NAIZ

Kutxabank Araskik Eleanna Christinaki greziarra fitxatu du Gladkovaren lekua hartzeko

Txipren sorturiko hegalekoa belauneko lesio larri batetik osatzea amaitzen ari da NCAAn, Gernikan, Caceresen eta Belgikan aritu eta gero. Bestalde, talde gasteiztarrak ezingo du zapatuan Benbibreren aurka jokatu Mendizorrotzak, Bierzoko taldeak covid-19 kasu positiboak dituelako.

Eleanna Christinaki, Lointek Gernika Bizkaian egon zen sasoian.
Eleanna Christinaki, Lointek Gernika Bizkaian egon zen sasoian. (Marisol RAMIREZ / FOKU)

Iulia Galdkovaren ordezkoa berehala aurkitu du Kutxabank Araskik. Txipren duela 25 urte jaiotako Eleanna Christinaki hegaleko greziarra da, 1,83 metroko altuera duen jokalaria eta belauneko lesio larri baten errekuperazioa amaitzen duen bitartean Madelen Urietak zuzentzen duen taldeak fitxatu du.

Gazte mailetatik hasita senior kategoriaraino, Greziako selekzioan aritu da Christinaki eta hala, 2018an Tenerifen jokatu zen Munduko Txapelketan parte hartu ahal izan zuen. Emakumeen Endesa Ligan hirugarren aldia izango du hegaleko greziarrak, NCAAtik bueltan, Floridan eta Marylanden unibertsitate formakuntza amaitu eta gero, Gernikan eta Al-Qazeresen jokatu baitzuen. Gernika bi hilabete baizik ez zituen egin 2018ko Mundialaren ostean, baina Al-Qazeresen 2020/21 denboraldian emaitza txukunak lortu zituen: 14,4 puntu, 2,8 errebote eta 11,4ko balorazioa batez beste.

Belgikako Castors Braine taldearekin Ligako txapeldun izan zen 2019/2020 denboraldian, baina orduan jasan zuen bere aurreneko belauneko lesioa. Iaz, aldiz, 2021eko Emakumeen Eurobasketa prestatzen ari zela berriz ere min hartu zuen belaunean eta talderik gabe zebilen Kutxabank Araskik deitu diot arte.

Lastima da, baina ezin esan talde gasteiztarrak Galdkova hegaleko errusiarraren hutsunea nabarituko duenik, batez beste 1,6 puntu baino ez baitzituen pilatu 11 minutuan. Ikusi egin behar Christinakik zenbat denbora behar duen puntuan jartzeko, baina ez du askorik egin beharko Galdkovaren maila berdindu eta gainditzeko.

Partida bertan behera

Bestalde, Kutxabank Araskik eta Benbibrek zapatu honetan Mendizorrotzan jokatu behar zuten Ligako partida bertan behera geratu da. Itxura denez, Bierzoko taldean covid-19an positibo eman duten hainbat kasu azaldu dira eta hargatik atzeratu egin behar izan da norgehiagoka.

Hauxe da arabarrek atzerapenez jokatu beharko dute hirugarren partida, Girona eta Valentzia Basketen aurka jokatu beharrekoak aintzat hartuta eta astean zehar Baxi Ferrolen kontra 24-42 atzetik joan eta gero 84-82 irabazitako partida aparte utziz gero. Partida guztiak covid-19aren erruz geratu dira eta hargatik oraindik argitzeke dago talde gasteiztarra Kopan izango den ala ez.