«Ohore bat izan da proposatu izana, baina emaztea izateagatik ez zait berezia iruditu, nik hartu dut gauza normal bat bezala. Kultura mailan emazteek lan handia egiten dute, eta normaltasunez ikusten da gizarteko beste eremuetan ere, beraz, zentako ez errejent bezala?», nabarmendu du Maite Davantek aurten Muskildin egingo den ‘Simone Veil’ pastoralean izanen duen zuzendari postuari buruz. Lan horretan berria izanik, joan den urteko pastoralaren errejenta eta aurtengoaren idazlea den Battitta Berrogainen kontseiluak izanen ditu: «Uzten dit entseatzeko lehentasuna, baina nik bere laguntza behar dut, erranen dugu errejentaren errejenta dela. Berak ez du nahi bere izena ematea, transmisio lana egin nahi duelako».
Berrogainek argi adierazten du Davantek duen nagusitasuna: «Maite izanen da errejenta, eta badirelarik duda edo galdera zenbait, elkarrekin ikusiko dugu nola egin eta zer adostu, baina berak deliberatuko du tornadak nola egin, eta zer erran jendeari; ni hor nauzu laguntzeko behar delarik, besterik ez».
Izan ere, Berrogainek idatzitako testua taula gainean nola eramana izanen den deliberatu beharko du Jean-Louis Davant pastoral idazle aditu eta euskaltzain osoaren ilobak. Koreografia horretan dantzak eta kantuak garrantzitsuak dira, eta horien kudeaketa daramaten Iban Etchegoinberri eta Remy Mugordoi dantza irakasleekin eta bereziki Sophie Larrandaburu kantoreen moldatze eta eramailearekin aurrera eramaten duten talde lana aipatu du errejentak, obraren osaketan guztiek duten garrantzia aipatuz.
Errejent gisa Davantek berritasunik sartzeko asmorik ote duen galdetuta, «agian bai» erantzun du. Segur erran duena da joan den urtean bere osabak idatzi zuen ‘Abdelkader’ pastoralean Berrogainek errejent gisa sortutako satanen pareko dantzari urdinak atxikiko dituela: «Satanak ematen dira gorriak sartzen direlarik, eta dantzari urdinen sartzeak erritmoa emateko baliatzen ahal dira, bereziki eszena anitz segidan urdinek emanik direlarik».
Simone Vail
Simone Vail sujeta Berrogainen hautua izan da, eta Muskildiko biztanleei «egokia iruditu zaigu, izan kontzentrazio zelaietan bizitu zuen tragediarengatik, izan emazteak beren gorputzaz jabe izateko eraman zituen gudukengatik, izan justizia sailean egin zuen lanarengatik, izan Europar Batasuneko herrien artean anaitasuna azkartzeko ukan zuen nahiarengatik».
Egindako hautuaren arrazoia horrela borobildu dute muskildiarrek: «Simone Veilen bizitza eredu da guretako. Battitta Berrogainek erraten duen bezala, erne egon behar dugu autoritarismo arrisku ororen aitzinean». Herritarrak sujetaren familiarekin harremanetan jarri ziren, beraien baimena jasotzeko.
Berrogainentzat ere aurtengo lana berria izan da: «Esperientzia aberatsa izan da. Pastorala idaztea ez duzu aisa, ikerketa lana ere baduzu. Izan naiz errejenta, arizalea, dantzaria, soinugilea eta nahi nuen pastorala ezagutu idazlearen aldetik. Kodeak ezagutzen ditut, baina, Jean-Louis Davantek erraten duen gisan, hautatu egin behar da erran nahi duzuna, ez dituzu denak kontatzen ahal».
Aurten hiru emanaldi eginen dira, bakoitzean jende gutxiago izan dadin; 1.500 toki izanen dira –pandemia aitzin 3.000 eta 4.000 artean izaten ziren–. Iaz 1.000 lagunentzako tokia zuen egitura prestatu zuten, eta horrek anitz aldatu zuen ikusleen eta arizaleen arteko harremana, hurbiltasuna anitz handitu zen, eta hori dela eta egitura errepikatzearekin kontent agertu da Berrogain: «Hurbiltasun horrekin hobeki sentitzen duzu».