NAIZ

Ostiralean erabakiko dute Donostiako danborrada egiten den ala ez

Hurrengo astelehenerako iragarria zuen Donostiako Udalak aurtengo danborradari buruzko erabakia, baina azkenean aurreratu egingo da eta ostiral honetan bertan argituko da. Zenbait konpainiak ez liratekeela kalera aterako jakinarazi dute dagoeneko, baldintza egokirik ez dela iritzita.

Donostiako haurrak, 2020ko danborradan, ospatu den azkena. (Jon URBE/ FOKU)
Donostiako haurrak, 2020ko danborradan, ospatu den azkena. (Jon URBE/ FOKU)

Donostiako Udaleko eta helduen eta haurren danborraden arduradunak ostiralean bilduko dira, urtarrilaren 7an, arratsaldean, hilaren 20an San Sebastian eguneko Danborrada antolatzen den ala ez erabakitzeko.

Kazetarien galderei erantzunez Jon Insausti Kultura zinegotziak astelehenean adierazi zuenez, Donostiako Udala «pixkanaka» doa. Horrela, San Tomas eguneko jaiari eta Olentzero eta Mari Domingi eta Errege Magoen desfileei buruz erabaki behar izan du lehenik, eta hilaren 10ean Danborradaren kontuari ekin behar zion.

Hala ere, geroago Donostiako Udaletik jakinarazi zutenez, «heldu eta haurren danborraden eskaerari erantzunez, azkenean urtarrilaren 7ko arratsaldean egingo da Danborrardari buruzko bilera».

Seguru asko, erabakia egun horretan bertan hartuko dute udal arduradunek helduen eta haurren danborraden ordezkariekin batera. Helduen danborrada batzuek jada erabaki dute desfilerik ez egitea urtarrilaren 20an.

Gainera, Insaustik nabarmendu zuenez, covid-19aren pandemiari aurre egiteko egun indarrean dauden neurriak eta datu epidemiologikoak izango dituzte kontuan, baina baita festaren «alderdi emozionala eta sentimentala» ere.

Zaila dirudi danborrada ohiko modura egitea, bi arrazoirengatik: omikron aldaerak eragindako kutsatze datuek goia jo lezakete egun horietan, adituen ustez, eta jada zenbait konpainiak jakinarazi dute ez direla kalera aterako prest. Gutxi dira momentuz prestaketa lanei ekin dietenak.