Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Alaveseko bigarren taldeko atezain Owono, Ekuatore Gineako selekzioaren «eredu»

Alaveseko bigarren taldeko Jesus Owono eta Alex Balboaren Ekuatore Gineak aurrera jarraitzen du Afrikako Kopan. Ostegun honetan Sierra Leona hartu zuten menpean Owonok gelditutako penalti jaurtiketari esker. Final zortzirenetarako txartela lortu du E multzoko bigarren sailkatu gisara. 

Owonoren geldiketa Sierra Leonako Kamararen penalti jaurtiketan.
Owonoren geldiketa Sierra Leonako Kamararen penalti jaurtiketan. (Issouf SANOGO | AFP)

Astean Estatu espainoleko irratsaio El Largueron emandako elkarrizketa batean, Jesus Owono Alaveseko atezainak onartzen zuen Benjamin Zarandona jokalari ohia «eredu» zela berarentzat. Gaztelerazko elkarrizketan euskarazko hitza sartu zuen Ekuatore Gineako nazionalitatea daukan atezainak, Zarandonaren miresmen hitzak eskertu asmoz. 

«Besarkada bat helarazi nahi dizut, eskertu zuri eta Ekuatore Gineako selekzio osoari. Sekulako poztasuna ari zareten ematen ekuatoreginear guztiei. Gertutik ari gara jarraitzen, espero dut txapelketa honetan urrutira iristea. Eta zuri aholku bat: izan pazientzia, oso ondo egiten ari zara eta seguru laster Lehen Mailan ariko zarela», adierazi zion Owonori Zarandonak. 

«Niretzat esanahi handia daukate zure hitzek, eredu zara», onartu zion, bestalde, atezainak. Hain zuzen ere, Donostian hazitako futbolariak Realaren aurka egin zuen debuta Lehen Mailan, Pacheco eta Siverak covid-19an positibo eman ostean. 

Aipatu elkarrizketa hau, baina, multzoen faseko azken partida jokatu aurretik izan zen. Ordura arte Ekuatore Gineak oso txapelketa txukuna egin zuen –Arjelia, egungo txapelduna, hartu zuen mendesan–, bere esku zegoen final zortzirenetarako sailkapena, baina lorpen hori ixtea falta zen. 

Ostegun honetan erdietsi du sailkapena Owono protagonista bilakatuz. Berdinketak ere balio zion baina azkenean 1-0 irabazi zuen 85. minutuan atezainak gelditutako penalti jaurtiketa bati esker. 

Multzoen faseko hiru partidetatik bi irabazita, merezimendu osoz lortu dute Balboak eta Owono Afrikako Kopako ibilbidea luzatzea. Atezaina, gainera, lehen fase honetan «eredu» izan da bere selekzioarentzat, Arjeliaren aurka garaipen lortzeko ezinbesteko pieza izan baitzen, atea hutsean mantenduz. Jardunaldiko geldiketa onenaren aipamena ere jaso zuen. Aurreneko jardunaldian, Boli Kostaren aurkako porrotean, jaso zuen orain arteko gol bakarra. 

Loumen Senegal ere aurrera

Alaveseko lehen taldeko Mamadou Loum ere final zortzirenetara sailkatu da Senegalgo selekzioarekin. Hurrengo asteartean, hilak 25, Cabo Verderen aurka jokatuko du kanporaketa.