Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

«Heriotzaren kultura»

«Heriotzaren kultura», hitz sinple bezain basatiak, Joan Paulo II.ak eutanasia eta abortuaren kontra erabiliak. AEBetan ikusgarri egin eta gurean bere arrastoa handitu da. Masa heriotzak nonahi, eta publikoaren indiferentzia, entretenimendua ez denean.

Charles Allan Gilbert ilustratzailearen «All is Vanity». (GAUR8)
Charles Allan Gilbert ilustratzailearen «All is Vanity». (GAUR8)

Orihuelara bota duten Munilla Gipuzkoako gotzain ohiari ere bai, baina, nik uste, Joan Paulo II.a aita santuari entzun niola aurrenekoz. Gero, David Masciota idazlearen pieza ederrak irakurri ahal izan ditugu honen inguruan, baina, bai, Woytila poloniarrarekin lotzen ditut «heriotzaren kultura» hitzak. Sinple bezain basati diren hitzak, ideia benetan beldurgarria.

«Heriotzaren kultura» bat sortu eta mantentzeagatik, gure gizarteak kondenatzeko erabiltzen zituen, bereziki eutanasiaz eta abortuaz aritzen zenean. Eta aita santu ultrak ohartarazten zuenez, aho batez kriminaltzat jo izandako aukerak, zentzu moral komun bat baztertzen zutenak, onargarri bihurtzen ari ziren, sozialki balekoak, poliki-poliki eta arian ari.

Eta gu, abortuaren aldeko ezkertiarrak ginenez gero, osasun askatasunaren eta gorputzaren gaineko erabakimenaren oso aldeko, errotik kontra geundela ere gogoratzen dut, Joan Paulo II.a aita santuaren oso kontra, eta «heriotzaren kulturarekin», berdin. Ez bakarrik emakumeen kontra ziharduelako, gaixo terminalak duintasunean hiltzeko eskubidea ukatzen zuelako ere bai.

Egun, diagnostikoa argia da: «heriotzaren kultura» dei genezakeen gaitz batek dena harrapatu du, bereziki AEBetan, baina denean ikusten da joera.

Bizitza humano baten balioa alderdien arteko ika-mikarako gaia egin da, zalapartarako akuilu; eta masa heriotzek, tiroketen ondorio izan edo gaixotasun hilgarri baten kutsatzeen ondorio, publikoaren indiferentzia jasotzen dute. Orokorrean, bai.

Covidak 800.000 lagun baino gehiago hil ditu AEBetan eta eskala horretako bizitzen galera bat gutxitzeko esfortzu txikiena ere oztopatu zuten Trumpen –edo Ayusoren– aldekoek, «askatasunaren» ideia infantilista baten izenean. Bizitzak sakrifikatu zitezkeen balore merkatuaren osasunaren edo «american way of life» horren izenean. Eta, kasu! Horren arduradun politikoa, Donald Trump, Joe Biden presidentearen aurretik dago 2024. urteko errebantxari begira.

Ez zuhur eta ez sano

Hainbat ikerketak 200.000 heriotzatik gora ekidin zitezkeela aipatu dute, eta proben eta musukoen kontrako desinformazioaren politika zabar eta soziopata errudun egin. Covidaren aurkako gobernuaren erantzun taldeko zientzialariek argi esan dute: Trump presidenteak gehiago pentsatzen zuen bere berrautaketan osasun publikoan baino, bizitzak salbatzeko aholkuen aurrean beti mespretxuz erantzuten zuen, zuzenean erasora pasatzen ez zenean.

Gizarte zuhur eta sano batean, horrelako lekukotzek herrialdea gerarazi edo hankaz gora jarriko lukete. Gutxienez, arduradunaren eta bere laguntzaileen karrera eta aukera politikoek zaplazteko latza hartuko lukete, instituzioek deserriratu egingo lituzkete, lotsaren eta exilioaren bidea erakutsiz, plaza publikotik urrunduz.

Baina jakina da estatubatuarrak ez direla gizarte zuhur eta sanoan bizi. «Heriotzaren kultura» batean bizi dira. Eta horren seinaleak nonahi daude. Covida bera, ironikoki, gaixotasun handiago baten sintoma baino ez da.

Kyle Rittenhouse, Trumpen adoratzaile zen justiziero zuri nerabea, Illinoisetik Wisconsinera joan zen gerrarako errifle eta munizioak hartuta, eta Black Lives Matter-eko hiru ekintzaile hil zituen, «defentsa propioan». Eta gizon librea da, milaka pobre beltz delitu txikiagoengatik kartzeletan usteltzen diren bitartean. Hori bakarrik ez, gainera, eskuinarentzat zelebritate bat da, telebista platoetako gonbidatua.

Duela hiru aste nerabe batek 11 ikaskide tiroz hil zituen Michiganen. Ez zen komunikabideetan berri entzutetsua izan. Bitartean, armak erreberentzia gaixoti batekin tratatuz, milioika estatubatuarrek, kongresukideak barne, gabonak ospatzeko postaletan armekin posatzen ikusi ditugu, armen glorifikazio betean.

Joan Paulo II.aren ohartarazpen haren errima berdina erabiliz, kriminaltzat jotzen ziren eta zentzu moral komunak baztertzen zituen aukerak sozialki onargarri bihurtu dira. 72 milioi estatubatuar daude armatuta, baina poliziak armen erregistroa betetzea debekatua duenez, ziur askoz gehiago direla. AEBetan munduko populazioaren %4 bizi da, baina munduko herritarren eskuetan dauden arma guztien %40 dauzkate.

Frankotiratzaile batek kontzertu batera joan direnak edo maniako batek bere ikaskideak tiroz hiltzen dituen aldiro, arma gehiago eta arriskutsuagoak erosiz, munizio are gehiago pilatuz, erantzuten dute estatubatuarrek. Pandemian zehar armen salmentek goia jo dute, disparatuta dabiltza erabat.

Pozoia nonahi

Normala ere bada. Heriotzarako tresna batek ez du alarmarik sortzen «heriotzaren kultura» batean. Eroetxe armatua bihurtu den herrialdean gorroto delituak –bereziki beltz, latino, transexual eta homosexualen aurkakoak; o! kasualitatea, Trumpek seinalatu zituen horiexek–, biderkatzen ari dira. Heriotza mehatxuen izurria dabil. Politikoki zuzendua den biolentzia da. Eta «inportanteagoa» da gabonetako oparien prezioen gorakada, edo Britney Spearsen tutoretzaren inguruko saltsa, edo Kim Kardashian eta Kayne Westen dibortzioa.

Pandemiak edo masazko tiroketek eragindako bizitzen hondamendiek ja ez dute astinaldi eta haserrerik sortzen «heriotzaren kultura» batean. Ba pentsa zer gertatuko den gorroto delitu delakoekin: aharrausi kolektiboa eragiten dute, nekea ez bada, ospakizuna ez denean. Pentsa adibidean, Arizonako kongresukide trumpzale batek bideo bat tuiteatzen du, karikaturekin, bere kongresukide bat hiltzen duela erakutsiz. Eta hiltzen duen bere aurkaria –o! kasualitatea–, emakumea, latinoa eta oso ezkerrekoa da, Alexandria Ocasio-Cortez du grazia. Ez, ez espero kongresukide baten hilketaren bideoak zabaltzen dituenaren kontrako alderdi errepublikanoaren zigorrik. Ez espero halakorik.

Eta hala dago hango sistema politikoa, eta hemengo asko ere bai; Satanas Danteren Infernuan bezala, zirkulu izoztuan harrapatua, «heriotzaren kultura» kapitalista hotz-hotz horretatik ezin ihes eginda. Masokistak diren demokratak gogor borrokatzen dira –eta baita porrot egin ere– diruz lagundutako haurren zaintzaren alde, haurtzaindegi unibertsalen edo familiari dedikatzeko opor ordainduen alde. Baina arratoiak ateratzen zaizkie, han eta hemen, «inflazioa!» eta «gastu defizita!» bezalako beldurrak xaxatuz. Hori bai, Pentagonorako, gerrarako aurrekontuak, beti goraka eta beti bien, errepublikano eta demokraten botoekin.

«Heriotzaren kultura» hain handia eta menderatzailea egin da, ze bonbetan, munizio, gerraontzi eta hegazkinetan xahutu den Altxor Publikoaren galerak ez du protesta bakar bat ere probokatzen. Pandemiarekiko indiferentzia, armen aldeko kultura eroa, gorroto delituen hazkunde geldiezina, «lagundu! lagundu!» erregutzen duen demokrazia jada ahulduaren aurrean altxatu den faxismoa... eta horren guztiaren aurretik, beti gerra lehenetsia.

Eta badago hori guztia baino «heriotzaren kulturaren» beste adierazpen handiago eta esanguratsuagoa, kontrajartzen zaiona: hondamendi ekologikoa. Oso azkar berotzen eta lazki kutsatua den planeta bateko mehatxu zibilizatorioarena. Horrek erakusten du «heriotzaren kulturak» bere pozoia nonahi zabaltzen duela, mundu osoan.

AEBak dira mundu mailako delitugile handienak. Erregai fosilen enpresa erraldoienen egoitza da, indartzen ari den automobilgintzaren industria ikaragarria du eta berotegi efektuko gasak tasa hiltzaileetan jaurtitzen segitzen du. Pentsa adibidean, bere ejerzitoak bakarrik herrialde gehienek baino hidrokarburo gehiago kontsumitzen ditu. Eta beste herrialde handi eta garatuek kopiatu egiten dute jarrera, ekonomia aldatzeari uko egiten diote, mundu osoaren geroa hari batetik zintzilik egon arren. Eta zerrendak ez du akaberarik: azken 50 urteetan animalien populazioen %60 galdu dira eta munduan dauden basoko zuhaitz espezieen erdiak desagertzeko zorian daude.

Zinismo gordina

Erromatar Inperioaren kolapsoan bezala, AEBek ere badaukate ogia eta zirkua. Pentsa duela hilabete Texasko Astroworld Music Festivalen ikusi zen adibidean. Kontzertu erdian, ihesaldian itota hil ziren hamar gazte haien kasuan. Jendea hiltzeraino itotzen, rap abeslariak kantatzen segitzen duen bitartean; audientziari sumintzeko eta elkarri erasotzeko animatzen; eta, okerrena, zaurituak biltzera hurbildu ziren anbulantziei bidea oztopatuz jendea. Nobelagile batek ez luke aurten eta azken urteetan AEBak izan direna eta direna azaltzeko metafora egokiagorik aurkituko.

Espektakulu honen gauzarik kezkagarriena ez da erakusten duten gustu txarra, AEBek beti izan dute erakarpen fatal bat hori egiteko. Ez, kezkagarriena hori ez da. Heriotzaren kulturak bere forma zitalenetan boterean dauden politikariekin bat egiten duenean, hori da kezkagarriena, bizidunei min handia ematen hasten zaielako. Heriotzaren kultura horri politikari horiek «bizitzaren kultura» deituko diote. Bizitzaren defendatzaileak direla esango dizute, ezagutzen diren iruzurren artean handienetako bat. Zinismo gordina. Eta gero eta sarriagotan, eta gero eta herrialde gehiagotan, bizitzak salbatzen dituzten fenomenoak, hala nola heziketa sexuala, kondoien erabilera kontzientea edo zelula amen ikerketa, denak kateatuko dituzte motzean, debekatzen ez badituzte.

Agenda horrek entretenimenduaren kulturarekin bat egitean, mendekua dakar, mendekuaz biderkatzen dira, reality-show eginda. Hasi bezala Joan Paulo II.a aita santuarekin amaituko dugu. 1996ko mezu sonatuan «heriotzaren kulturaren forma hartu duen bekatuaren benetako egitura baten aurrean» ginela ohartarazten zuen, «elkartasuna ukatzen» zuena, efizientziak baino gehiago gehiegikeriak kezkatzen zuen gizarte bat» bultzatzen zuelako. Amen, zu hor eta ni hemen.