Asier Robles

Helegitea irabazita, mobilizazio ziklo berriaren mesedetan jarriko du LABek Borroka Kutxa

Auzitegiek erabaki dute LAB sindikatuak ez duela atxikipenik ezarri beharko bere Borroka Kutxaren ordainketengatik, foru aldundiek eskatu bezala. Helegitea irabazita, mobilizazio ziklo berriaren mesedetan jarriko du sindikatuak bere Erresistentzia Kutxa.

Igor Arroyo eta Ainhize Muniozguren, LABen Borroka Kutxari buruzko azalpenak ematen.
Igor Arroyo eta Ainhize Muniozguren, LABen Borroka Kutxari buruzko azalpenak ematen. (Monika DEL VALLE | FOKU)

2018an Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiek erresistentzia edo borroka kutxaren inguruko errekerimendua bidali zien sindikatu desberdinei. Lan-gatazketan erresistentzia-tresna horren bidez egindako ordainketei atxikipen fiskalak aplikatzea eskatzen zieten, %2a hain zuzen. LABek helegitea jarri zuen, eta sindikatuak gaurko prentsaurrekoan azaldu dutenez, aldundiak oker zeudela ebatzi dute epaitegiek, eta Borroka Kutxako ordainketak tarteko LAB Sindikatuak ez du erretentziorik gauzatu beharko.

Ainhize Muniozguren LABeko Idazkari Juridikoak azaldu duen bezala, aldundien eskaera ikuspegi teknikotik «harrigarria» izan zen. «Araudian ez zen eman inongo aldaketarik mota honetako diru-sarreren zergapetzeari dagokionez. Hau dela eta, errekerimenduaren atzean erabaki politiko bat zegoenaren susmoa hartu genuen hasieratik», adierazi du.

LABek aldundien errekerimenduaren aurka egin zuen, bi argudiotan oinarritua: batetik, Borroka Kutxatik jasotako laguntza ezin zela lan-etekintzat hartua izan; bigarrenik, lan-etekin gisa hartuko balitz ere, ezin zitzaiola, lan harremanetan egiten den bezala, %2ko gutxieneko erretentzioa aplikatu, sindikatuaren eta bere afiliatuen arteko harremana ez baita lan harreman bat baizik eta harreman sindikala.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, Arabako Aldundiak ez zuen espedienterik ireki eta prozedura bertan behera geratu zen. Bizkaikoak espedientea ireki bai baina ondoren LABen alegazioak aintzat hartu zituen. Gipuzkoakoak, aldiz, ez zituen alegazioak aintzat hartu eta LABek epaitegira jo zuen. EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sala onartu egin zuen demanda eta ebatzi du Aldundiek LAB sindikatuari ezarri nahi zioten legedia ez dela aplikagarria, oinarrian dagoen harremana sindikala delako.

Borroka Kutxa indartu

Epaia irabazi ondoren, hamar urte bete dituen Borroka Kutxa borroka ziklo berriaren mesedetan jarriko duela iragarri du LABek.

Igor Arroyo LABeko Idazkari Nagusi ondokoak Borroka Kutxaren garrantzia azpimarratu du: «2011an sortu genuenetik, kasik 3.000 langileri eman die babesa, greban ari ziren langileei laguntza emanez zein ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta bestelako zigor ekonomikoei aurre eginez. Hilabete hauetan zehar aldarrikatzen ari garen bezala, Euskal Herrian borroka ziklo berri bat martxan jartzera goaz eta horretarako tresnak beharrezkoak dira, besteak beste, Borroka Kutxa».

Borroka Kutxarekin LABek, grebetan, hirugarren egunetik aurrera, eguneko 30 euro ematen die LAB grebalariei. Grebetarako ez ezik, ekintza sindikalaren ondorioz jasotako isun eta bestelako zigor ekonomikoei aurre egiteko ere erabiltzen du, 10.000 euro bitarteko kobertura bermatuz; «horri esker, Mozal Legea eta bestelako neurri errepresiboek ez dute sindikatuaren ekintza sindikala baldintzatzen. Era berean, kaleratze ideologikoen kasuan ere aktibatu daiteke». Isun eta fidantzen ordainketak, prozesu penaletako aholkularitza eta kostak, enpresak ezarritako zigorrak edo kaleratze ideologikoak ere barne hartzen ditu LABen Borroka Kutxak.

«Honela, sindikalgintza eta bere lorpenak indargabetzeko Patronalaren taktika ezberdinei (hala nola grebetan langileak ekonomikoki itotzea, isun eta zigorrak ezartzea edota kaleratze ideologikoak egitea) aurre egiteko babes eraginkorra eskaintzen du Borroka Kutxak. LABentzat Borroka Kutxa ez da helburu bat bere baitan, baizik eta borroka tresna bat. Derogatu ez diren lan erreformek Patronalari emandako botereari aurre egiteko, greba eraginkorren eta ekintza ausarten beharra berresten du LABek», adierazi du Arroyok.