«Pista ere egingo dut, baina aurten agian lehentasuna errepideari emango diot»
Tolosarrak Pistako Munduko Txapelketa izango du berriro helburu aurten, iaz omnium proban hamabigarren eta kanporaketa proban bederatzigarren izan ondoren. Etorkizunari begira 2024. urtean Parisko Jokoetan egotea da bere helburu nagusia pistan, baina errepidean lasterketa gehiago korritu nahi ditu.
Eukene Larrarte (Tolosa, 1998) Bizkaia Durangon arituko da aurten errepidean egutegi zabalagoa izateko. Gipuzkoa Ogi Berri, Eneicat eta Laboral Kutxa taldeetan pistari eman dio lehentasuna azken urteetan, baina aurten errepidearen aldeko apustua egingo du, pista baztertu gabe. Italiako Giroan parte hartzea motibazio handia da berarentzat.
Nola baloratzen duzu urtea, Laboral Kutxa taldearekin errepidean UCI mailan aritu ondoren?
Nahiko positiboa izan da, baina uste baino nazioarteko proba gutxiago izan ditut. Maiatzean karrera batzuk galdu nituen, Valentziako Itzulia adibidez, pistako Munduko Kopako proba batekin batu zitzaidalako. Zaila izan zen erabakia, baina helburu nagusia Pistako Munduko Txapelketara joatea zen eta hori lortzeko sailkatu beharra nuen. Hong Kongera joan ez banintz ez nintzateke sailkatuko eta ez naiz damutzen, baina bai pena izan zela lasterketa batzuk galtzea. Urtean zehar karrera gehiago izatea espero nuen. Motz gelditu nintzen alde horretatik, baina korritutako probetan taldekideekin oso gustura sentitu nintzen.
UCI mailan Valentziako Klasikoa, Donostiako Klasikoa, La Picto Charentaise eta Vuelta korritu zenituen, zazpi egun soilik, eta Europako Txapelketa. Horregatik erabaki duzu Laboral Kutxa utzi eta Bizkaia Durangora joatea?
Bai. Errespetatzen dut Laboral Kutxak beste ideia bat daukala, ez dakit zer punturaino eraman nahi duen taldea nazioarteko mailara, eta ikusi nuen egutegi osatuagoa behar nuela. Oso gustura nengoen taldekideekin eta pena handia eman zidan, baina egutegiaren aldetik beste zerbait behar nuen eta Bizkaia Durangok hori dauka.
Horregatik aldaketa. Volta Valencia, Itzulia, Vuelta a Burgos, Italiako Giroa eta Belgikako lasterketa batzuk daude nire egutegian. Egongo dira itzulietan etapa gogorrak, niretzat egokienak ez direnak, baina beste askotan aukerak izango ditut zerbait egiteko. Material aldetik ere zerbait gehiago eskaintzen zuen Bizkaia Durangok.
«Oso gustura nengoen Laboral Kutxan eta pena handia eman zidan taldez aldatzeak, baina egutegiaren aldetik beste zerbait behar nuen eta Bizkaia Durangok hori dauka»
Donostiako Klasikoan parte hartzea polita izan zen zuretzat?
Ez nuen bukatu bi zulatu izan nituelako! Lehenengoa hasieran. Ihesaldia harrapatu nuen taldekideekin batera eta Aiako jaitsieran zulatua izan nuen eta hor azken talderaino pasa nintzen. Gero atzetik aurrera egin nuen lasterketa eta lehenengo taldera iritsi nintzen Jaizkibelgo hasieran.
Ahal nuen bezala igo eta helmugatik ondo pasa nintzen, baina gero Murgilen beste zulaketa bat izan nuen; denbora asko galdu eta gurpila zulatuta iritsi nintzen helmugaraino, baina pozik. Ez nuen bukatu, ibilbide guztia egin nuen, baina denboran ez nintzen sartu. Ez da niretzako lasterketarik egokiena, baina etxekoa da, oso ondo ezagutzen dut eta ea etorkizunean ihesaldi batean goza dezakedan.
Lehen lasterketan Valentzian hamargarren postua lortu zenuen esprintean, txirrindulari onen aurka. Ikusten al duzu zure burua esprintak lehiatzen?
Nik egia esan ez dut nire burua esprintertzat jotzen. Egia da pistatik natorrela, eta abiaduraz baliatu naitekeela talde txikietan. Ez naiz esprinter ona, ezta eskalatzailea ere, baina zenbait mendate pasa ditzaket eta talde txikietan lehiatu. Egia da Valentzian Top 10 bat lortu nuela eta esprintetan sar naitekeela. Ez dut mugatzen nire burua, baina badakit esprinter garbi bat ez dudala izan nahi.
Giroan parte hartzea da aurtengo erronka nagusia?
Selekzioan nago, baina postua irabazi beharko dut. Errealista izan beharra dut. Hamar eguneko lasterketa da, eta inoiz ez dut korritu hain proba gogorrik; ea nire gorputzak nola erantzuten duen. Joan nahiko nuke eta egun batzuetan indarrak gorde besteetarako. Esperientzia hori pasa nahi dut. Helburu polita da.
«Giroa hamar eguneko lasterketa da, eta inoiz ez dut korritu hain proba gogorrik, baina joan nahiko nuke. Esperientzia hori pasa nahi dut. Helburu polita da»
Errepideko Europako Txapelketara ere joan zinen iaz. Esperientzia asko bizitzen ari zara...
Bai, baina falta zait urte bat egutegi on batekin egitea, eta hurrengoa ere bai. Hau izango da lehenengo urtea nahiko trinkoa izango dena errepidean eta nahiko nuke hurrengoa ere horrela izatea, eta hurrengoa...
Hori lortzeko, lehentasuna emango al diozu aurten errepideari?
Biak egiten saiatuko naiz. Olinpiar Jokoak, Parisera joatea, da nire helburua eta horretarako aurtengoa ez da horren garrantzitsua sailkatzeko. Pista egingo dut, derrigorrezko diren probetan parte hartuko dut, baina errepidean ere zentratu nahi dut eta ahalik eta lasterketa gehien egin. Agian lehentasuna emango diot. Aurten Munduko Kopako proba baten eta Volta Valenciaren artean aukeratu behar badut, Valentziara joango naiz. Ez da aurreko urteko egoera berdina.
Iaz pistan lortu zenuenarekin pozik egongo zara: Munduko Txapelketan eta Txapeldunen Ligan onenekin aritu ziten...
Pistako denboraldiarekin oso pozik geratu nintzen. Ez dakit oraindik lortutakoa ondo barneratu dudan: lehen Munduko Txapelketan, omnium proban, proba olinpiko batean, ia lehen hamarretan sartzea... Gainera, nik dakidala, orain artean ez da inoiz egin bertan parte hartzeko sailkatze proba eta horrek meritu handiagoa ematen dio hamabigarren postuari. Munduko Txapelketan lortutakoari garrantzi gehiago ematen diot, batak bestea ekarri zuelako; bertan rankingean eskuratutako postuari esker sartu nintzen gero Txapeldunen Ligan. Aste pare bat lehenago jakin nuen. Munduko Txapelketaren ondorioz etorri zen Txapeldunen Liga.
«Pistako denboraldiarekin oso pozik geratu nintzen. Ez dakit oraindik lortutakoa ondo barneratu dudan: lehen Munduko Txapelketan, omnium proban, proba olinpiko batean, ia lehen hamarretan sartzea...»
Proba ederra da abian jarritako Txapeldunen Liga, ezta?
Pistarentzako oso onuragarria izango da. Pistak behar zuen bultzada txiki bat. Ekonomikoki ezin zara pistara bakarrik dedikatu eta horrelako zerbait sortzea beharrezkoa zen publikoa erakartzeko. Nire etxeko azpiko tabernan inoiz ez dute pistarik jarri eta aurten bai. Ni ikusteko aitzakiarekin pistara engantxatu da jendea eta gustatu egin zaio. Probak ezberdinak ziren eta horretara moldatzea kostatu zitzaidan, oso lasterketa motzak ziren, esplosiboak... Bidaia kontuak, bizikletak muntatu eta prestatu, bakarrik zoaz, ez daukazu Federazioko inor laguntzeko... Kostatu zitzaidan, baina asko ikasi dut eta lagunduko dit.
Hurrengo urtean gustatuko litzaizuke errepikatzea eta Munduko Txapelketan parte hartzea?
Bai, helburua bertan egotea da, horretarako postua irabazi behar da eta ea gero Txapeldunen Ligan ere errepikatzea dudan. Halere, badaude gauzak hobetzeko. Urrian bukatzen da Munduko Txapelketa eta gogorra egiten da gero jarraian Txapeldunen Liga lehiatzea, luze egiten zaigu denboraldia bi modalitateak egiten ditugunoi. Buelta batzuk eman behar dizkiote formatuari. Aldaketa batzuk sartzen badira prest nago berriro parte hartzeko.
Etorkizunari begira, Parisko Jokoetan izatea da helburu nagusia?
Bai, gustatuko litzaidake, eta errepidean ere nire helburuak betetzen lagunduko didan talde batean egotea. Oraingoz, Bizkaia Durango da, eta ehuneko ehunean babesten naute pistan dauzkadan helburuetan ere.
Aurten, gainera, munduko errepideko txapelduna pistard bat izan da...
Bai, beste herrialde batzuetan egiten dena ikusi eta aldea handia da. Elisa Balsamo nire adinekoa da gainera. Nire lehen Munduko Txapelketan, juniorra nintzela, ezagutu nuen, bizikletan hasi eta bigarren urtean; justu-justu nekien bizikletan ibiltzen. Berak dena irabazi zuen eta begira urte batzuetara non dagoen, munduko txapeldun!
Oso azkar pasa zinen Tolosako futbol taldeko atezaina izatetik Pistako Munduko Txapelketara...
Txikitatik oso ume mugitua nintzen. Amari esker kirol asko egiten nituen, dena probarazi zidaten, eta azkenean Laskorain ikastolan kuadrillarekin futbol taldea atera genuen. Handik Tolosara pasa ginen eta futbolari heldu nion atezain bezala. Iritsi zen momentu bat futbolaz aspertu edo beste kirol mota bat probatzeko gogoa neukala, agian bakarkako zerbait. Fisikoki nire burua noraino iristeko gai zen ikusi nahi nuen.
Aita betidanik ibili da bizikletan eta hori zen ordura arte probatu ez nuen kirol bakarra. Hala, berarekin igandetan ateratzen hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan eta Tolosan zegoen txirrindulari taldearekin hasi nintzen junior mailan, Ogi Berri Gipuzkoa. Ainhoa Artolazabalekin jarri ginen kontaktuan eta konturatzerako lehiatzen hasi nintzen; hurrengo urtean Munduko Txapelketan nintzen Espainiako txapelketak irabazi eta gero. Orain atzera begiratu eta pentsatzen dut hasiberria nintzela, ez neukala ideiarik. Baina hortxe joan nintzen Europako Txapelketara eta Mundukora, eta inflexio puntu bat izan zen. «Asko geratzen zait, urruti nago aurkariengandik, baina hau nahi dut», esan nuen. Eta orain arte.