Naiz

Migratzaileen hirugarren hondoratzea Egeoko itsasoan joan den asteazkenetik

16 pertsona hil ziren ostiralean Egeo itsasoan etorkinen txalupa bat hondoratzean. Asteazkenetik hirugarren naufragioa da. Hildakoak gutxienez 30 dira eta dozenaka urpean desagertutakoak.

Erreskatatutako etorkin bat Siziliako portura iritsi ondoren
Erreskatatutako etorkin bat Siziliako portura iritsi ondoren

Greziako kostazainek 16 gorpu jaso zituzten eta 63 etorkin erreskatatu 80 pertsona zeramatzan txalupa Paroseko irlatik gertu hondoratu ondoren. Ordu batzuk lehenago, ostegunean, beste 11 gorpu jaso zituzten Greziako hegoaldeko beste irla batetik gertu izan zen beste naufragio baten ostean. Hildakoak 7 zirela ziurtatu zen hasieran baina erreskatatu zituzten 90 etorkinek ohartarazi zutenez, gehiago ziren itotakoak.

Etorkin hauek Anticythera irlara iritsi ziren ostiralean beste hondoratze baten berri eman zenean.

Asteazkenean etorkinak zeramatzan txalupa pneumatiko bat urperatu zen Folegandroseko irlatik gertu, hegoaldean ere, eta gutxienez hiru pertsona hil ziren. 13 etorkin erreskatatu zituzten, gehienak irakiarrak, siriarrak eta egiptoarrak, baina dozenaka dira desagertutakoak.

Lekuko batzuek esan dutenez, 32 pertsona zihoazen txalupan baina beste batzuren ustez, 50etik gora ziren. 

Italiarantz Grezia sahiestu nahian

Nazio Batuetako Errefuxiatuentzako Agentziak ziurtatu duenez, gutxienez 2.500 pertsona hil dira itsaso horretan urtarriletik azarora bitartean Europara bidean.

Ekialdeko Mediterraneoa Europara bidean korridore bilakatu da, baina ez bakarrik Greziara, Italiara ere.

Azken hilabeteetan etorkin ugari iritsi ahal izan dira Italiara. Pertsona hauek ez dute Greziako etorkinen zentrotan giltzapetuta amaitzea nahi bertako bizi-baldintzak jasanezinak direlako.