Ez daude txorakerietarako ez Alaves ezta Bartzelona ere. Une delikatuak bizitzen ari dira bi taldeak, bakoitza bere mailan, eta beraz Mendizorrotzako estadiora mamuak uxatu nahi dituzten bi talde zelairatuko dira. Mamuak uxatu bai, baina nola edo hala porrota ere saihestu beharko dute biek ala biek.
Ez galtzearen beldur hori izan daiteke partidako protagonista, nahiz eta Mendilibarrek bere jokalariei «ausartak» izateko agindua eman dien.
Era berean, onartu du seguraski Bartzelonak golen bat egingo duela eta horregatik, bere taldeak aurpegia eman behar duelakoan dago. Arerioaren taldea ere goraipatu du, batez ere gaztetxoak egiten ari diren denboraldia, eta nabarmendu du klub katalanak «ezin duela negar egin daukan taldearengatik».
Athleticek Bartzelona Kopatik kanporatu zuen ostegunean eta Zaldibarkoarentzat, zuri-gorriek eginiko partida «eredu» gisa hartu behar dute. «Nire taldeak beti izan gara gogorrak, egin behar duzunaz konbentzituta atera behar zara, pentsatzen jarriz gero, atzerako urratsak emango baitituzu», adierazi du.
Hala, talde katalana estu hartu behar dutela nabarmendu du, goiko lerroetatik hasita. Horretarako, hain zuzen ere, «ausardia» behar delakoan da, atzean agian hutsune gehiago utziko baitituzu.
Mendilibarrek Alavesen gidaritza hartu zuenetik, taldeak gol bakarra egin du, penaltiz, Realaren aurka. Gol gabezia honi buruz itaun eginda, Zaldibarkoak onartu du makal dabiltzala alor horretan, gol-aukera gehiegirik ere ez dutelako sortu. Hori hobetzea giltzarri izan daitekeelakoan da, eta estrategia jokaldiei zuku gehiago ateratzeko nahia ere erakutsi du.
Aldaketak espero dira hasierako hamaikakoak, batzuk behartuta. Esaterako, Ruben Duartek min hartu zuen Benito Villamarinen eta bere lekua Javi Lopezek hartuko du. Lejeune itzuliko da atzeko lerrora eta erdialdean aldaketa gutxi espero dira. Ikusteke dago bi aurrelarirekin edo bakarrarekin –Joselu– jokatuko duen.
Bartzelona, bestalde, nekatuago iritsiko da Gasteizera, San Mameseko kanporaketak luzapena izan baitzuen. Hori gutxi ez eta Ansu Fatik berriro min hartu eta baja izango da Mendizorrotzarako.
Dembelek, zuzendaritzaren erabakiagatik, eta Depayek, min hartuta, ez dute jokatuko. Sergi Roberto, Umtiti eta Eric Garciak ere min hartuta jarraitzen dute.
Mendeurrenaren azken ospakizuna
Klub babazorroak, bestalde, bere mendeurrenaren azken ospakizun ekitaldia egingo du igande honetan, Bartzelonaren aurkako partidaren atarikoan. Piroteknia bidez agurtuko du mendeurrena, hala nola zaletuek karta joko erraldoiarekin topatuko dira estadiora sartzean. Jokalari ohi batzuk hurbilduko dira Mendizorrotzara; Manolo Serrano, Alberto Roth, Ibon Begoña eta Aitor Arregi, besteak beste.
Andoni Pereda Ortiz de Guzman eta Iñaki Ruiz Pereda, hain maitatua den 'La Paca' zaletuaren seme eta bilobak egingo dute ohorezko sakea.
Atsedenaldian "Animo pues" dokumentalean parte hartu zuten dantzarien eskutik, dantza ikuskizun bat eskainiko da.