NAIZ

CAFek 130 milioi euroko kontratua lortu du Aucklanderako 23 tren unitate elektriko egiteko

Zeelanda Berriko hirian 2025 urtera arteko kontratua sinatu du, epe horretan saldu berri dituzten ibilgailu elektrikoen mantenketa lanak egin ahal izateko. 2011n mota horretako 57 tren eskuratu zituen Aucklandek, eta orain beste 15 eskatu dizkio Beasaingo enpresari.

Aucklandera 2011n eraman zituzten trenetako bat.
Aucklandera 2011n eraman zituzten trenetako bat. (CAF)

CAF enpresak kontratu berria sinatu du Zeelanda Berriko Auckland hirirako 23 tren unitate elektriko berri egiteko. Kontratuaren zenbatekoa 130 milioi euro baino gehiagokoa da, eta ibilgailuen mantentze lanak ere barne hartzen ditu, 2025eko amaierara bitarte. Gainera, kontratua beste bost unitaterekin handitzeko aukera ere jasotzen da.

2011ko amaieran CAF Taldeari esleitu zioten kontratuaren ondoren iritsi den proiektu berria da. Orduan, hasiera batean 57 unitate hornitu ziren, eta horiei beste 15 unitate gehituko zitzaizkien gero. Gaur egun, emandako 72 unitateek Aucklanden zerbitzu komertziala eskaintzen dute.

Ordutik, CAFeko iturriek nabarmendu dutenez, trenek fidagarritasun handia erakutsi dute egindako 33 milioi kilometro baino gehiagotan zehar, eta faktore hori ezinbestekoa izan da Aucklandeko garraio publikoan gertatu den erabiltzaileen igoerarako.

Unitate berriak bezero berberari aurretik hornitutako 72en antzekoak izango dira. Unitate bakoitzak hiru kotxe izango ditu, kabinadun bi motordun kotxe muturretan eta tarteko atoi kotxe bat, hain zuzen. 380 bidaiarientzako edukiera izango du.

Kotxeen egiturari dagokionez, altzairu herdoilgaitzez fabrikatuko dira eta bakoitzak bere alboan bi ate izango ditu bidaiariak sartzeko. Horrez gain, tarteko kotxeak zoru baxua izango du eta horrek asko erraztuko du mugikortasun urriko pertsonak eta gurpildun aulkia erabiltzen dutenak sartzea.

Kontratu honi esker, CAFen presentzia finkatu du eskualde horretan. Izan ere, Auckland Transport konpainiarako kontratuez gain, CAFek proiektu ugariren esleipena lortu du Australian 2010ean filiala sortu zuenetik. Horien artean nabarmentzen dira Parramattako tren arinerako proiektu berrienak eta Hegoaldeko Gales Berriko estaturako bi-modo'eskualdeko trenak.