Jon Ormazabal

Sailkapena are gehiago estutu dute Irribarria-Rezustak eta Ezkurdia-Tolosak

Zumaian, partida handia jokatuta, batez ere aurrelariak, 22-7 gailendu da bikote gipuzkoarra Elezkano-Zabaletaren aurka; Labriten berriz, sailkapeneko azkenek eruren bolada txarrari agur esan diote, partida gogor batean, Altuna-Martijari 18-22 irabazita.

Iker Irribarriak partida handia jokatu du Zumaian.
Iker Irribarriak partida handia jokatu du Zumaian. (Andoni CANELLADA/ FOKU)

Binakako txapelketak aurrera jarraitzen duen arren, inork ez du bere azken hitza esan nahi eta orekatua agertzen zen sailkapena are gehiago estutu dute Irribarria-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosak, pronostikoak oso aurka izan arren, bi partida oso desberdinetan, Elezkano-Rezustari (7-22) eta Altuna III.a-Martijari (18-22) gailenduta.

Bi partidetan faboritoek huts egin badute ere, Zumaiako eta Iruñeko partidak arras desberdinak izan dira, Aitzurin 2017ko txapeldunak goitik behera nagusitu diren bitartean, Labriten oreka erabatekoa izan da, dezente gogortu den partidako azken txanpara Ezkurdia-Tolosa osoago heldu badira ere. 

Azken asteetan oso dinamika kezkagarrian sartuta ziren Irribarria-Rezustak era ezin hobean uxatu dituzte izan zitzaketen zalantzak, partida bakarra galdua zuten Elezkano-Zabaletari irabaztea handia bada, zazpian uztea ez baitago edonoren esku. Euren potentzial ikaragarriari etekin izugarria atera diote bi ezker gipuzkoarrek. Argi zuten urdinek liderrei irabazteko aparteko gauzak egin beharko zituztela kantxan eta hala egin dute, bai erasoan, eta baita defentsan ere, aramarrak esaterako pilotazale guztiak txundituta utzi baititu zazpitik, paretan igota, eramandako pilotarekin. Erasoan ere zorrotz aritu da goierritarra eta Rezustak ere aspaldian jo ez dituen pilotakadak jo ditu, bien artean partida borobila osatuz.

Eta halakoetan gertatu ohi den bezala, batzuek hainbeste jokatzeko besteak ere euren mailatik urrun izan dira, kasu honetan bereziki biren aurka ezin izan duen Zabaletak. Etxarrengoak ez du ohikoa duen eran dominatzerik izan eta gainera bost pilota ere bota ditu. Elezkano, bere aldetik, jokotik erabat deskonektatua ibili behar izan du arerioen joko uholdearen aurrean. Baldintza hauetan, partida nahikoa azkar hautsi da (6-4koaren ostean) eta kolore bakarra izan du.

FITXA TEKNIKOA:

Elezkano-Zabaleta: 7

Irribarria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 362. Iraupena: 46,24 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-6, 4-6, 4-15, 5-15, 5-17, 7-17, 7-22. Egindakoak: 2 Elezkanok, 1 Zabaletak, 10 Irribarriak eta 3 Rezustak. Galdutakoak: 3 Elezkanok, 5 Zabaletak, 3 Irribarriak eta 0 Rezustak. Gorabeherak: Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatutako partida.

Tolosaren susperraldia

Labriten, ordea, azken azken txanpara arte, Altuna-Martija 18-17 aurretik joan dira bigarren atsedenaldi luzera, ezinezkoa izan da partidak hartuko zuen norabidea igartzea. Hori bai, ordura arte oreka eta berdinketak bata bestearen atzetik izan badira, azken txanpa horretara askoz osoago heldu dira Ezkurdia eta Tolosa, jokoz eta fisikoz.

Eta Zumaian Iker Irribarriaren lana nabarmendu behar bada, Iruñean aipamen berezia merezi du horren txapelketa zaila izaten ari den Xabi Tolosak jokatutako partidak. Lehia azkenerako asko gogortu bada ere, anoetarrak «beste ordu erdiz jokatzeko moduan» amaitu du partida, pilota oso bizi mugitu du eta, batez ere, akituta amaitu duen Martijak baino askoz osoago jokatu ditu partida erabaki duten azken tantoak. Berak zabaletik bildutako pilota batek jarri du 18-18koa eta aurkarien huts batzuen ostean, gipuzkoarrak luze jotako pilotakada batek eman die bigarren puntua.

Ordura arte, lehia oso parekatua izan da. Pilota bizi erabili badute ere atzean ez da inor argi nagusitu eta honek partida aurrelariek asmatzen zutenaren arabera joatea eragin du. Alor horretan, Joseba Ezkurdiak distira gehiago izan du, batez ere partida hasieran (6-8koan zazpi tanto eginak zituen, horietako 4 txokoan), baina partida luzatzen joan den heinean hutsak ere pilatu ditu. 

Ezin esan Jokin Altunak partida txarra jokatu duenik, ale ederrak utzi ditu, baina gaurkoan partida erabaki den une horietan ilun xamar aritu da, protagonismo gutxirekin eta huts batzuk pilatuz eta bere eskuaren inguruko zalantzaren bat ere utzi du.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 18

Ezkurdia-Tolosa: 22

Markagailua: 1-0, 1-1, 4-1, 4-7, 6-7, 6-8, 9-8, 9-9, 10-9, 10-11, 12-11, 12-13, 13-13, 13-14, 15-14, 15-16, 17-16, 17-17, 18-17, 18-22. Sakeak: 2 Altna III.ak eta 1 Ezkurdiak. Egindakoak: 6 Altuna III.ak, 5 Martijak, 10 Ezkurdiak, 3 TolosakGaldutakoak: 4 Altuna III.ak, 4 Martijak, 5 Ezkurdiak, 1 Tolosak. Gorabeherak: Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatutako partida.