Martirenak eta Urriza-Labakak hurrengo ostegunean jokatuko den finalerako txartela eskuratu baitute, Juanenea-Aizpururi (40-25) eta Goikoetxea-Barrenetxeari (40-36) gailenduta. Bi finalerdiak oso desberdinak izan dira eta lehenengoan galtzaileek nabarmen egin badute behera erditik aurrera, bigarren finalerdia oso orekatua eta borrokatua izan da, markagailuan gora-behera dezenterekin, gainera. Gaurko emaitzen ostean, goi mailako final bat espero daiteke aurtengo txapelketan emaitzarik onenak lortu dituen bikotearen eta egungo txapeldunen artean.
Lehen finalerdian Ansa II.ak eta Martirenak lehen fasean erakutsitako maila ona –eurak izan ziren lehen sailkatuak– berretsi dute Jaunanea-Azipururi bi zati oso desberdin izan dituen partidan 40-25 gailenduta. Lehen partean lehia oso orekatua izan da eta berdinketak bata bestearen atzetik heldu dira. Urdinek argi zeukaten euren estrategia, Ansa pasatu eta jokoa errebote aldera kargatzea zen euren asmoa, baina ezin izan diote urnietarrak ezarritako erritmo biziari eutsi.
Imanol Ansa izan da partidako protagonista nagusia eta 24 tanto egin ditu eta hiru pilota baino ez ditu galdu, baina ezin da ahaztu Ibai Martirenak egindako lan ona ere gainetik pasa. Errebotean gabeziaren bat izan badezake ere, oso seguru aritu da eta sakearekin ere primeran moldatu da, azkenerako 8 tanto ere lortu ditu lehen pilotakadarekin.
Urdinen artean, aldiz, Juaneneak nabarmen egin du behera partida luzatu den eran, eta normala ere izan daiteke, ezin baita ahaztu covidak jota berrogeialdia egin behar izan duela eta azken asteetan entrenamendu bakarra eginda jokatu behar izan duela eta nabaritu zaio. Lehen erdiari ondo eutsi dio eta Ansaren oso antzeko zenbakiak egin ditu, baina azkenerako ezin izan dio joko bolada izugarrian den aurrelariari eutsi. Sake errestoan ez du asmatu eta 18-22 aurretik joan ostean, 12-0eko partzial batekin erabat hautsi da finalerdia Ansa eta Martirenaren alde.
Txapeldunak, behetik gora
Oso bestelakoa izan da bigarren finalerdia eta gora-behera askotxo izandako lehiaren ostean, Urriza-Labakak iaz lorturako txapela defendatu ahal izango dute. Partida gogorra izan da bigarren hau eta materialak ere izan du zerikusirik.
Goikoetxeak eta Barrenetxeak hobeto ekin diote partidari, hernaniarrak sakearekin asmatu eta berehala 6-0 aurreratu dira. Alde polita hasteko, baina Javi Urrizarekin sekula ez da nahikoa. Txapelketa guztietan egin ohi duen bezala, jokoan sartzea kosta bazaio ere, berotzen hasi eta barruan duen guztia ematen hasi da iruindarra. Eta partida errotik aldatu du aurrelariaren erakustaldiak, euren gustuko pilotarekin, erabat nagusitu dira piloteoan, Goikoetxea urduri jarri da eta ez du zulorik topatu eta atzean ere Barrenetxeak ez du espero zen nagusitasunik erakutsi. Gauzak horrela, 8-2tik 15-24ra pasa da partida, urdinen aldeko 7-22ko partzial batekin.
Lehia hor amai zitekeela zirudien arren, Goikoetxea eta Barrenetxea ez zeuden amore emateko prest eta partidan sartu dira berriro, hein handi batean Barrenetxea sakearekin mina egiten hasi delako. Hernaniarra nagusitu da finalerdiaren fase berri horretan eta beste partzial handi batekin berriz ere aurretik jarri dira, 30-28, partidaren azken txanpara ezer erabaki gabe sartuz.
Azken laurden horretan Labakak erakutsi du bera ere sakearekin arriskutsua izan daitekeela eta gauzak parekatu xamar joan dira 34-34ko azken berdinketara arte. Hutsik ez pilatzeak berebiziko garrantzia du une horietan, Goikoetxeak egin behar ez diren horietakoren bat batu du, 32-30 aurretik zirela Barrenetxeak egindako faltak ere ez du askorik lagundu eta Urriza-Labakak eraman dute ondo landutako garaipena.