Eva Carnero

«Metaverse» interakziorako espazioaren aukerak eta arriskuak aztertu dituzte

Faceboocken sortzaile Mark Zuckerberg prestatzen ari den proiektua, «Metaverse», makinen, abatar idealizatuen eta mundu birtual berri baten interakziorako espazioa da. Proiektua gauzatu arte hamarkada bat igaroko omen da; edonola ere, adituak haren aukerak eta arriskuak aztertzen hasi dira.

Metabertsoarekin mugikorrekin bezala gertatuko dela diote: gaur egun denek erabiltzen dute
Metabertsoarekin mugikorrekin bezala gertatuko dela diote: gaur egun denek erabiltzen dute ( Gari GARAIALDE | FOKU)

Mark Zuckerberg historiara pasatuko da, zalantzarik gabe, azken hogei urteetako gizateriaren noraeza azaltzeko gizaki giltzarrietako bat bezala. Haren meritua? Facebook sare soziala sortzea eta, harekin, harremanak izateko modu bat. Ia bi hamarkadaren ondoren, ameslari gazteak duela aste batzuk iragarri zuen Metaverse prestatzen ari dela, etorkizun oparoko izen horrekin bataiatutako proiektu berritzaile bat.

Zuckerbergen «ume» berria, berak aurkezpenean azaldu zuen bezala, makinen, abatar idealizatuen eta mundu birtual berri baten interakziorako espazio bat da; bertan, arteak, arkitekturak, edertasunak eta fikzioak topo egiten dute sozializatzeko, erosteko edo negozioak egiteko. Hori guztia, errealitate birtualari eta errealitate areagotuari esker.

«Zuckerbergek hilabeteak zeramatzan metabertsoari buruz hitz egiten, eta Facebookek urteak daramatza errealitate birtualeko gailuak eta funtzionaltasunak garatzeko edo erosteko diru kopuru astronomikoak inbertitzen», dio Ferran Laluezak, UOC Kataluniako Unibertsitate Irekiko Informazioaren eta Komunikazioaren Zientzien Ikasketetako irakasle eta GAME Ikaskuntza, Komunikabideak eta Entretenimendua taldeko ikertzaileak. Laluezak ziurtatu duenez, Metako arduradunaren arabera, proiektu honek hamarkada bat beharko du gauzatzeko.

Izan ere, Cesar Corcoles UOCeko Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio Ikasketetako irakasleak eta beste aditu batzuek diote oraindik bide luzea dagoela egiteko teknologiari dagokionez. «Alde batetik, pantailek bereizmena eta gogorarazpen maiztasuna handitu behar dituzte. Bestetik, kaskoek erosoago edo, gutxienez, arinagoak izan beharko lukete, haiek jantzita egunean ordu batzuk eman nahi baditugu», adierazi du irakasleak, eta hauxe gaineratu: «Errealitate birtualeko munduekin elkarreragin hobea izateko bidea ematen diguten gailuak ere aurkitu behar ditugu: orain ditugun aginteak, baita keinu antzematea ere, nahiko baino nahikoago dira erabilera askotarako, baina motz geratzen dira teknologia hori publiko zabalaren artean hedatzea nahi badugu».

Facebooken azken astinduak

Hamazazpi urteko follower-en eta like-en ondoren, adituek diote Facebook bere onenak emanda dagoela. Azken azterketek geldialdia erakutsi dute, are beraren kide kopuruaren beheranzko joera ere. Hala berretsi dute epdata.es webgunean argitaratutako “The Social Media Family” txosteneko datuek. Horien arabera, Facebooken erabiltzaile kopurua ez da asko aldatu azken sei urteetan, eta gaur egun 20 eta 22 milioi artean jarraitzen du.

Beste alde batetik, sare horren erabiltzailearen profila 16 eta 74 urte bitarteko emakume batena da, Estatistikako Institutu Nazionalaren arabera. Kolektibo hori guztizkoaren %70,9 da, eta adin tarte bereko gizonak, berriz, %66,8. Zifra horietan oinarrituta, teoria bat agertu du Laluezak: «Sare sozial gisa, belaunaldi berrientzat Facebookek ez du garrantzirik».

Baina horrek esan nahi du «belaunaldi berri» horietako kideak izango direla metabertsoaren erabiltzaile bakarrak? Adin handieneko taldeak kanpoan geratuko al dira? Pierre Bourdin UOCeko Informatika, Multimedia eta Telekomunikazio Ikasketetako irakaslearen arabera, pertsona batzuei besteei baino gehiago kostatuko zaie, «eta ziur aski bai, kanpoan geratuko dira. Baina, oro har, adin guztietako kontsumitzaileentzat izango dela uste dut. Telefono mugikorren agerpenarekin konpara daiteke. Hasieran, ez zen oso ohikoa, teknologiazaleentzat baino ez; hala ere, gaur egun mugikorrik gabeko pertsona gutxi dago».

Azal garbiketa une egokian

«Kezko hesi» trinko bat zabaltzeko iragarri zuten metabertsoa. «Argi dago asmoa arreta desbideratzea zela, Frances Haugen langile ohiak egindako salaketa oso larriak eta lehentxoago taldeko plataforma guztien ‘megaitzalaldiak’ izan zuen inpaktua zirela eta», adierazi du Laluezak.

Sare sozialak irabazi duen ospe txarra dagoeneko taldeko gainerako plataformak zipriztintzen hasi da, hala nola Whatsapp edo Instagram; plataforma horiek «dirutzarekin sartu ziren multzo horretan», gogorarazi du Laluezak. Berak uste du metabertsoa bezain karta zalantzazko batean guztia jokatzeak arriskutsua eman dezakeela, «baina, ziur aski, horren alternatiba bakarra eskandalu artean guztiz hondoratu arte ahultzea du; izan ere, TikTok eta beste lehiakide batzuek hortzak erakusten dituzte eta sare sozialetako podiumerako hautagai argiak dira dagoeneko».

Iraultza edo bilakaera naturala?

Uste denez, plataforma berria ez da abian egongo hamarkada bat igaro arte. Epe hori nahikoa al da Facebooken bilakaera natural gisa ezartzeko? Hala dirudi. Pierre Bourdinek behintzat horixe uste du, ez du uste haustura bat gertatuko denik, eboluzio bat baizik. «Iruditzen zait bat etorriko direla komunikazio sareen teknologiak, teknologia mugikorrak eta errealitate birtual eta areagotua edo mistoa. Hau da, uste dut laster izango dugula gailu mugikor bat gure betaurrekoekin konektatuta eta, beharbada, eskumuturreko bat edo horrelako beste gailu bat, metabertso horretara sartzeko aukera emango duena», hausnartu du adituak.

Baina zein teknologiak egingo du posible «miraria»? Adituek iragarri dute mundu birtual hori gaitzeko teknologia ez dela 5G izango, baizik eta etorkizuneko 6G teknologia ezarriko dela. Horri esker, errealitate areagotuko betaurrekoak jarri eta gure ikus eremuan informazio gaininprimatua ikusi ahal izango dugu, edo errealitate birtualeko betaurrekoak, ustekabeko esperientzia ugaritarako sarbidea emango digutenak. «6G-ak, ziurrenik, bideo jokoetan, zineman, telebistan, modan, musikan eta publizitatean bide egingo du, eta, zergatik ez, bidaia agentzietan, oporrak proposatu ahal izango baitituzte metabertsoan», iragarri du Bourdinek.

Ideia hori babestuz, Corcolesek hauxe adierazi du: «6G teknologiaren banda zabalerek eta latentziak justifika lezakete mugikortasuneko errealitate areagotuan erabiltzea, metabertsorako deskribatutako agertokian sartzen dena».

Proiektuaren alderdi teknologikoan sakonduta, Corcolesek ziurtatu du errealitate birtualaren eremuan elkarrekintza dela zailtasun handieneko puntua: «Oraintxe bertan ez dago arazo horretarako behin betiko konponbiderik, eta ez dut uste hori konpondu gabe publiko zabalarengana irits daitekeenik».

Izan ere, aditua ez dago erabat ziur Zuckerbergen metabertsoa gauzatuko denik, ez bailitzateke lehen aldia izango bost edo hamar urteren buruan errealitate birtual eta areagotuak gure egunerokotasuna bereganatuko duela iragartzen dena. «Oraingoan izan liteke, baina kontu garrantzitsuak daude konpontzeko», ondorioztatu du.

Mundu jasangarriagoa

Hura ezarrita ikusiko dugula uste izanda, aditu askoren iritziaren arabera, «gurdira igotzen ez dena» zaharkituta geratuko da. Hala uste dutenen artean Lalueza irakaslea dago, eta espazio berri honen garatzaileek Interneteko jauzi kualitatibo ikusgarri gisa salduko dutela adierazi du. Horrela, gizartean sortu nahi duten sentsazioa da, metabertsoaren parte ez bazara, atzean geratuko zarela eta mundu berri «zuckerbergtarrak» eskaintzen dituen aukera berriak galduko dituzula.

Zer aukeraz ari da aditua, ordea? Irakaslearen ustez, «neurri batean, metabertsoak planetaren iraunkortasunari lagun diezaioke, joan-etorriak eta gehiegizko gastu batzuk saihestuz. Gainera, esperientzia oso errealistak eman diezazkieke bestela horiek bizitzeko aukerarik izango ez luketen pertsonei, eta horrek, neurri bateraino, ondorio demokratizatzailea dakar».

Unibertso irreal arriskuduna

Balantzaren beste aldean aurkakoak aurkituko genituzke, hau da, Laluezaren ustez etorkizuneko mundu birtual horrek izango lituzkeen arriskuak. Adituak hiru adierazi ditu: «Lehenengoa, metabertsoari, simulakro bati alegia, denbora eta energia gehiago eskaintzen amaitzea. Hipotesi horrek pentsaezina eman lezake, baina, hain zuzen ere, gaur egungo sare sozialek pertsona askorengan behar bat sortzen dute, plataforma horietan erakusteko helburu bakarrarekin zenbait gauza egitekoa. Bigarren arriskua da metabertsoan garatzen ditugun ekintzekin geure buruari buruzko askoz ere informazio gehiago –eta askoz ere modu inkontzienteagoan– emango dugula gaurko sareetan partekatzen ditugun edukiekin baino, hauek ere askotan gehiegizkoak direla kontuan izanda. Eta hirugarrena da gaitz jakin batzuk, hala nola jazarpena, gorroto diskurtsoa eta antzekoak, modu kaltegarrian indartu ditzakeela ingurunearen izaera murgiltzaile eta oso errealistak».

Ildo beretik, Pierre Bourdinek ohartarazi duenez, «mundu hori birtuala izan arren, pertsonek han izango dituzten esperientziak benetakoak izango dira. Esan nahi dut mundu birtualeko arazo batek, frustrazio edo bazterketa batek adibidez, benetako traumak sor ditzakeela». Eta adibidetzat jarri du sareko jazarpena, gazte batzuen suizidioa eragin lezakeena.

Ekarriko dituen albo ondorioak

Metabertsoa oraindik entelekia bat besterik ez den arren, merezi du kosmos birtual horrekin lotutako zenbait arlori lotutako galdera batzuk mahaigaineratzea. Gaur-gaurkoz erantzunik ez duten galderak dira, baina Bourdin irakasleak gaian sakontzeko asmoz aireratu dituenak. Hona hemen horietako batzuk:

–Zein izango da mundu horren etika?

–Nola arautuko da «ziberbizitza» hori?

–Nork izango du kontrola?

–Nork erabakiko ditu arauak?

–Zein izango da gobernuen zeregina?

Ikusiko dugu ea denborak, apurka-apurka, metabertsoaren iragarpenak pizten dituen galdera horien eta beste batzuen erantzunak argitzen dituen. Gaur egun, gauza bakarra dakigu ziur: «Teknologia digitalen zale amorratuok aurretik ditugun urteotan oso entretenituta egongo gara egingo den karrera ikusten», iragarri du Cesar Corcoles irakasleak.