NAIZ

Ordiziak talde gisa berriro gozatzea du helburu eta Gernikak jaitsiera postutik ateratzea

Sailkapen nagusiko laugarren postuan diren goierritarrek Valentziako Les Abelles taldeari bisita egingo diote igande honetan. Bizkaitarrek, aldiz, Koparako sailkapenaren bila dabilen Recoletas Burgos izango dute aurkari etxean. Bi partidak 12.00etan hasiko dira.

Helburu ezberdinengatik lehiatuko dira Ordizia eta Gernika igande honetan.
Helburu ezberdinengatik lehiatuko dira Ordizia eta Gernika igande honetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ohorezko Mailako bigarren itzulia hasiko da asteburu hoonetan. Espainiar Estatuko errugbiko maila nagusienean dauden bi euskal taldeek igande honetan jokatuko dute euren partidak, biak 12.00etan hasita.

Ampo Ordizia laugarren postuan da sailkapen nagusian. Aurreko jardunaldian Recoletas Burgosen aurka lortutako garaipen landuaren ondoren, goierritarrak Valentziara abiatu dira Jorge Diego Panteraren zelaian 13 punturekin eta partida bat gehiagorekin bederatzigarren postuan dagoen Les Abelles taldearen aurka jokatzeko.

Iragan urrian lehen itzulian jokatutako partidan Ordiziak 34-12 irabazi zuen, baina gauzak asko aldatu dira. Gipuzkoarrek talde osoaren batasun-prozesuan jarraitzen dute Kawa Leauma jokalariaren heriotza ostean, eta helburu nagusia errugbiaz talde gisa berriro gozatzea da.

Le Abellesen jokalarien artean Sorribes, Barrionuevo edo Fitzsimmons anaiak nabarmentzen dira, maila gorenean esperientzia luzea duten jokalariak, eta guztiak Alberto Sociasek zuzenduak, 1999ko munduko txapelketa jokatu zuen Leongo taldeko kideetako bat.

Gernika, jaitsiera postutik ateratzea

Bestalde, ordu berean baina Urbietako zelaian, Gernikak Recoletas Burgos jasoko du. Sailkapenari begiratuta, zazpi puntuko aldea dago bi taldeen artean, baina bakoitzaren helburuak oso ezberdinak dira.

Bizkaitarrek jaitsiera postua utzi nahi dute behingoz. Hori lortzeko garaipena beharko lukete. Baina aurrean Kopako finaledietarako txartela eskuratu nahi duen taldea egongo da. Burgosekoek 30 punturengatik eta bonusarekin irabazi beharko lukete erronka hori lortzeko.

Lehen itzulian Recoletas Burgosek 34-13 irabazi zion Gernikari. Lehenago, bi talde hauek beste denboraldi batean aritu ziren elkarren aurka Ohoirezko Mailan, 2018-19an, eta bi partidetan gailendu ziren burgostarrak.