Naiz Irratia

Jaiotza Basatia| Lehen Zatia

‘Jaiotza Basatia’ saio bikotzaren lehen itzulia egin dute Miren Gaztañagak, Amancay Gaztañagak, Erika Olaizolak eta Iraia Eliasek igande honetan Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean. Gabonen iruditegiaz aritu dira Artearen Historian doktoratua den Aintzane Erkiziarekin.

Audio_placeholder

Jaiotza Basatia| Lehen Zatia

Loading player...
Jaiotza Basatia- Azpeitiko saioa.
Jaiotza Basatia- Azpeitiko saioa.

Kontraesanez betetako egunak dira Gabonak: familia erritualak eta sukaldeko gehiegikeriak, kontsumismo eroa eta gabon-argien apologia sutsua. Nostalgia izan zenagatik, eta falta direnengatik.... «Eta zuri zein ‘txitxare’ mugitzen dizute Gabonek?» galdera potoloa luzatu du Kamikaz kolektiboak NAIZ irratiko ‘Jaiotza Basatia’ lehen saioan. Urtea ongi bukatzeko intentzioarekin, Naiz Irratiak bi saio berezi prestatu ditu, igande honetan izan da lehena,  Azpeitiko Dinamoa Sormen Gunean, publiko eta guzti. 

Kamikaz kolektiboa osatzen duten Erika Olaizola, Miren Gaztañaga, Amancay Gaztañaga eta Iraia Eliasek gidatu dute ‘Jaiotza Basatia’ saioa eta Aintzane Erkizia, Artearen Historian doktoratua eta arte erlijiosoan aditua,  gonbidatu dute saiora Gabon festen iruditegia errepasatzeko.

«Badirudi zaila dela Gabonetako tradizioa haustea, baina tradizio hori noizbait eraiki da» azaldu du Erkiziak eta gehitu «Garrantzitsua da atzera begiratzea ikusteko zer ematen dugun normaltzat gaur egun». Jaiotzaren iruditegia adibidez: Jesus haurtxoa lastoko ohearen gainean, Maria ama birjina ondoan eserita, San Jose zutik beste aldean, eta idia eta astoa aterpea berotzen. Baina, «hori ez da beti horrela izan. Hori eraikia da» esan du Erkiziak. «Ebanjelioan behin aipatzen da jaiotza, eta soilik esaten da jaio egin zela. Ez dakigu ez eguna zen, ez gaua, ez idirik ez astorik ba ote zegoen...».

Testu erlijioso oso gutxi zeuden garaian, eta ahozko tradizioa handia zen erdi aroan. Gertatzen dena da «teologikoki depurazio» bat eman zela. Eta nor depuratu zuten? Emakumea, noski. Ahozko tradizio horietan kontatzen zirenak ez zituen Elizak begi onez ikusten, ez ziren kanonikoak, eta pixkanaka desagertzen joan dira ahoz aho transmititu zirenak emakumea iruditegitik ia desagertu arte. Adibide bezala kontatu du Erkiziak Maria lagundu omen zuten bi emaginena.

Meltxor, Gaspar eta Baltasar ere ez dira atzean geratzen: «Botere irudi bat da erregearen irudia. Munduko botere guztia ume baten aurrean belaunikatzeak irudikatzen du ume hori, benetan, Jainkoa dela» kontatu du Erkiziak. Baina, berriz ere, ebanjelioak ez du horren inguruan ezer esaten. «Ebanjelioan aldi bakar batean agertzen da  eta dio Ekialdetik jakintsu batzuk etorri zirela, mago hitza erabiltzen dute. Ez da esaten bat beltza zenik. Irudiak daude 2 erregerekin, lau, eta baita 12 ere. Baina azkenean erabaki zuten hiru izatea» azaldu du Erkiziak. Eta zergatik hiru? Ba izan daiteke gizakiaren hiru aroengatik edo hiru kontinenteak irudikatzeko (garaian hiru kontinente ezagutzen ziren soilik).

Bukatzeko, Jaiotza Basatia lehen saio honi ginda gozoa jarri dio pastelari Gartxot Unsuainek. Beste behin ere erakutsi du bere bertsiogintzarako abilezia. ‘Jaiotza Basatia’ saioak jarraipena izango du, bihar, astelehena abenduak 27, Donostiako Doka Antzokian arratsaldeko 18.00etan. Sarrerak agortuak daude baina FM bidez eta streaming bidez jarraitu ahal izango da saioa.