NAIZ

Biarritzek Montpellier jasoko du, atzeratu ez den Top14ko partida apurretako batean

Guztira jardunaldiko lau neurketa atzeratuak izan dira jada, azkenekoa Stade Toulousain eta Stade Français taldeek igande gauean elkarren aurka jokatu behar zutena. Aurrez Brive-Clermont, Racing 92-Pau eta Toulon-Bordeaux norgehiagokak ere arrazoi berdinagatik bertan behera utzi behar izan zituzten.

Francis Saili, Clermonten aurkako neurketan baloia mugitzen (Thierry ZOCCOLAN / AFP)
Francis Saili, Clermonten aurkako neurketan baloia mugitzen (Thierry ZOCCOLAN / AFP)

Birritzek Montpellier jasoko du astelehen honetan, 19.00etan, Aguileran jokatuko den Top14ko 13. jardunaldian. Ingalaterran futbolarekin egiten den moduan, Boxing Day izenpean jokatzen den jardunaldia da, baina covid-19ak erabat baldintzatu duena.

Guztira jardunaldiko lau neurketa atzeratuak izan dira jada, azkenekoa Stade Toulousain eta Stade Français taldeek igande gauean elkarren aurka jokatu behar zutena. Aurrez Brive-Clermont, Racing 92-Pau eta Toulon-Bordeaux norgehiagokak ere arrazoi berdinagatik bertan behera utzi behar izan zituzten. Oraingoz aldaketarik gabe jokatuko diren partidak Biarritzena, Perpignan-Castres eta La Rochelle-Lyon dira.

Ligak oraindik ez ditu atzeratutako neurketen data berriak zehaztu, eta badirudi egutegia moldatzeko arazoak izango dituztela gauzak ez badira asko aldatzen.

Kontuan izan behar da aurreko asteburuan Europako lehiaketei zegozkien hainbat dema atzeratuak izan zirela pandemiaren erruz, tartean Challenge txapelketan Biarritzek Worcester taldearen aurka jokatu behar zuena. Frantziako Ligako taldeen eta talde britainiarren arteko beste sei neurketa ere bertan behera geratu ziren, horietatik bost Champions Cup lehiaketa nagusikoak.

Gertaera horietan ahalik eta gutxien pentsatzea komeni zaio Biarritzi, astelehen honetako partidan buru-belarri sartu eta sailkapenaren azken postutik ihes egiteko saiakeran. Lapurtarrak azkenak dira 18 punturekin, Perpignan taldearekin berdinduta. Hamabigarren postua hiru puntura dago.

Hori bai, ez ditu lan errazak izango Biarritzek hirugarren postuan kokatuta dagoen Montpellier talde indartsuaren aurka. Ligako eraso onena dator Aguilerara, nahiz eta jaso ere puntu asko jasotzen dituen taldea den.