Desitxuratutako memoria: 40 urte Triple A-k Paulo Garaialde hil zuenetik
Gaur betetzen dira 40 urte Triple A talde ultraeskuindarrak Paulo Garaialde Alegiako taxilaria hil zutenetik. Hamarkada luze hauetan senideek ez dute memoriarako eskubiderik izan eta kontakizuna bera desitxuratuta agertu da. Argia ematera dator ‘Garaialde txostena’.
Memoria, justizia eta erreparazioa dira edozein biktimak aldarrikatzen dituen oinarriak. Garaialde familia ez da salbuespena. Justizia aspaldi ukatu zieten eta erreparazioa, modu ekonomikoan bada ere, onartu zieten. Memoria, aldiz, ezabatu baino, kutsatu egin nahi izan da haien kasuan. Errelatoaren gudaren adibide nabarmena.
1982 urteko bigarren gaua zen. Alegiako taxien geralekuan telefonoak jo eta Paulo Garaialde Jauregizabal taxilariak hartu zuen. Anaia Pedrorekin eta koinata Joakinarekin zeukan elkarrizketa eten eta zerbitzua onartu zuen. Taxia martxan jarri eta orduan galdu zen bere arrastoa.
Goizean gizonezko baten gorpua aurkitu zuten Plazaolako trenbide zaharraren ertzean, Berastegin. Nafarroako mugatik gertu. Basozain batek aurkitu zuen eta ehizarako bi eskopeta-tiro zituen aurpegian, distantzia laburrera eta kartutxoak alboan. Guardia Zibilaren txostenaren arabera, inoiz deklarazioa hartu ez zieten bi gizonek topatu zuten gorpua. Lehen unetik beraz, hasten dira norabide ezberdineko kontaketak.
Gaur 40 urte betetzen dira taxilari gipuzkoarra hil zutenetik eta lau hamarkada luze hauetan ahalegin ugari egin dituzte senideek aitortza bila. Azkena, ‘Garaialde txostena’, Elixabete Garmendiak koordinatuta, 104. orrialdetan kasuaren xehetasunak plazaratzeko ahalegin berri bat.
Desagertu zen egunean 60 urte bete zituen Garaialdek. 10 urte lehenago ere eraso bat pairatu zuen. Taxia bonba batez lehertu zioten. ETAk hartu zuen bere gain leherketa hura eta taxilaria «salataria» zela zabaldu zen. Gerora, urteak pasata, familiari modu pribatuan jakinarazi zioten eraso hura «hanka-sartzea» izan zela.
1982ko erasoa, baina, Triple A talde ultraeskuindarrak hartu zuen bere gain eta bere «akatsa» aitortu zuen biktima identifikatzerakoan, bere helburua Alegiako beste taxilari baten heriotza baitzen. Hala ere, hamarkada bat lehenagoko erasoa aitzakia hartuta, askok ETAri leporatu diote urte luzez hilketa. «Kartutxoak gorputzaren ondoan egotea… Hori esaten ari zitzaigun gauza pilo bat! Hil zuela norbaitek, ikaragarrizko inpunitatea zeukanak. Eta gainera, ondo zekiela inpunitate hori zeukala. Guk garbi geneukan ETAk ez zuela hil», dio Iñaki Garaialdek, Pauloren semeetako batek arestian aipatutako txostenean.
Hala ere, esames ugari izan ziren atentatu haren inguruan. 1982an, 1972ko atentatuak ezarritako estigma berpiztu egin zen herrian eta inguruetan; hau da, ETAk salataria zelako lehertu ziola autoa Paulo Garaialderi orduan. 10 urte geroago, Garaialderen hilketaren inguruan muntatutako erreibindikazio nahasmenak lagunduta (ETAk 1982ko ekainean ukatu egin zuen erasoaren egilea zenik), taxilaria ETAk hil zuelako ustea gailendu zen memoria kolektiboan. Eta hau nahita bilatutako zerbait izan zela iritzio dio familak.
Hilabeteko ikerketa poliziala eta 40 urteko etxeko lana
Ikerketa polizial eta judizialak ere ez zuen hau aldatzen lagundu. Tolosako epaitegiak hartu zuen kasua bere gain eta 1982ko otsailaren 2an, hau da, hilabete eskasera, kasua artxibatzeko agindua eman zuen Luis Blanquez Perez epaileak.
Lau hamarkada hauetan espainiar Estatuak ez duela kasua behar bezala ikertu salatzen dute senideek. Baita «herritarren sektore zabal» baten aldetik estigma faltsu bat pairatu behar izan dutela. Orain, «aitorpenaren bila emandako pausoak sendotu eta memoria kolektiboan haren figura izan ziren bezala azaldu eta gordetzea» dute jomuga. Eta bide horretan osatu dute ‘Garaialde txostena’, kasuari argia emanez aipatutako 104 orrialdeetan. Pentsa, Guardia Zibilaren txostena 15 orrialderekin itxi zuten.
Ikerketa bera ez zen oso zorrotza izan. Senideek harategian jakin zuten Paulo Garaialderen taxia agertu zela. Urtarrilaren 4an izan zen hori, bi egun beranduago. Tolosako Guardia Zibilaren koartelera deitu eta baietz, Urkizuko bidean zegoela autoa. Joateko eta hartzeko. Ez dirudi ohiko prozedura.
Diligentzietan bildu zutenez, hori dela-eta ezin izan zen gerora kotxean hartutako aztarnetatik ondoriorik atera. «Nire konklusioa da aitaren hilketa ez ikertzea erabakita zeukatela. Eta kotxean azaldu zitezkeen hatz markak eta aztarnak, inondik inora ez zituztela ikertu nahi. Orduan, familiari agintzen diote kotxea Urkizutik erretiratzeko, horrela hatz marka gehiagorekin kutsatu zedin ibilgailua. Kotxea osaba Marianok eta nik bakarrik ukitu genuen. Gauza da, hori nahikoa ez, eta guardia zibilek ikaragarrizko gezur bat asmatu zutela». Polizia txostenaren arabera, Marianok, Pauloren anaiak, kotxea hartu eta taxi zerbitzu bat egin zuen. Garaialde familiak hau ukatu egiten du.
Biktimen tratamendua aztertzerakoan, Garaialderena ez da kasu bereizgarri bat, baina bai esanguratsua. Izan ere, Triple A, Batallón Vasco Español eta Grupos Armados Españoles taldeek burututako 74 ekintzetan, 66 hildako izan ziren. Haietatik 33 kasutan bakarrik ireki ziren diligentzia judizialak eta epai irmora 17 kasu besterik ez ziren iritsi.
Memoria ariketa
Hamarkada luze hauetan hainbat ekimen bultzatu ditu familiak. Aitorpena bilatzeko idatziak, prentsa artikuluak… Baina bide laburra zuten guztiek. 2012an Alegiako plazan plaka bat ere jarri zuten bere omenez, «urte luzetan itzalean izan dugun Pauloren oroitzapena azpimarratu» nahian, eta Lakua eta Egiari Zor fundazioaren eta Euskal Memoriaren txostenetan ere sartu zen Garaialde, biktima gisa.
Memoria ariketa hau 2018ko Eguberrietan berpiztu zen. Iñaki Garaialdek tabuaren hesia bota eta idatzi bat egin zuen whatsapp lagun talde batean. Erantzunetan jaso zuen errelatoa eta memoria lantzeko beharra, eta ausartu ere bai. Txostena da emaitza, 40 urte eta gero memoria osatu nahian.