Sadarren ohikoa da taldea, galdu edo irabazi, txalo zaparradarekin agurtzea. Baina igande arrats honetako txalo zalaparta esanguratsua izan da. Osasunak hamar jardunaldi zeramatzan ligan irabazi gabe eta Kopako azken partidan ere kanporatua izan zen Bigarren Mailako Gironaren eskutik. Ez ziren garai onak talde gorritxoarentzat.
Nolanahi ere, bide beretik jarraitu dute gorritxoek eta azkenean iritsi da hainbeste desiatutako garaipena, urriaren erdialdetik dastatu gabe zeukatena. Gainera, partida osoan zehar nagusi izan da igande honetan Bittor Alkizak zuzendutako taldea –Jagoba Arrasate covid-19ak jota etxean geratu behar izan da Athletic eta Gironaren aurka egin legez– eta merezitako hiru puntuak batu ditu. Puntu hauekin, hamabigarren postura arte igo da.
Ez zaio erraza egin Osasunari partidan sartzea. Ezin daiteke erraza izan hamar jardunaldi irabazi gabe egon eta horrek guztiak dakarren presioa atzean uztea. Horren erakusle, Cadizek lehendabiziko zortzi minututan atera dituen hiru korner izan dira. Egia da ez dutela gehiegizko arriskurik eragin baina etxeko taldearen atzekaldeko lerroari urduritasuna zerion.
Lehendabiziko erasoko jokaldia osatu duen momentutik aurrera, ordea, uxatu ditu beldur guztiak talde nafarrak. Gainera, oso ondo eraikitako jokaldia izan da, taldekide guztiak parte-hartuz. Kornerrean bukatu da, arriskurik gabe, baina jokalariak soltatzen joateko balio izan du.
Hegaletako jokoa eraginkorragoa izan da eta hori funtsezko zaio Osasunari Kike Garcia eta Budimir bezalako errematatzaileak arean edukita. Hegalera ireki nahi horretan Ruben Garciak borrokatutako baloia Moncayolari iritsi eta honen bolea izan da gorritxoen aukerarik argiena, 37. minutuan Budimirrek gola egin duen arte.
M.37. 1-0. El cazagoles Budimir pone por delante a Osasuna con una diana de depredador del área.
— Natxo Matxin (@GARA_nmatxin) January 9, 2022
Aurrelari kroaziarrak ondoen moldatzen den jokaldian egin du 1-0ekoa. Kike Garciak hegaletik baloi on bat jarri du arean eta Budimir adi ibili da oina sartu eta atzelari zein Ledesma gainditzeko. Sekulako lasaitasuna eman dio gol honek Osasunari, are gehiago zein momentutan izan den kontuan hartuta.
Segituan bideratuta
Bigarren zatia hasi eta berehala, Cadizi erreakzionatzeko aukera eman baino lehenago, beste kolpe bat eman du etxeko taldeak eta horrek maldan behera jarri dio norgehiagoka. Nahasmena sortu da andaluziarren arean, baloia ezin kanporatuta aritu dira, Budimirrek oina sartu, Kike Barjak hartu eta Ledesmak gelditu ostean buruan jo dio '11' zenbakidun gorritxoari, ezustean izan bada ere, baloia sareetan sartuz.
48. minuturako 2-0ekoa jarri da Sadarren eta Cadizek, nola edo hala, erreakzionatu beharra zeukan. Alvaro Cervera entrenatzaileak atsedenaldiaren aurretik Ivan Alejo zelairatu du eta taldea erasokorragoa izan zedin, Bastida eta Osmajic ere zelairatu behar izan ditu.
M77.Pese a los cambios ofensivos del Cádiz, Osasuna no está pasando por excesivos agobios en defensa y parece más cerca un 3-0 que un 2-1.
— Natxo Matxin (@GARA_nmatxin) January 9, 2022
Ez dio nahi hainako emaitzik eman eta apurka apurka amore ematen joan da Andaluziako taldea. Osasunak, bestalde, 3-0ekoa egiteko pare bat aukera izan ditu: David Garciak Roberto Torresen erdiraketa batean eta Budimirrek –txalo zaparrada jaso du aldatua izan denean– Coteren erdiraketa batean, asturiarrak Manu Sanchezekin ederki jokatu ostean.
Markagailua ez da gehiago mugitu –nahiz eta Osasunak hamarrekin jokatu behar izan duen sei minutuko luzapena Kike Garciak sudurrean min hartu eta aldaketa guztiak eginda zeudelako– eta Osasunak arnasa hartu du berak ondo dakien moduan jokatuta: ausart eta indartsu.