Ez zuen, inondik inora, lan errazik Top-14an bost garaipen erreskadan zeramatzan Montpellierren aurka, baina lehen zatian ondo eutsi badio ere, Biarritzek burua altxa ezinik jarraitzen du eta sailkapeneko azken postuetan jarraituko du gaur, astelehena, Agileran 12-27 galduta. Bigarren zatiaren erdia jokalari bat gutxiagoz aritu behar izan dute kanpotarrek Bastien Chalureau-k txartel gorria ikusita, baina 14 jokalarirekin ari zirela apurtu dute partida bisitariek.
Montpellier hasiera xamarrean aurreratu bada ere, Pollardek hamabosgarren minutuan ireki du markagailua lehen entseguarekin, Herronen zigor kolpeei esker partidari eutsi ahal izan diote zuri-gorriek eta lehen zatiaren amaieran puntu bakarrekoa izan da bisitarien aldeko abantaila.
Zulorik topatu ezin
Talde fisiko eta indartsua da Montpellier eta lapurtarrek, gogoz saiatu diren arren, ez dute euren defentsa sendoan zulorik topatzen asmatu, nahiz eta entsegua gertu izan duten jokaldiren batean.
Partida gori-gorian zegoela, etxekoen kemenak saria izan zezakeela pentsarazi die lapurtarren zaleei, bereziki 61. minutuan Bastien Chalureau-k bigarren txartel horia ikusi eta bere taldea jokalari bat gutxiagoz utzi duenean.
Montpellier izan da ordea, bi kontraeraso bizkorrei esker, gauzak okerren jarri zaizkionean partida erabaki duena. Talde luzeagoa dute aurten goiko postuetan egotearen erronka duen taldeak eta lehen postuetan jarraitzeko garaipen ona lortu dute, lapurtarrak sailkapeneko zulotik irten ezinda lagata.