NAIZ

La Palmako sumendiaren erupzioa amaitutzat eman dute 85 egunen ostean

Kanarietako Sumendietako Arriskua Prebenitzeko Planak (Pevolca) La Palmako sumendi-erupzioa amaitu dela ziurtatu du larunbat honetan. Hala ere, larrialdi planak bere horretan jarraituko du.

La Palmako sumendia erupzioa gelditu zenean. (Jorge GUERRERO / AFP)
La Palmako sumendia erupzioa gelditu zenean. (Jorge GUERRERO / AFP)

Julio Perez Kanarietako Gobernuko Herri Administrazio, Justizia eta Segurtasuneko kontseilariak, operatiboaren arduradun eta Pevolcako zuzendariak, larunbat honetan iragarri duenez, La Palmako sumendiaren erupzioa amaitutzat eman du 85 egunen ostean.

Izan ere, zehaztu duenez, batzorde zientifikoak erupzioaren azken eguna abenduaren 13an ezarri du, tremor seinalea gelditu zenean.

Perezek «lasaitasunaz, poztasunaz eta itxaropenaz» hitz egin du, baina ohartarazi du larrialdiak bere horretan dirauela, eta, beraz, baita Pevolcaren aktibazioak ere. «Arriskua dagoen bitartean, Pevolca aktibo egongo da», esan du Perezek.

Hainbat etxe suntsitu zituen La Palmako sumendiak. (Emilio MORENATTI / POOL / AFP)
Hainbat etxe suntsitu zituen La Palmako sumendiak. (Emilio MORENATTI / POOL / AFP)

Astelehenetik aurrera, «segurua, ordenatua, mailaz mailakoa eta pixkanakakoa» izango den birkokatze-plana aztertzen hasiko dira, eta Perezek kalkulatu du lehen birkokatzeak urtarrileko lehen hamabostaldian hasi ahal izango direla. 7.000 pertsona izan ziren ebakuatuak.

Perezek iragarri duenez, hurrengo urratsak sumendiak suntsitutako zerbitzuak «berreraikitzea eta berregitea» izango dira.

Sumendiaren datuak

Isurketa bolkanikoak 1.219 hektarea hartzen ditu eta bi delta sortu dira, bata 43,46 hektareakoa erupzioaren hegoaldean eta bestea 5,05 hektareakoa iparraldean.

La Palmako sumendiaren delta bat, itsasora heltzean. (Handout / IEO-CSIC / AFP)
La Palmako sumendiaren delta bat, itsasora heltzean. (Handout / IEO-CSIC / AFP)

Erupzioak 1.576 eraikin suntsitu ditu katastroaren zenbaketaren arabera, eta 2.988 Copernicus satelite sistema europarraren kalkuluen arabera. Guztira 73,8 kilometro errepide kaltetu dira.

Laborantzako 370 hektarea erre ditu, gehienak platanondoak, baina baita mahastiak eta ahuakateak ere.