Bidasoak eta Anaitasunak astearte honetan ezagutu dituzte Kopan beren lehen aurkariak izango diren taldeak. Astearte honetan zozkatu dira hirugarren kanporaketako sei norgehiagokak eta lehia hauetako irabazleek toki bat izango dute Antequeran (Malaga) jokatuko den azken fase erabakigarrian, martxoaren 25etik 27ra bitartean jokatuko da.
Irundarrek Benidorm izango dute aurkari eta lehen partida Artalekun jokatuko da, otsailaren 2an. Itzulerakoa otsailaren 9an jokatuko da Benidormen.
Nafarrek, aldiz, Valladoliden jokatuko dute joanekoa eta erabakigarria izan daitekeen partida Anaitasuna kiroldegian jokatuko dute.
Biak ala biak lehia estuak izatea aurreikusten da Asobal Ligan orain arteko ibilbideari erreparatuz gero. Bidasoa Irun laugarren sailkatua da –bi partida gutxiagorekin– eta seigarren postuan dagoen Benidorm kanporatu beharko du azken fasean egon nahi badu.
Hain zuzen ere, Gabonetako oporrak eta Europako txapelketako etenaldiaren aurretik, beraien arteko lehia zuzenarekin agurtu zen 2021. urtea. Gutxigatik, gol bakarrarengatik, Benidormek irabazi zuen dema (28-27).
Anaitasunari dagokionez, Kopan bere aurkaria izango denak baino denboraldi txukunagoa ari da egiten ligan. Zortzigarren postuan daude nafarrak; hamabigarrenean Valladolidekoak. Beraien arteko lehia zuzena iruindarrentzat izan zen, bosgarren jardunaldian jokatutakoa (27-30).
Astearte honetan zozkatu diren sei kanporaketetako irabazleez gain, pasa den urteko irabazle Bartzelona eta etxean jokatuko duen Antequera lehiatuko dira Kopako final-laurdenetan. Hirugarren kanporaketa honetara, Zilarrezko Mailako talde bakarra iritsi da, San Pablo Burgos. Angel Ximenez Puente Genil izango du arerio.
Kopako hirugarren kanporaketako norgehiagokak
Bidasoa Irun-Benidorm
Recoletas Atletico Valladolid-Anaitasuna
Bada Huesca-Frigorificos Morrazo Cangas
Balonmano Sinfin-Fraikin Granollers
Abanca Ademar Leon-Viveros Herol Nava
Angel Ximenez Puente Genil-UBU San Pablos Burgos