NAIZ

Hirugarren adinekoentzako arreta-sektoreak greba deitu du Nafarroan urtarrilaren 13an

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek urtarrilaren 13ko grebara deitu dituzte Nafarroako hirugarren adinekoen arreta sektoreko 4.000 langile inguru, Gobernuak eta patronalek «lan-baldintza duinak bermatzeko».

Nafarroako hirugarren adinekoentzako arreta-sektoreak greba deitu du.
Nafarroako hirugarren adinekoentzako arreta-sektoreak greba deitu du. (LAB)

ELA, UGT, LAB eta CCOO sindikatuek greba-egun baterako deia egin dute urtarrilaren 13rako, Nafarroako hirugarren adinekoentzako laguntzaren sektorerako lehenengo hitzarmenean lan-baldintza duinak eskatzeko.

Sindikatu horien jakinarazpen bateratu baten arabera, 4.000 pertsonak baino gehiagok lan egiten dute Nafarroako egoitzetan, eguneko zentroetan eta etxez etxeko laguntza-zerbitzuetan, eta horiek guztiak greba-egun honetara deitu dituzte.

Gaineratu dute orain dela 7 hilabete negoziazioa hasi zenetik patronalari eta Nafarroako Gobernuari aldarrikapenak egin dizkietela «lan-baldintza duinak bermatzeko». Behin eta berriz errepikatu diete aldarrikapen hori, «bilera guztietan», «premiazkoa baita eta hala izaten jarraitzen baitu» beraien lanak.

Sindikatuek salatu dute pandemian langileen osasuna «birusaren menpe» jarri dutela enpresek eta Gobernuak, eta hainbat eskubide «lapurtu» dietela, kasurako, oporrak, atsedenak edo baimenak.

«Bizi dugun egoera larria izan arren», salatu dute patronalek (ANEA eta LARES) ez dutela mahaiaren gainean jarri «funtsezko hobekuntza bakar bat ere». Kontrara, «langileekiko eta ematen dugun zerbitzuarekiko errespetu faltatik abiatuta, gure baldintzak okertu nahi ditu» Nafarroako Gobernuko ordezkarien «begirada konplizearen» aurrean, «ez baita gauza patronal horiei zerbitzu duina exijitzeko».

Horregatik, ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk hirugarren adinekoentzako arreta-eredu «publiko, duin, unibertsal eta doakoa» lortzeko bidean aurrera egitea aldarrikatzen dute. Horretarako, «ezinbestekoa» deritze Nafarroako lehen hitzarmena.

«Patronalak eta Nafarroako Gobernuak ez digute lan-baldintza duinak lortzeko beste aukerarik uzten» diote, eta grebara deitu dituzte sektoreko langileak urtarrilaren 13an.