NAIZ

Autoei eremu publikoaren %25 kentzeko asmoa du New Yorkek

Airearen kalitatea hobetzea helburu, Eric Adams New Yorkeko alkateak berriki hasi duen legegintzaldian hainbat neurri hartuko dituela iragarri du: besteak beste, bizikletaren erabilera sustatuko du, autobus-erreiak hobetu eta errepide batzuk oinezkoentzako kale bihurtu.

Hainbat auto eta txirrindulari bat New York-eko Brooklyn zubia zeharkatzen.
Hainbat auto eta txirrindulari bat New York-eko Brooklyn zubia zeharkatzen. (Getty)

Hasi berri den legegintzaldiaren asmo gisa, New York hiriak autoei hirigunearen %25 kendu nahi die erabilera publikoei emateko; hala nola autobus- edo bizikleta-erreiak, oinezkoentzako gune berriak, berdeguneak edo espaloi zabalagoak egiteko.

«Ez zaigu gustatzen 'kaleak itxiko' direla esatea, kontrakoa da: oinezkoentzat eta jendearentzat irekiko dira», esan dio Eferi Ydanis Rodriguez Garraioetako ordezkariak. Eric Adams alkate berriak izendatu zuen, zeinak urtarrilaren 1ean hartu zuen bere gain agintaldia.

Erabilera publiko berri horien artean «eskola irekien» hedapena ere egongo da, hau da, covid-19aren ondoriozko konfinamendu-garaian sortutako ideia baten jarraipena. Eskola-jarduera batzuk ikastetxeen aldameneko kaleetara edo plazetara ateratzeko aukera eman zuen.

Modu berean, alkatetzak «jatetxe irekiak» sustatuko ditu, hau da, terrazak. New Yorken arraroak ziren pandemia aurretik, baina osasun krisiaren ondorioz ostalaritzako arduradunak zerbitzua kalera zabaltzera animatu zituzten agintariek, batzuetan galtzadetako errei osoak lapurtuz, nahiz eta sarri plastikozko burbuila klimatizatuak erabili behar izan dituzten neguko hotza jasan ahal izateko.

Planaren epeak eta aurrekontua zehaztea falta da, baina Eric Adamsen agintaldi osoan gauzatuko da. Rodriguez bera bezala, bizikletaren defendatzaile ezaguna da alkatea.

«Autoa behar ez den hiri bat da gure helburua», gehitu du Rodriguezek, nahiz eta baztertu egiten duen automobil partikularra erabiltzea zigortzen duen edozein neurri.

Inoiz baino bizikleta gehiago

Egun arrunt batean, 530.000 bidaia egiten dira bizikletaz New Yorken, 773.000 hiritarrek erabiltzen du bizikleta hilean behin baino gehiagotan.

Urtean %4,7 hazi da bi gurpildun ibilgailuaren eguneroko erabilera, eta hamar urte atzerako datuekin konparatuta, bidaia-kopurua bikoiztu egin da (2009 eta 2019 bitartean).

Gaur egun, hirian 2.212 kilometro daude prestatuta bizikletan ibiltzeko, baina 878 kilometro bakarrik daude «babestuta» –hau da, hesi «gogorrez» bereizita–, eta horrek ez du lagundu azken urteetan hildako txirrindularien kopuru handi samarra saihesten: 28 izan ziren 2019an, 26 2020an eta 19 2021ean.

Alkatearen asmoa da babestutako 483 km errei gehitzea, eta bizikleta-bide guztiak lehentasunezkotzat jotzea haiek garbitzeko (bereziki elurteen ondoren), kontuan hartuta «lantokiak» direla gero eta ugariagoak diren janari-banatzaileen komunitatearentzat, errei horietatik abiadura bizian mugitzen baitira.

AEBetako autobus geldoenak

New York-eko autobusak Estatu Batuetako geldoenak dira, Udalak onartzen duenez: orduko 12 kilometroko bataz bestekoarekin, puntako orduetan oraindik gehiago jaisten da abiadura. Horrek azaldu dezake lau urtean erabiltzaile kopurua %13 jaistea.

Alkatetzak lanean ari da autobus-erreiak hobetzeko, baina, batez ere, semaforo adimendunen sistema bat ezarri nahi du (14.000 bidegurutze daude hirian semaforoekin), autobusek lehentasuna izan dezaten autoen aurretik pasatzeko.

Tokiko gobernuak argi dauka autobusa dela metroa iristen ez den auzo periferikoetan (eta pobreenetan) erabilgarri dagoen garraiobide publiko bakarra. Horregatik, autobus-zerbitzua hobetzea funtsezkoa da auzo horien bizi-maila hobetu eta biztanleak bertan finkatzeko, auzo horietako exodoa saihestuz, komisarioak gogorarazi duen bezala.

Oinezkoentzako bideak

Alkatearen planen barruan, kaleak oinezkoentzat bihurtzeko bidean aurrera egitea ere badago, Europako ereduekin alderatuta dena egiteke baitago New Yorken: Times Square ingurua da oinezkoentzako eremu bakarra (eta ez erabat).

Eric Adamsen plan guztien azken helburua airearen kalitatea hobetzea da: konfinamenduan, New Yorkeko kaleetan autoa desagertzeak %23ko jaitsiera ekarri zuen mikropartikulen airearen kutsaduran, eta horregatik, ibilgailuen zirkulazioa modu iraunkorrean murrizten bada, Udalak uste du %34 jaitsiko dela.