Hamarnaka pertsona elkartu zaren ostegunean Lohizüne-Oihergiko Beti Aitzina etxaldearen aurrean, bertako laborariak diren Julen Perez eta Sabrina Larzabali sostengua erakusteko, beraien kriaxera espezieko 1.100 ahateak sakrifikatzeko eraman zituzten momentuan elkartasuna helarazteko. Hegazti-gripearen aztarnak atzeman zuten animalietan, eta hil behar zirela ezartzen du Gobernuak eritasunari aurre egiteko daraman politikak. Justuki ibilmolde gobernutar hori salatzeko protesta ekimena deitua da larunbatean Donapaleuko karriketan.
Euskal Herriko Laborarien Batasuna sindikatuak elkartasun osoa erakutsi nahi izan die: «Denak beldur ginen gertatuko zela, Julen eta Sabrina ikaran ziren, azkenean bi gazte hauek hazle guzien amets gaiztoa bizitzen, pairatzen ari dira. Hegazti gripea eritasuna ekarri ondoan, kabale guztien hiltzera kondenatu ditu».
Populazioen Babeserako Zuzendaritza Departamentaleko albaitariak bertaratu ziren etxaldera, handik hiltegira eramateko. Hegazti-gripearen presentzia atzemana izan zen, zaintza berezian zelako etxaldetik hiru kilometrotara zegoen beste gune batean atzeman zutelako. H5N1 aurkitu badute ere, ahateak ez zirela eri ere jakinarazi dute, izan ere agerian gelditu da kriaxera arraza, hobeki atxikitzen diola gaixotasunari.
Horrela adierazi zion Perezek Kazeta.eus hedabideari, hegaztiak sakrifikatu baino lehen egindako elkarrizketan: «Kriaxera arrazarekin jakina da azkartasun gehiago dutela eritasunarekiko. Baliabide guztiak erabiltzen ditugu hori gertatzeko. Historiak erakusten digu beti ere sail luzeko ahateak direla kontaminatuak izan».
2017an Gabadin
2021ean Bidaxuneko etxalde batean ere agertu zen gripea, eta hegaztiak bizirik utziz esperimentazio gune bilakatu zen eta laborarien sindikatuak salatu du, «nahiz eta emaitzak onak izan eta kabalak ez eritu, administrazioa bere teman egon zen eta kabala guziak hilarazi zituen udan».
2017an Bernadette eta Pettan Prebende izan ziren egoera horretan. Azken honek argi adierazten du Gobernuak egoera honetan daukan erantzunkizuna: «Estatuak badu erantzukizun handi bat, beraz galdegiten diogu bere ardurak hartzea», dio Pettan Prebendek.
Egoera pairatu duten Julen Perez, Bernadette eta Pettan Prebende bat datoz beren aldarrikapenetan. «Etxe ekoizleentzat gure araberako legedi bat sortzea galdegiten dugu, sortzen dugun arriskuaren arabera».
Mobilizazioa
Mobilizatzea sekulan baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu du ELBk, eta 14:00etan Donapaleuko karrikak betetzeko deia egin du, bai haien bizibide diren kabalak galdu dituztenen sostengatzeko, baina bereziki «Ministeritzako zentzugabeko politika santiarioaren salatzea baitaezpadakoa delako». Zentzu horretan nabarmendu dute, urtetik urtera gripea hedatzea ez dela saihesten azpimarratu du euskal sindikatuak, 2015etik krisia errepikatzen baita.
Urtero errepikatzen den sakrifikatze politika kritikatu dute Euskal Herriko laborariek. Salatu dute, horrek ez duela hegazti-gripea urtero hedatzea saihesten, eta benetako arazoa etxaldeen industrializazioa dela aldiz, hori dela eta eredu hori gelditzea litzatekeela egokiena.
«Zentzuzko kudeaketa» sanitarioa eskatzen dute, non etxalde txikien berezitasuna kontuan hartuko litzateken. Hazkuntza industralizatuekiko dagoen ezberdintasuna horrela azaldu du ELBk: «Etxalde barneko funzionamendua ez da kabale bizirik ateratzen etxaldetik, kanpoko parte hartzalerik ez da, ondorioz beren etxaldea babesten dute eta ez dituzte beste hazkuntzak lanjerrean ezartzen».
Hego Euskal Herria, Estatu frantsesa eta Europa
Nafarroan otsailaren 15era arte, hegaztiak aire zabalean ezin izango dira egon. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere eraikin hetsietan egon behar direla agindu du.
Hego Katalunian urtearen hastapenean identifikatu ziren lehen hegazti eriak, hori dela eta horien kontrako neurriak indartzea erabaki zuen Estatu espainiarreko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeritzak.
Estatu frantses guztian urtarrilaren 27 honetan 295 haztegitan atzeman dituzte gripea duten hegaztiak, 27 kasu ere detektatu dituzte fauna basatian, eta 6 oilategietan. Departamentu ukituenak Landak eta Ipar Euskal Herria barne hartzen duen Pirineo Atlantikoak dira, nahiz eta Pirineo Garaietan eta Gersen ere presentzia handia baden.
Europa mailan 29 estatutan agertu da H5N1 birusa, 400 etxaldetan eta 700 fauna basatian. Abuztuaren bukaera aldean agertu ziren lehen kasuak, bereziki Ipar Itsasoan eta Itsaso Baltikoan.