Maite Ubiria

Ekimen azkarragoak plantan emateko dinamikari atea zabaltzeko martxa

Emilie Martinek eta Mathieu Bolokik ‘Le temps presse. Ion, Jakes eta Unai gurekin’ lelopean etzi Baionan iraganen den martxari buruzko azkeneko xehetasunak eman dituzte. San Andres plazan bururatuko den martxak ondoko hilabetetan garatuko den mobilizazio azkarren dinamikari atea zabalduko dio.

Emilie Martin eta Mathieu Boloki gaur goizean Baionan eginiko agerraldian.
Emilie Martin eta Mathieu Boloki gaur goizean Baionan eginiko agerraldian. (@maite_ubiria)

San Andres Plazari goikaldetik begiratzen dion Gaztelu Berriaren sarrera hautatu dute Bake Bideak eta Bakegileek larunbatean, urtarrilaren 8an, Baionan izanen den mobilizazioari buruzko azkeneko xehetasunak emateko.

Herriz herri eta eskualdez eskualde martxa prestatzeko lanetan buru belarri sartuak diren herritarren eta bolondresen lana eskertu dute lehenik eta behin.

Covidak eragindako pandemiak egoera berezia sortu duela aitortuta ere, martxaren moldeak ahalbideratuko duela presoen auziari irtenbidea emateko aldarrikapena karrikara eramatea nabarmendu dute, herritarrei ekimena babesteko gonbidapena luzatuz.

‘Le temps presse. Ion, Jakes eta Unai gurekin’ lelopean iraganen den mobilizazioa 15.00tan hasiko da.

Hiru zutabetan, osasun neurriak betetzeko

Ordu horretan martxa osatuko duten hiru zutabe abiatuko dira Lauga kiroldegitik, Euskaldunen Plazatik eta Reduit plazatik.

Osasun neurriak betetzeko xede zutabe bakoitzean hiru lerroz osatuko dira, eta manifestariak bata bestearen atzetik ibiliko dira.

Horretaz gain mobilizaziora bertaratuko diren herritarrei maska eramatea eskatu diete Mathieu Bolokik eta Emilie Martinek gaur goizean eginiko agerraldian.

Biek ala biek baieztatu dutenez suprefeturaren onespena badu ezinbestean osasun testuinguruak agintzen duen egoera aintzat hartuta antolatu duten ekimenak.

Reduit plazatik abiatuko den zutabearekin bat eginen dute euskal hautetsiek.

Gaur Bakegileek sare sozialetan plazaratu duten argazkian erakunde ezberdinetan jarduten duten hamarnaka hautetsi azaltzen dira. Besteak beste frantses gobernuarekin zabalduriko harreman guneko kide diren Alain Iriart Hiriburuko auzapeza eta Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko burua.

Hautetsien delegaritza horrekin batera eragile anitzek presoen auziari bulkada emateko ondoko hilabetetan garatuko den dinamika «azkarra eta determinatua» plantan eman aurretik garatuko den mobilizazioari sostengua adierazi diotela nabarmendu dute, edonola ere, antolatzaileek.

Batzuk soilik aipatzearren, ELB, LAB edo FSU sindikatuek, EH Bai eta Berdeak alderdiek eta CDDHPB giza eskubideen aldeko erakundeak eta Bizi! kolektiboak martxan parte hartzeko deia zabaldu dute azkeneko egunotan.

Gaur eguerdian, berriz, Bernat Etxepare lizeoko sarreran ekintza egin dute etzi Lapurdiko hiriburuko karriken gaindi iraganen den martxarekin bat egiteko.

Zarata egiteko tresnak eramateko deia

«Mobilizazio dinamikoa, bizia izanen da, eta horrendako jendeari harrabots egiteko tresnak ekartzea galdeginen diogu», azaldu dute antolatzaileek.

Euskal presoen egoera aldatzea ezinbestekoa dela konponbidea demokratikoa eta biz¡kidetza sustatzeko sinisten duten herritarren engaimendua azalaratzeko balio izanen duen martxa San Andres plazan (Paul Bert) amaituko da.

Ekitaldiak ez du, ordea, amaiera bat adierazikiko baizik eta abiapuntu berria markatuko. Bertatik irudikatuko baita «herritarrak prest direla» desobedientza zibileko ekintzak bere izanen dituen fase berri batera igarotzeko.

Beraien engaiamendua indartzeko prest diren herritarrek aukera izanen dute, hain zuzen, izena emateko. Presoen auzia ez aurrera ez atzera dagoen unean ondoko sei hilabetetan «tonua igotzeko» asmoa badute Aieteko Konferentziaz geroztik konponbide demokratikoa bultzatzeko ekimen zinez ausartak burutu dituzten gizarte zibileko ordezkariek.

Hauteskunde testuinguruan eragiteko anbizioa

Heldu de apiririlean frantses Presidentetzarako bozak izanen dira. Horren karietara G7 goibilera egitear zelarik Biarritzera eginiko bisitan Emmanuel Macronek konponbide prozesua laguntzeko eman zuen hitza «bete behar duela» agerian jartzeko «ekintza determinatuak» garatu behar direla uste dute bake eragileek.

Asmo hori argiki adierazi zuten joan zen abenduaren 16an Luhuson armak indargabetzeko ekimenaren bosgarren urtemuga kari Suprefeturaren egoitzaren atarian harea bota zuten ekintzaileek.

Hareazko erlojua sinbolo duen mobilizazioak denborak presatzen duela, bereziki dagoneko 30 urte kartzelan daramate hiru preso lapurtarrentzat, agerian jarriko du larunbatean.

2017ko apirilaren 8an gauzatu zen desarmatze egunaren lekuko izan zen San Andres plaza horretatik zabalduko dute etzi Bakegileek eta Bake Bideak konponbidearen aldeko jauzi berria emateko deia.