NAIZ

Kostata baina erritmoa hartu du Gernikak Errioxan Koparako txartela ia eskuratzeko (70-74)

Oraindik ziur eskuratu ez badu ere, Kopa jokatzeko lehen urratsa eman du talde bizkaitarrak, partida gogor eta zail bateko luzapenean Campus Prometeri irabazi ostean.

Gernikak indarra barrutik atera behar izan du luzapena behartzeko eta ondoren irabazteko.
Gernikak indarra barrutik atera behar izan du luzapena behartzeko eta ondoren irabazteko. (LOINTEK GERNIKA BIZKAIA)

Aste arraroak –eta denboraldia, egia esaterako– bizitzen ari dira Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalariak. Igande honetan bere garaian atzeratutako Ligako 13. jardunaldiko partida jokatu du Campus Prometeren aurka, eta hasteko, neurketaren hasiera ordu erdi atzeratu behar izan da jabetzaren erlojuarekin arazo teknikoak izan dituztelako. Eskerrak luzapenean garaipena erdietsi eta Koparako txartela ia ia eskuratu duela (70-74).

Oraindik beste bi neurketa falta dira lehen itzulia amaitzeko, baina ia ziurtatuta dute Kopa jokatzea. Hori bai, erritmo finagoa hartu beharko dute Mario Lopezenek hurrengo lehietan denboraldiaren hurrengo zatiari sendo aurre egiteko.

Bizkaitarrak erritmo faltarekin iritsi dira Logroñora. Gogoratu behar da gernikarrek ikusi zutela nola iragan asteazkeneko partida atzeratzen zen ia ia autobusean igotzen zeudela. Cadi La Seu zuten aurkari, baina lehiatu gabe geratu ziren eta gaurko partidan nabaritu dute.

Hori bai, Mario Lopezen jokalariak indartsu hasi dute neurketa, ziztu-bizian 0-6 ipini baitira aurretik markagailuan. Baina etxekoek indarrak orekatu dituzte 8-8koa eta 12-12koa ipini arte. Hortik aurrera, bizkaitarrak atzetik joan dira momentu oro (22-17 lehen laurdenaren amaieran).

Bigarren laurdena lehenengoaren berdintsua izan da, baina Mario Lopez entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du eta etxekoak puntu bat gehiagoko aldearekin joan dira atsedenaldira (39-33).

Aldageletatik bueltan, Gernikari kostatu egin zaio saskiratzea lortzea. Ia hiru minutu pasa dira Roselis Silvak bikoa lortu duen arte, baina ordurako markagailua 43-35 zegoen, beste lau puntu eskuratu baititu Campus Prometek Diarra eta Nogicen bitartez.

Hori bai, Ginzoren lau puntuek partidan mantendu ditu bizkaitarrak (43-39). Are gehiago Diarrak bi tiro libre huts egin dituenean hurrengo jokaldi batean. Higgsek ez du hutsik egin bere bi tiroetan eta 43-41koa ipini du markagailuan, urduritasuna errioxarrei pasaz.

Hala, Itziar Ariztimuñok 44-43koa ipini eta tiro libre batekin berdinketa ipini du (44-44). Berriro aurreratu dira etxekoak baina Higgsek berriro berdindu du hirugarren laurdena 46-46 amaitzeko.

Ez dira ondo hasi gauzak laugarren laurdenean. Nogicek hirukoa sartu du (49-46), Arrojok aldea murriztu du (49-48), baina hortxe hasi da goma-jokoa. Talde batek saskiratzea lortzen bazuen, besteak ere. Campus Prometek bost puntuko aldea atera du (55-50), baina puntu batera jarri da Gernika (55-54).

Berriro ere sei puntura ipini da etxeko taldea 2:53ren faltan (60-54), Mario Lopezen hutsartea behartuz. Bueltan, Bjorklundek eta Higgsek aldea murriztu dute 1:08ren faltan (60-58) eta Moorek berdinketa ipini du biko saskiratze batekin 34 segundoren faltan (60-60).

Buranik errioxarrei abantaila eman die (62-60) eta Higgsek berdinketa ipini du berriro ere 9 segundoren faltan (62-62), luzapena behartuz.

Luzapenean indartsuago

Etxeko Burani jokalaria izan da lehena ‘jotzen’ 5 minutuko lehen luzapen honetan. Higgsek aldea murriztea lortu du baina berriro ere alde egin dute errioxarrek (66-63). Hori bai, gernikarrak ez dira behera etorri eta berdinketa lortu dute Roundtree eta Arrojoren bitartez (66-66), azken honek tiro libre bat huts egin duela.

Olatu ona hartu dute bizkaitarrek eta Moorek eta Silvak bikoak sartu dituzte, aspaldiko partez, bere taldea aurretik ipintzeko (66-70).

Alde batera eta bestera erori dira saskiratzeak luzapen honetan, baina 16 segundoren faltan Moorek sartutako bikoak (70-74) etxekoen aukera guztiak uxatu ditu eta azkenean garaipen garrantzitsua eskuratu du Gernikak, bai moralki eta baita kirol arloan ere, Koparako txartela, oraindik ziur eskuratu ez badute ere, gertuago baitute.