NAIZ

IDK Euskotrenen aurkako derbiarekin amaituko da Lointek Gernika Bizkaiaren partida falta

Bizkaitarrek 42 egun eta gero Endesa Ligako neurketa bat jokatuko dute, 12.00etan Gasca kiroldegian. Kutxabank Araskik, aldiz, 18.00etan Logroñon jokatuko du Campus Promete taldearen aurka, eta Gasteiztik autobusez zaleak eramatea espero du.

Malosteko derbia (Jaizki FONTANEDA / FOKU)
Malosteko derbia (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Abenduaren 11an jokatu zuen Lointek Gernika Bizkaiak orain arte jokatu duen Endesa Ligako azken norgehiagoka. Egun hartan Bierzoko Benbibre taldearen aurka ezustean galdu egin zuen talde bizkaitarrak Malosten, eta harrezkero, Mersin Çukurovaren aurkako Eurocupeko kanporaketa hartan zentratu behar izan da, covid-19ak taldea goitik behera erasan du, eta hori guztia gutxi balitz, Ligako sei neurketa jarraian atzeratu behar izan ditu, talde gernikarraren edo bere aurkarien covid-19 kasuak direla medio. Orotara, 42 egun Ligako partidarik jokatu ezinik. Azken neurketa bera ere, Çukurovaren aurkako Turkiako partida xelebre hura, hilaren 4an jokatu zen.

Hargatik, hobe altuegi ezer ez esatea, igande eguerdia iritsi arte behintzat. Orduan ikusiko da ea IDK Euskotrenek eta Lointek Gernika Bizkaiak Gasca kiroldegiako derbia joka dezaketen edo ez. Hala bada, bigarren itzuliko aurreneko euskal derbia izango litzateke Donostian jokatuko den hau, aurreneko itzulian Malosten gernikarrek hankapean erabili zituzten Azu Muguruzarenak. Coulibaly oraindik taldera itzuli gabe zegoela baliatuz, 87-71 nagusitu ziren Mario Lopezenak.

Baina ordutik hona gauzak asko aldatu dira. IDK Euskotrenek Liga 0-4 hasi zuen, baina buelta eman dio bere egoerari eta Tenerifen 51-74 nagusitu berritan, Koparako txartela lortu du. Lauren Cox pibota iritsita, gainera, barruko jokoa benetan indartu dute Azu Muguruzarenek. Hala, Lointek Gernika Bizkaiak ez du Malosten adinako erraztasunik izango uztaipean nagusi izateko.

Are, igande eguerdiko derbia irabazteko faboritorik balego, etxeko taldeak beharko luke; besterik ez bada ere, bizkaitarrek denbora askotxo daramatelako jokatu ezinik. Egundoko neurketa maratoia gainera datorkie orain, batez ere aurreneko itzulia amaitzeko falta zaizkien norgehiagokak jokatze aldera eta Kopan lekurik duten ala ez ikusteko. Dena den, ziurrenik Gasca pabilioian lanak izango dituzte Mario Lopezenek ohikoak eta mekanikoak bihurtzen diren mugimendu horiek behar bezala egiteko.

Kutxabank Araski, Logroñon

Bestalde, Kutxabank Araskik 18.00etan Logroñon jokatuko du Campus Prometeren kantxan. Nahiz eta Gernika Bizkaiak adina garaipen pilatu uneotan, zazpi alegia, gasteiztarrak Koparako ia aukerarik gabe geratu dira IDK Euskotrenek Tenerifen irabazi ostean. Valentzia Basketen aurka berreskuratu behar dute atzeratuta geratzen zaien azken neurketa, eta sekulako aldeaz irabazi behar dute Madelen Urietarenek.

Baina Logroñoko partida bigarren itzuliari dagokio eta talde erioxarra gasteiztarren aurkari zuzena da play-offetara sailkatzeko bidean. Campus Priometek ere zazpi garaipen ditu eta aurreneko itzulian Mendizorrotzan partida estua lehiatu eta gero, 53-47 galdu zuten gasteiztarren aurka. Ondorioz, Kutxabank Araskik aurkari zuzen bat atzean lagako luke behin behinean, garaipena eskuratuz gero, partida irabazteaz gain bien arteko averagea ere Madelen urietarenek ermango luketelako.

Hargatik, talde gasteiztarrak autobusa antolatu du zaleak Logroñon ere izan daitezen. 16.00etan aterako dira Mendizabalako parkingetik eta partida amaitzeaz bat itzuliko dira. Autobuseko tiketa eta partidarako sarreraren prezioak 10 eurotik 20 eurora bitartean joango dira.