Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Ezorduko ilusioa Lehen Mailako partida batekin

Eibarrek Mallorca hartuko du asteazken honetan Ipuruan (16.00) Kopako final-zortzirenetarako txartela eskuratzeko helburuarekin. Aurrera egiteko gogoek taldearen egoerarekin egin dute talka.

Deialdia osatzeko arazoak izango dituzte armaginek berriro ere, covidaren eraginez.
Deialdia osatzeko arazoak izango dituzte armaginek berriro ere, covidaren eraginez. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Lehen Mailako aurkaria izango du Eibarrek asteazken honetan Ipuruan (16.00) zortzi hilbateren ostean. Horrelako norgehiagokak asteroko kontua berbilakatzea da gorri-urdinen aurtengo helburu nagusia, baina bide horren bigarren zatia hasi besterik egin ez dutenean, Kopak urtero dakarren ilusioa ere piztu zaie. Gernika eta Tenerife kanporatu ondoren, Mallorcaren bisita hartuko dute bihar, final-zortzirenetarako txartela eskuratzeko helburuarekin.

Ilusioarekin batera, buruhausteak ere badakartza ezorduko hitzorduak, covida aldagela armaginan sartu baita, kutsatutako eta aurretik lesionatutako jokalarien artean zerrenda luzea osatuz, lehia gogortzen den une honetan. Izan ere, klubak bi kasu positibo gehiago iragarri berri ditu taldean, atzo egindako PCR proben ostean. Ikustear dago, gainera, aurreko astean kutsatu zirenek gaixotasuna gainditu baduten eta, horrela izanda ere, fisikoki jokatzeko moduan badaude.

Hurrengo asteak oso gorabeheratsu eta gogorrak izango direla onartuta, Gaizka Garitanok ez du denborarik negarretan galdu nahi. «Jokalari batzu ez dira egongo, beste batzu gaixotasuna pasa dute eta ez daude ondo, beste batzu 50 minutu jokatzeko daude, beste batzu 20… Hurrengo hilabete luze honetan, 4, 5 edo 6 partida izango ditugu eta horrela onartu behar dugu. Azkarrenak eta hoberen moldatzen denak abantaila izango du. Txapelketa honetan ez du bakarrik irabaziko hoberen jokatzen duena, egoera desberdinetara hoberen moldatzen dena baizik. Orain egoera oso zailean gaude, hainbeste talde batzuen bezela. Eta mentalki indartsuena denak, zailtasunen aurrean erresilientzia handiena erakusten duenak, horrek irabaziko du», esan du.

Kopa gustokoa duela onartu du Garitanok. «Oroitzapen onak dauzkat –Athletic finalerako sailkatu zuen eta Eibarrekin berarekin Athletic kanporatu zuen armaginak 2.B mailan zeudenean– eta disfrutatzen dudan txapelketa da. Ligan baino gehiago daukazu irabazteko eta gutxiago galtzeko, tentsio gutxiago daude… Kanporaketak gainditzen joateko ilusioa daukazu eta talde osoa daukazu entxufatuta», esan du. Baina egoerak guzti hori baldintzatzen du. «Datorren astelehenean Ligako partida izateak baldintzatzen gaitu, gure helburu nagusia Liga da –gogorarazi du–. Biharko partida gogoz lehiatuko dugu baina orain dela egun batzu jokatu dugu, futbolari batzu arazoekin daizkat eta begitxo batekin Oviedoko partida begiratu begar diogu. Ez zelaian, ehuneko ehuna emango baitugu, baina bai hamaikakoa egitean, aldaketak egitean… Kopa oso garrantzitsua da guretzat baina Liga da klubari bizitza ematen diona».

Ligan iaz aurkaria izan zuten Mallorca izango dute eibartarrek aurrean. Balearretako taldearen lehentasun argia Liga da ere eta ez da salbuezpena covidaren egoeraren hedapenean –lau positibo iragarri zituen etenaldiaren ondoren– baina Eibarren ilusio bera dauka Kopan aurrera egiteko eta Lehen mailako taldea da. Garitanok berea baino «talde hobea» dela onartu du eta, gainera, Bigarren mailatik etortzeak bere alde jokatu dezakela uste du, «ez delako despistatuko, oso lehiakorra da». Baina baikor agertu da, «gauzak ondo egiten baditugu, irabazi dezakegu», esanez.

Eta gauzak bere era propioan egiteko asmoa dauka, gainera. «Gure jokatzeko era daukagu eta gora joango gara aurkaria estutzera, iniziatiba gurea izaten saiatuko gara, erdiratzen, gora heltzen, arriskua sortzen estrategiako jokaldietan eta joko erritmo altoa ezartzen; gure ezaugarriak, alegia», esan du, aurkariaren arriskua ahaztu barik. «Geldiarazi beharko ditugu, buruz-burukoan jokalari onak direlako; laguntzak beharko ditugu eta defentsan gauzak ondo egin beharko ditugu».