Xabier Izaga
Erredaktorea Gaur8 aldizkarian. Idazlea

«eRRe», kategoriak ezabatzeraino lausotzeko gonbit diziplinartekoa

Oihana eta Haizea Arana ahizpek, Aner Peritzek eta Leire Vargasek sortutako «eRRe» ikuskizuna otsailaren 5ean estreinatuko da Durangon. Bertsolaritza dute abiapuntu eta marko, antzerkiarekin, narrazioarekin, poesiarekin eta musikarekin uztartuta. Lankuk ekoitzi eta Edurne Azkaratek zuzendu du.

Haizea Arana, Aner Peritz, Leire Vargas eta Oihana Arana
Haizea Arana, Aner Peritz, Leire Vargas eta Oihana Arana (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Elkar ez erretzeko, erre. Txinparta batek salto egin du Haizea eta Oihana Aranaren, Aner Peritzen eta Leire Vargasen gogoeta honetatik: «Zer da burua gorputzik gabe? Bizitza heriotzarik gabe? Zer da natura kulturarik gabe? Eta emakumea gizonik ez bada? Guztiak bi; bata beti bestearen muga eta definizio. Baina inoiz ez berdinetik berdinera. Erre ditzakegu kategoriak batak bestea erre beharrean?». Txinparta sute bihurtu eta otsailaren 5ean oholtzara eramango dute Durangon. Gasteizko Amaia zentrora bildu ohi dira entseatzeko, eta bertan luze mintzatu dira “eRRe. Aldarri bat bertsoz” ikuskizunaz.

Beren emanaldian jendartearen antolaketan dauden hainbat dikotomia aztertu eta plazaratzen dituzte. «Kategoria horietan zapalduaren eta zapaltzailearen rolak islatzen dira. Besteak beste, emakume/gizon kasua aipatu dugu, hor argi dago, baina gaztetasun kontuarekin eta beste hainbesterekin ere gertatzen da; orduan, proposatzen duguna da zapaldu eta zapaltzaile rolak existitu beharrean, kategoria horiek lausotzea edo horiek amaitzea bide bat izan daitekeela», dio Vargasek, eta Oihana Aranak jarraitu du: «Egin duguna da beti egiten den banaketa guztiz artifizial hori marko bezala hartu eta hortik abiatzea, guri interesatzen zaizkigun gaiak, zeharkatzen gaituzten gaiak plazaratzeko, horien inguruan gure iritzia emateko, hor gertatzen diren gatazkak eta guri egunerokoan eragiten diguten gatazkak ikusarazteko».

Beheko sua

Behin abian, dualismoetan hausturak proposatzen ditu bertsoz, antzerkiz, narrazioz, poesiaz eta musikaz osatutako obrak. Genero ikuspegia ardatz, hainbat gai aztertuko ditu: LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, «eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma, beste dualismo batzuekin batera».

Ez dute zalantzarik egiten dualismo horiek artifizialak direla, botere harreman horiei bide emateko erremintak direla, botere harreman horiek defendatzeko, erreproduzitzeko eta justifikatzeko. «Sinetsarazten digute hori zerbait naturala dela eta ez irakatsi diguten zerbait, bat goian badago, besteak behean egon behar duela adierazteko». Eta ikusarazi nahi dute hori ez dela zerbait berezkoa, baizik eta eraikia, interes batzuen inguruan eraikia eta denentzat kaltegarria.

Azpimarratu nahi dute azalpenok ez dituztela teorikoki lantzen, ez direla sermoirik ematera etorri eta gai hauen gainean irakurri dutelako, jantzi direlako dakitela, «baina hein handi batean, eta niretzat garrantzitsuagoa da hein handi hori, guk bizi izan ditugulako», argitu du Oihana Aranak. Hau da, teoriatik baino areago beren gorputzetatik kontatzera datozela diote, «eta akaso horregatik dauka indarra, zeren teorikoki azalduko dutenak hamaika izango dira gu baino hobeak, baina geuri buruz geuk baino hobeto hitz egingo duenik ez dut uste».

Piromania

Hamar piezak osatzen dute ordubete inguruko ikuskizuna. Gai asko jorratzen dituzte eta dualismo bat baino gehiago landu. Hamar eszenatan banatuta dago, nahiko markatuak eta beregainak, baina badute loturarik eta denek osatzen dute emanaldia, «horregatik egin dugu emanaldi bat eta ez hamar miniemanaldi», dio Peritzek irribarrez. «Gai batzuk modu desberdinean lantzeko okurritu zaizkigu hamar eszenak, baina garapen oso logiko bat dago hasieratik amaierara, badago lotura bat eta hasieran planteatzen den eszena bat amaieran aldatu egiten da, badago eboluzio bat, eta forman ere antzematen zaio garapen hori, baita gaiei dagokienez ere».

Eszena batzuk euren bizipenetan edo hurbiletik bizi izan dituzten gertakarietan oinarrituta daude; beste batzuk ez, baina bai, betiere, sentitu izan dituztenetan.

Hiru ardatz

Garrantzitsua iruditzen zaie nabarmentzea talde gisa nondik datozen, nola batu diren, ikuskizuna beren bizipenetatik «edo sentitu, ikusi, antzemandakoetatik sortutako zerbait» denez gero. Alde batetik, bertso munduak batzen ditu; bertso munduaren barruan, gazteak izateak, eta beste alde batetik, lau partaideok marikak edo bollerak izateak. Emanaldiak hiru ardatz horiek ditu eta ezinbestean gaztetasunetik eta marika eta bollera izate horietatik bertsoz hitz egiten dutela azaldu dute.

Definitu gabeko ikuskizuna

Diziplinarteko emanaldia da, ez da genero zehatz batekoa, eta «gauzak esateko» ere baliatu dute hori, edukiaz gain, formak ere bai baitu zeresanik eta ez dute ausaz aukeratu. Gauza bakoitza esateko forma bat dago, eta horrekin eta forma bakoitzari esleitzen dizkioten etiketekin jokatu nahi izan dute. «Horrekin ere estutu nahi izan dugu geure burua, baita entzulea ere».

Bertsolaritzak batu ditu, baina bakoitzak bere aldetik beste sormen diziplina batzuk jorratzen ditu. Izan ere, Leire Vargasek eta Oihana Aranak, esate baterako, ibilbidetxo bat egin dute literaturan, Aner Peritz musikaria da... Eta egiten dakiten guztia baliatzen dutela dio Oihana Aranak. «Eta egiten ez dakigun gauzak ere egin ditugu; adibidez, antzerkian aritu gabeak ginen, baina ez da bakarrik antzerkia hautatu dugulako, baita bertsoaren edo literaturaren barruko berezitasunak antzeman nahi izan ditugulako ere. Esango nuke geure buruari erronkatxoak jartzeko aukera ere eman digula, ez dugula geure erosotasunetik sortu, baizik eta geure buruari beste buelta bat ematen saiatu garela». Baietz dio Vargasek, «eta nik uste dut jendearen espektatibekin ere jokatu dugula; esaterako, emanaldian badago momenturen bat non dantza ere egiten dugun. Beti esaten da bertsolaria ia harrizko figura bat dela, mugitzen ez den gorputz bat. Nik uste dut dantza egin dugula geure buruari barre egiteko era bezala, autokritika eta dibertimendua, baina baita ere apur bat mediokritate horren apologia egiteko eta hori erabil daitekeelako tresna bezala, dantzak gauzak adieraz ditzakeelako, nahiz eta ez izan dantza ikusgarri bat».

Mediokritatea hizpide, Oihana Aranak dio gauza jakina dela ertzetik sortzen duenari, «eta gu ertzaren ertzean jarri gabe, baina hegemonikoak ere ez gara», gauzak bikain egitea exijitzen zaiola, «eta horren adierazgarri dira txapelketetako emaitzak eta beste asko. Orduan, geure buruari lizentzia hori ematea transmititu nahi dugun mezu bat da». Beste alde batetik, autokritikaz den bezainbatean, euren emanaldia nahiko kritikoa da jendartearen hainbat konturekin, bertsolaritzarekin, gizartearen isla gisa, baina azpimarratu nahi dute autokritikatik ere asko daukala eta ez direla bakarrik kanpokoen hutsegiteen bila ibili, baizik eta beren buruari ere esaten dizkiotela gauza batzuk. «Eta gure inkoherentziei ere begiratu diegu, baita gure zailtasunei ere».

Emanaldia sortzerakoan argi eta garbi ikuspuntu feminista eta genero disidentzia presente izan dutela diote. «Ezin zitekeen beste modura izan, guk egindako emanaldi batek, oso-oso parodiakoa ez bazen, oinarri horretatik abiatutakoa izan behar zuen, geure bizitzak horrela bizi ditugulako, zapalkuntza horiek geure gorputzetan bizi ditugulako eta geure bizitzak ikuspuntu horretatik bizi ditugulako. Ez nuke esango estrategikoki hartutako erabakiak izan direnik, instintiboki hartu ditugun erabaki batzuk baizik. Are erabakiak izan ez direnak». Laurok elkartu zirenean ez zuten hitz egin genero ikuspuntua izango duen zerbait egiteaz, edo genero disidentziak ere lekua izan zezan zerbait…

Bertsoa

Bertso mundua egunero habitatzen duten espazio bat da; «beraz, guk agian gizartean oro har izaten diren gatazkak islatuta ikusten ditugu bertso munduan; esaterako, gazteen eta nagusiagoen artean izaten den botere harreman hori, aitaguretasunak dakarrena, gazteek nagusiagoen onarpena behar izatea eta abar; espazio guztietan gertatzen da, baina guk bertso munduan bizi dugu, eta hori baliatu dugu zenbait gatazka ikusarazteko marko gisa, edo hondo bezala, zenbait gairi heltzeko, zeren badaude beste batzuk era orokorragoan landu ditugunak; edonola ere, uste dugu inork ez duela behar bertso munduaren inguruko ezagutza apartekorik emanaldian azalduko diren gatazka horiek ulertzeko».

Edonola ere, emanaldia bertsolaritzatik sortzea ez da euren erabakia izan, Lankuren enkarguz egin dute eta. Izan ere, bertsolaritzaren inguruan sortutako enpresa horrek eurengana jo zuenean, argi zegoen bertsotan egingo zutela. Hala ere, bertsolaritza markoa izanda, eurek erabaki zituzten gaiak, bertsolaritzaz jardungo zutela eta, diotenez, bertsolaritza jendartean gertatzen den hori azaltzeko baliatu dute. «Azkenean, gatazkari testuinguru bat ematea zen kontua, eta guk testuinguru hori ondo ezagutzen dugunez, hori aukeratu dugu, baina beste norbaitek agian bere egunerokoan beste espazio bat habitatzen badu, trasladatu ahalko du guk adierazten duguna berak bizi duen espazio horretara».

Sua

Sortzaileak eta antzezleak dira laurak. Eragile eta tresna. Pospoloak. Hala ere, pospoloak bakarrik bere kabuz ezin duela surik sortu diote, beste zerbait behar duela. Kasu honetan publikoa behar dela, eta elkarlan horretatik sortuko dela sua, «sortzen bada».

Badakite zer-nolako sua sortu nahi duten. Edo zer-nolako suak, su bi irudikatu dituzte eta. Bat, emanaldia dibertsiorako espazio gisa hartuko duten pertsonentzakoa, «hotz zarenean berotzen zaituen su hori», eta beste bat, erretzen zaituena eta guztiz berariazkoa.

Publikoaz gainera, badela suaren beste eragilerik gogorarazi du Haizea Aranak: «Guk laurok sortu dugu, gu gara pospoloak, hori irudikatu nahi izan dugu behintzat, baina maila handiagoan edo txikiagoan gure lagun askoren laguntza izan dugu, jende askoren babesa». Pozik jaso dute jende horren laguntza eta uste dute hori gabe ez zuketela emaitza bera lortuko. Zuzenean lagundu dietenez gain, «hor dago gure ikuspuntutik edo antzekotik errealitatea aldatzeko lanean dabilen jende guztia, deitu gure aurrekariak edo dena delakoa, baina azkenean guk sortze prozesuan denbora guztian izan dugu kontuan aurretik zer etorri den edo gure inguruko jendeak zer sortu duen». Hain zuzen ere, emanaldian badago esplizituki erreferentetzat hartzen dituzten beste testu batzuetatik abiatuta sortutako testu bat. «Su hori azkenean guk sortuko dugu une horretan baina denbora luzez berotutako giro eta mugimendutik dator».

Suhiltzaileak

Lankuko lagunek deitu aurretik ez ziren talde artistikoa. Lagun taldea bai, ordea, eta Lankuko arduradunetako batek Oihana Aranari deitu eta «zuek» halako bertso emanaldi bat egitea proposatu zionean, «zuek nor da?» galdetu zion. «Adibidez, Haizea, Leire, Aner eta zu elkartzen bazarete…» esan zion Lankukoak, Aranak bestela ere proposatzea pentsatuta zeuzkanak, hain zuzen.

Hori baino lehen ez zuten horrelakorik egiteko asmorik, eta proposamena jaso zutenean, «erabat hutsetik sortzea bururatu zitzaigun. Bageneukan aurretik harreman bat eta hutsetik haste hori konplizitate horretatik, harreman horretatik dator»; beraz, «horregatik beharbada hutsa ez da inoiz erabat hutsa izan» dio Peritzek, «baina emanaldi baterako ideia, zerbait eskaintzeko ideia, ez geneukan aurretik». Uste dute proposamen hori gabe ez zela gertatuko; hala ere, nahiko logikoa iruditu zitzaiela aitortu dute, funtzionatuko zuela aurreikusten zutelako.

Haizea Aranak dio lehen aipatu duen inguruko laguntza horri guztiari suhiltzaile rola emateak baduela zentzu bat: «Guk ez dugu sinesten garena baino gehiago garenik, baina batzuetan errealitatean eutsiko dizun norbait behar da». Horra suhiltzaileen zeregina. Eta suhiltzaileak dira musika grabatzen lagundu dietenak, bertsoak irakurri dizkietenak, entseguak ikustera joan direnak, aholkuren bat eman dietenak… zuzeneko laguntza eman dieten pertsonak.

Horien artean, Edurne Azkarate zuzendaria. Antzerki munduan oso gutxi ibili dira eta «esperientzia eta jakinduria» zeukan norbaiten beharra zutela ikusi zuten. Azkarate proiektuaren parte bihurtu dela diote. Testua eurek egin dute, jendearen oniritzia eskatu dute, laguntza… eta ondoren, oholtzara eramaterakoan, «ezjakintasunetik, intuiziotik ibili ginen hilabete batzuetan lanean. Gero Edurne etorri zen eta guk zer nahi genuen ikusita, momentu oro errespetutik, gure ideien balioa nabarmenduz, oso ondo sartu da proiektuan, berak ere ezagutzen duelako bertso mundua. Guk egiten genuenari nolabaiteko zentzua aurkitzen genion, baina bera etorri zenean konturatu ginen zer puntutaraino genbiltzan nolabait itsu pausoak ematen, eta egiten dugunari bisualki zentzu bat ematen lagundu digu».

Lehen emanaldiak

Otsailaren 5ean estreinatuko dute «eRRe. Aldarri bat bertsoz» ikuskizuna Durangoko San Agustin kulturgunean. Dagoeneko salduta daude sarrera guztiak; hala ere, baliteke neurri horiek aldatzea LABIren erabakiaren arabera eta lagun gehiagok ikusteko aukera izatea. Edonola ere, lotuta dauzkate beste emanaldi batzuk ere: otsailaren 15ean, Iruñean; 18an, Aretxabaletan; 19an, Zizurkilen; martxoaren 11n, Zuian; 12an, Tolosan, eta 25ean, Zarautzen.

Ez dute ezeren banderari izan nahi, orain zer pentsatzen duten adierazi baizik. Denbora baten buruan beharbada beste ikuspuntu bat sartu lezakete, garapen bat egon liteke. Halaber, ez dute espero ikuskizuna mundu guztiaren gustukoa izatea. Identifikatuta sentitzen direnek barre egingo diote beren buruari; beste batzuek, berriz, erre egin litezke. Emanaldia egiten doazen heinean ere asko ikasiko dutela uste dute, «prozesua hasi zenetik orain arte ikasi dugun era berean», batez ere proiektuak ibilbide luzea badu eta, hein horretan, aldatu eta garatu egin litekeela aurreikusten dute.