NAIZ

Ordiziak, bonusarekin, eta Gernikak ezin dituzte helburuak bete eta porrota jaso dute

Goierritarrek 29-23 galdu dute Valentzian, Les Abellesen aurka, partida gogor batean, baina bonus puntu bat eskuratu dute eta laugarren postua mantentzen dute. Bizkaitarrek ezin izan dute etxean punturik lortu Recoletas Burgosen kontra (17-33) eta azken postuan jarraituko dute.

Gernika eta Recoletas Burgoseko jokalariak, partida hasi aurretik.
Gernika eta Recoletas Burgoseko jokalariak, partida hasi aurretik. (GERNIKA RUGBY TALDEA)

Ampo Ordiziak eta Gernikak helburu ezberdinekin jokatu dituzte euren Ohorezko Mailako partidak, baina biek lortu dute emaitza bera: porrota. Gogorragoa da agian bizkaitarrentzat, ezin baitira oraindik azken postutik atera, jaitsiera postutik alegia.

Goierritarrek, aldiz, bidaia luzea egin dute Valentziara eta, behintzat, bonus puntu batekin bueltatuko dira etxera Les Abellesen aurka galdu ostean (29-23). Porrota jasotzeaz haratago, azpimarratu behar da laugarren postua mantentzen dutela gipuzkoarrek eta hori beti ona izango da play offetan zelai faktorea bere alde izateko.

Etxeko taldea hasi da nagusi, Eduard Sorribesen zigor kolpe batekin 3-0 aurreratu baita markagailuan 3. minutuan. Baina honek ez du Ordizia menperatu, eta goierritarrek segituan irauli dute partida zigor entsegu bati esker (3-7).

Les Abellesek garaipena nahi zuela argi utzi du hasieratik, eta berriro ere ipini da aurretik Ricardo Enrique Michanen entseguari esker (8-7, 24. minutua). Hala ere, atsedenaldira iritsi aurretik, gipuzkoarrek ‘opari’ bat zuten prest, eta Gabriel Joubertek entsegua egin du 8-12koa ipintzeko.

Bigarren zatiaren hasieran aldea handitu ahal izan dute kanpokoek, Valentin Cruzen entseguari esker (8-20). Baina minutu asko falta ziren oraindik, eta Les Abellesek beste 21 puntu eskuratu ahal izan ditu hiru entsegu eta beste hiru transformaziori esker (20-20).

Azken minutuetan barrura joan da Valentin Cruzen ostikada eta hortxe amaitu da partida, behintzat bonus puntu bat eskuratuta.

Gernika, zulotik ezin atera

Askoz ere kezkagarria izan da Gernikaren porrota. Garaipena eta puntuak behar zituzten bizkaitarrek azken postutik aldentzeko, baina ezin izan dute ezer atera, etxean, Recoletas Burgosen kontra (17-33).

Hori bai, lehen zati orekatua jokatu dute bi taldeek Urbietako zelaian. Ez hori bakarrik, Gernika markagailuan aurretik joan baita ere entsegu bati esker (7-3, 29. minutua). Baina kanpoko taldea markagailua bere alde zuela joan da atsedenaldira (7-16).

Bigarren zatian etxeko jokalariak esnartu egin dira, beste hiru puntu batu baitituzte 43. minutuan (10-16), baina Burgoseko taldeak gehiago asmatu du zelaian eta azkenean 17-33ko emaitzarekin eraman du garaipena.