Jon Ormazabal

Altuna-Martija eta Irribarria-Rezusta ere lidertza laukoitzera batu dira

Donostian, Amezketakoak eta oso Martija sendo batek erakustaldia eman dute Jaka-Mariezkurrenaren aurka (22-7). Etxebarrin, oso fuerte hasi ostean, 18-7 ere aurreratu dira, ezkerren bikoteak susto handi xamarra eraman du Urrutikoetxea-Arangurenen aurka (22-16).

Mikel Urrutikoetxearen erreakzioa ez da nahikoa izan Etxebarrin.
Mikel Urrutikoetxearen erreakzioa ez da nahikoa izan Etxebarrin. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Binakako txapelketa inoiz baino estuago dago gailurrean, izan ere, Altuna III.a-Martija eta Irribarria-Rezustaren garaipenekin lau baitira zazpina puntuz lehen postuan berdinduta dauden bikoteak, gaurko bi garaileak eta Elezkano-Zabaleta eta Laso-Imaz. Behetik ere, inork ez du bere azken hitza esan eta badirudi azken jardunaldira arte ez dela ezer erabakiko.

Donostian, orain arte zarata askorik atera ez duen bikote batek lehen bi postu horietan egoteko argumentu guztiak dituela baieztatu du, txapelketa osoan zehar bezala, jarraikortasunik gabe ari diren Jaka-Mariezkurrena txikituta. Tarteka potentzial handiko bikotea direla erakutsi dute, atzelari nafarrak pilotakada onak jo ditu, baina sendotasunik batere ez.

Eta parean berme handiko bikote batekin egin dute topo. Jokin Altunaren eskuin hori fresko dago, 2-1koan errebotean jarri du pilota bat hirutik jota, eta amezketarra oso arriskutsua da horrela dagoena. Eta zer esanik ez atzean gaurko Martijak ematen dituen bermeak bezalako atzelari batekin ari bada. Etxeberrikoa gora egiten ari da nabarmen txapelketak aurrera egin ahala, gaurkoan pilota bakarra galdu du, lehen tantoan gora botatako pilota bat, eta beste bi ordutan arituta ere oparirik emango ez zuenaren irudia eman du partida osoan. Baina jotzaile bati eusteaz harago, berak ere oso ondo mugitu du pilota aukera izan duen bakoitzean eta sotamanoz sartu behar izan duenetan ere oso argi geratu da esku horietan ez dagoela inolako arazorik. Ezker pareta ere ondo aurkitu du eta, bien arteko elkar ulermena ere hobetzen doan heinean, kolore bakarreko partida izan da Atanokoa.

FITXA TEKNIKOA:

Altuna III.a-Martija: 22

Jaka-Mariezkurrena: 7

Pilotakadak: 373. Partidaren iraupena: 44,58 minutu. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-2, 9-2, 9-4, 15-4, 15-5, 18-5, 18-7, 22-7. Sakez: 4 Altuna III.ak eta 0 Jakak. Jokoan eginak: 9 Altuna III.ak, 1 Martijak, 4 Jakak eta 2 Mariezkurrenak. Galdutakoak: 0 Altuna III.ak, 1 Martijak, 3 Jakak eta 5 Mariezkurrenak. Gertaerak: 523 ikusle Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Dirua dobean gorri hasieratik eta lehen sakea gorri.

Sustoa Etxebarrin

Itxura bera hartu du ere Etxebarriko lehiak, sekulako erakustaldia eman ondoren, Irribarria-Rezusta 4-17 eta 7-18 aurreratu direnean. Aspeko ezkerren bikoteak sekulako etekina atera die bere dohain nagusiak diren kolpea eta abiadurari eta tarteka geldiezinak ziruditen. Rezusta oso sendo batek lagunduta, Aramako aurrelariak bere garairik onenetako gogorarazi du, pilota oso urrun jarri eta behin aukerak sortuta, aukera horiek ondo amaituz.

Partida, ordea, erabat aldatu da bigarren atsedenaldi luze horren ostean. Bestela ezin eta Mikel Urrutikoetxea arriskuak hartu eta tantoak bata bestearen atzetik amaitzen hasi da. Emaitzek gehigi laguntzen ez badiote, Zaratamokoak ere bere sasoirik onena berreskuratu duela ematen du eta lehen ere egina zuen balentria horietako bat egiteko zorian izan da. Lehenengo partida 14-18 ekarri du eta 15-20koan Irribarriak sakez falta bat egin duenean hotzikadaren bat ere eragin du bizkaitarrak partida ezin itxi aritu diren gipuzkoarren artea. Azkenetako, ordea, hasieran emandako aldea gehiegizkoa izan da.

FITXA TEKNIKOA:

Urrutikoetxea-Aranguren: 16

Irribarria-Rezusta: 22

Pilotakadak: 461. Partidaren iraupena: 58,53 minutu. Markagailua: 1-0, 1-1, 1-12, 3-12, 3-14, 4-14, 4-17, 7-17, 7-18, 14-18, 14-19, 15-19, 15-20, 16-20, 16-22. Sakez: 3 (falta 1) Irribarriak. Jokoan eginak: 12 Urrutikoetxeak, 13 Irribarriak eta 1 Rezustak. Galdutakoak: 2 Urrutikoetxeak, 2 Arangurenek, 2 Irribarriak eta 1 Rezustak. Gertaerak: Sarrera polita Exebarriko pilotalekuan.