Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Eider Rodriguez
Idazlea

«Esan ezin nituenak trumilka atera zitzaizkidan, sentsazio organikoa zen»

Aita eta alaba. Elkarren ondoan bizi diren bi mundu arrotz. Eider Rodriguez bera narratzaile bilakatu da; pertsonak, pertsonaiak; eta bizipenak, nobela. Ahoz esan ezin zituenak, esan zitzakeenik ez zekienak, pentsatzen zituenik ere ez zekienak idazteraino.

Eider Rodriguez.
Eider Rodriguez. (Gorka RUBIO | FOKU)

Istorioa bidean trabeska jarri eta idatzi arteko onik ez du izan Eider Rodriguezek. ‘Eraikuntzarako materiala’ (Susa) nobela da horren emaitza. «Errelatoekin ari nintzen, oso-oso gustura, eta bat-batean, idazten ari nintzenek eta idatzi nahi nituenek zentzua galdu zuten. 100% fikziozko pertsonaiak ziren, existitzen ez zirenak, eta taupada galdu zuten beste istorio hau parean jarri zitzaidanean. Ohar piloa neuzkan hartuta, baina ez neukan argi inoiz liburua idatziko ote nuen. Idazkerak etengabe hau idaztera eramaten ninduen, ezin nuen bestea idatzi», gogoratu du.

Oka egin du. Ahoz esan ezin zituenak. Esan zitzakeenik ez zekienak. Pentsatzen zituenik ere ez zekienak. «Ni oso motela naiz idazten baina kasu honetan oso prozesu azkarra izan da, bizia. Jarri bezala atera zen dena. Esan ezin nituen horiek denak trumilka atera zitzaizkidan, sentsazio organikoa zen».

Hustuta baino beteta sentitzen da. «Lotsari buruz liburuaren zati askotan idatzi dut eta bat-batean lotsaren iturria hitzetan jartzean desagertu egiten da parte handi batean, nahiz orba(i)na –zikatriza eta mantxa, biak– igual hor geratuko den, oraindik goiz da jakiteko», aitortu du.

«Lotsa emozio primarioa da, denok sentitzen duguna gradu desberdinetan eta bizitako momentu desberdinetan, grabeetan eta txoroetan. Batzuetan kontatu egiten ditugu eta badira kontatu ezin direnak. Eta nik uste hau dela horietako bat. Baina, egia esan, kontatu ere konta daiteke, hori deskubritu dut, eta zorionez, zeren horrela neutralizatu egiten duzu. Eta behar hori baneukan. Bada lotsa kontatze horrekin oso identifikatuta sentitu denik, hala kontatu didate. Konturatu naiz horri buruz ere hitz egin daitekeela, hitz egin behar dela eta hiz egiten duzunean beste toki batera eramaten zaituela», gaineratu du.

Arinduta sentitzen den galdetuta, baiezkoa dio. «Ez nintzen kontziente ze neurritaraino neraman hori gainean nire egunerokoan. Bai, arinduarekin badu harremana sentitzen dudan pozak». Eta pozaren ostean, bertigoa. Ikara. «Liburua amaitzean oso lasai eta oso pozik geratu nintzen bezala, gero inprentan sartu eta irakurleengana iritsi bitartean sekulako beldurra pasa dut. Hori ere egia da. Irakurri dutenek oso gogorra egin zaiela baina era berean samurtasun handia daukala esan didate eta poz handia hartu dut. Izan ere, ez nuen berehalakoan esango jendeak hori ikusiko zuenik», kontatu du.

Idazlea bera eta bere ingurukoak izen-abizenez ageri dira nobelan. «Pertsonaiak dira eta nobela bat da. Nik horrela landu dut. Hori izan da abiapuntua eta helmuga», nabarmendu du.

Aurkezpenean Leire Lopez Ziluagak adierazi zuen «narratzailea idazlea ez den norbait da, heldu ezin daitekeen tokietara iristeko», liburuan irakur daitekeen esaldi bat aipatuz.

Distantzia hartu behar izan du. «Distantzia behar duzu pertsonekiko, pertsonaiak bilakatuz; istorioarekiko, nobela bilakatuz; eta nire buruarekiko, ni narratzailea bilakatuz. Hiru distantzia tarte horiek erabili ditut. Behin hori eginda nahiko libre idatzi ditut». Ez du sentitu bere buruari mugak jartzen ari zenik. Kontrakoa. «Oso askatzailea izan da. Aldrebes, idatzi izan ez banu, bai ariko nintzateke nire burua koartatzen», esan du.

Etxekoen babesa izan duzu idazterakoan? «Inoren baimen eta babesik gabe idatzi nuen. Behin idatzita oso pertsona jakin batzuei pasa nien. Mingarria edo desegokia izan zitekeen zerbait ikusten ote zuten galdetu nien, nahiz dena den mingarria eta desegokia era berean. Zorionez, nire ingurukoek badakite zein den nire lanbidea, nire pasioa eta nire zaletasun handiena, literatura. Errespetu handiz hartu dute, muturra batere sartu gabe. Banuen beldur hori. Gerta zitekeen, baina ez da gauzatu. Inguruko pertsona asko artista jendea da eta badakite zer askatasun behar dugun sortzerakoan eta horrek ere badu zerikusia; oso eskertuta nago».

Hiru ahots

Narraziotik nobelara egin du jauzi proiektu honekin errenteriarrak. «Nire literatur kontzepzioaren barruan sartzen da liburu hau ere, nahiz beste erregistro bat eta beste genero bat izan. Bada nire literatura ulertzeko, sentitzeko, eta pentsatzeko maneraren parte».

«Nire literatur kontzepzioaren barruan sartzen da liburu hau ere, nahiz beste erregistro bat eta beste genero bat izan»

Ez zaio zaila gertatu ahotsa aurkitzea. Bat baino, hiru ahots. «Ez dut eduki arazorik ahotsarekin. Une batean nobelaren egiturak eskatzen zidan beste perspektiba batetik idaztea. Nobelaren ardatza aita eta alabaren arteko harremana da eta narratzailea alaba da, baina beste distantzia bat behar nuen ertz gehiagotatik kontatzeko. Maitasun istorio konplikatu baten berri ematea zen helburua eta konplikazioaren berri emateko nik uste ikuspegi diferenteak behar direla. Eta genero desberdinak».

Lau ataletan banatuta dago eleberria. Alabak idatzitako egunerokoa da lehen bi kapituluen hezurdura. Ondoren, hirugarren pertsona batengan utziko da kontakizuna. Eta laugarrenean, aitak amari soldadutzatik bidalitako gutunak daude oinarrian. Aitaren irudi poliedrikoa osatuz. Rodriguezen ahizpak, txukun-txukun gordeta, aurkitutakoak. «Beti da izan denaren errepresentazioa. Ahalik eta egia antzekoena izatea bilatzen duzu eta bestela beti geratuko zaigu hankamotz. Ahizpak aurkitu zuen gutun sorta eta zorte hori ere eduki nuen, eta osatu egin dute kontakizuna. Niretzako sekulako altxorra izan dira, pertsonala eta baita nobelaren idazketari lotuta ere», aitortu du.

Geruzak

Geruza ugariko nobela da. «Ez zitzaidan okurritzen beste modu bat halako istorioa kontatzeko, non ari zaren arimaz, egunerokotasunaz, negozio baten joan-etorriez, familia baten norabideaz, paisaiaz, idazletzaz... hainbeste gai eta hainbeste tonu nahi nituen, nire ustez ezinbestean testura ugari erabili behar nituela. Eta testura horiek eman didate aukera istorioa perspektiba diferenteetatik kontatzeko. Ezinbestekoa zen, justizia pixka bat lortu nahi banuen istorio honen kontakizunean».

Argia eman dio kontakizunari. Kontzienteki? «Istorioa gogorra da, gordina da, iluna da, hori horrela da. Baina saiatu naiz umorea sartzen eta argiaren bilaketa ere badago. Landareek ordezkatzen dute argiaren bilaketa. Aitak zaintzen ditu eta badago lotura bizitzarekin, zaintzarekin, argiaren bilaketarekin. Toki erosoa, goxoa, epela, bilatu nahiarekin. Nahiz beste istorioak garrantzia askoz handiagoa duen –iluntasuna, hondamendia, dekadentzia–, baina istorio txiki hau ere badago. Zaila da esatea zer den kontzientea eta zer ez idazten duzunean. Kontziente nintzen hori esan zezakeela, oso erraz etorri zaizkit irudiak; eta landare eta zuhaitzenak etengabe egon dira idazketa prozesuan».

Aurreko lanetan egin bezala, emozioei distantzia jarrita idatzi du. Gertatzen denaz akta jasotzen duen «notario baten moduan».

Hitzen boterea

Hitzen indarra. «Izugarria da! Ni borroka horretan nabil nire bizitza pertsonalean, hitzek ez dutela ezertarako balio, ekintzek gehiago... Eta nire literaturan ere badago borroka hori. Liburuan agertzen da. Baina era berean hitzik gabe ezin iritsi nahi duzun toki horretara. Balio didate lotura sortzeko pertsonekin, gauzekin, gertakizunekin. Literatura terapeutikoaren kontra egon naiz beti eta egia da, orain onartzen dut hitzek botere hori daukatela; horren abusua ere badago, neurria hartzea da gakoa». Idatzizko hitzek, bereziki. Liburuko protagonistak garbi ikusten du idaztearen balioa, aitarengana hurbiltzeko irekitzen dioten bidea. «Bai, hori da, ‘idaztea zurekin egoteko modua da, zu laztantzekoa’, esaten dio aitari. Seguru nago narratzailea idazlea ez balitz ezinezkoa litzatekeela, ez lituzke esango idatziz ez balitz.

Idatzizko hitzen bidez lortzen du toki horietara iristea. Trantsizio hori, idazketarena, literaturarena».

Isiltasunaren gaia aurrez landua du Rodriguezek. Esaten ez den hori. «Isiltasunaren bidez idatzi izan dut», esan du.

Isiltasuna zigor gisa erabiltzen du alabak lan honetan. Ez du pasibotasunetik egiten, arma gisa erabiltzen du. «Ez da gotorleku, gudu-zelai da», esan zuen Rodriguezek aurkezpenean. «Narratzaileak kontatzen du isilik egotea erabaki zuela umetan eta gero konturatu zela hori dela barruraka hitz egitea. Modu aktiboan praktikatzen du isiltasuna, horrek dakarren guztiarekin. Hitz egitea arriskuan jartzea da; hitz egiten duzunean besteek kokatu egiten zaituzte, ‘hau esan nahi du ala kontrakoa’. Arrastoaren gainean jartzen duzu. Hori arriskuan jartzea da eta ez du nahi, bere burua babestu eta ingurukoak zigortu nahi ditu. Horregatik aukeratzen du isiltasunaren bidea, oraindik jakin gabe ez dela existitzen isiltasuna».

Pasarteen artean dagoen espazioak ere garrantzia dauka, bere esanetan, «nahiz igual inor ez den konturatzen horretaz. Batzuetan bat da, beste batzuetan bi edo hiru. Erritmoa bilatu nahi da eta espazioen bidez egiten da, isiltasunaren bidez. Tesela horietan dagoen isiltasunezko juntura horren bidez».

Ezin

Ezintasuna arnasten da nobela osoan. Aitak ezin du alkohola utzi, amak ezin du dibortziatu, alabak ezin du aitarengana hurbildu, aitak ere ez alabarengana... «Ezintasun kate bat da. Kondenatuta bezala daude. Desastrea da. Hondamendi bati buruzko nobela da, nahiz maitasun istorioa izan».

Aitak etxeak eraikitzeko materiala saltzen du eta era berean bere etxea, bere familia, erortzen ari da. Dikotomia. «Bai, etxea egiteko behar den guztia saltzen dute, jendea dendara doa erostera bere ametsetako etxea egiteko gaiak. Etxea egitea ez da hain zaila, baina etxe bizigarria egiteko behar duzuna ezin da inon erosi. Horrekin jolastu egin nahi izan dut, zuk diozun dikotomia horrekin».

Eta Errenteria ere, protagonista. «Asko gustatzen zait ipuinak kokatzea. Hitzek behar dute toki fisiko bat, eta toki geolokalizatu bat ere bai. Nire biografia beste bat litzateke beste herri batean jaio izan banintz. Eta nirea bezala, besteena. Niri edo pertsonaia nagusiari buruzko liburua da baina ez hori bakarrik, oihartzun orokorragoa izan dezan saiatu naiz. Herriaren bilakaera oso handia izan da azken 40 urteotan. Aldatuz joan da, perfumatuz, orraztuz... jendearekin batera. Toki hiper industriala, usain txarrekoa eta gogorra izatetik samurtzen joan eta bizitzeko erosoa izatera pasatzen da. Oso interesantea iruditzen zitzaidan horren berri ematea, kultura diferenteetatik etorritako bizilagunen berri ematea. Beraien arteko harremanak agertzen dira. Hori ezinbestean izan da gure parte. Liburu bat idaztean azkenean dena kontatu nahi izaten dut, ez diot ezeri uko egiten».