Urtarrilaren 29an, larunbatarekin, ehun bat lagun mobilizatu ziren Aiherrako herrian salgai diren salmenta proposamenen prezioak salatzeko. Herriaren erdian, Lohixundea ondoan, 2.933 metro karratu 425.000 eurotan jarri dituzte salgai.
Espekulazio operazio horren aurka eta «onartezinak diren prezioen» salatzeko protesta abian eman dute aihertarrek ‘Non a la speculation’ eta ‘Aiherra ez da salgai’ lemak banderolen laguntzaz zabalduz.
Kazeta.eus atariak jasotako albistearen arabera herrian kezka handia bada azken urteetan lurren prezioak goititzen ari direlako.
Horren adibidetzat jo zuten manifestariek herri erdian 260.000 eurotan 4.800 metro karratuko lurrak salgai eman izana.
Iduriz, Herriko Etxeak du baliatuko lehentasunez erosteko eskubidea. Bestetik, Lohixudean, 2.933 metro karratu 425.000 eurotan jarriak dira salmentan azken asteetan.
«Hemendik goiti salgai izanen diren beste lur zatiak, hola segituz nork erosten ahalko ditu? Ez guk, ez eta gure gazteek! Ezin dugu fenomeno hau salatu gabe segitu, gure ahaletatik kanpo diren lur salmentek ondorio latzak dituztelako gu eta gure ondokoentzat», ohartarazi dute protestan bilduriko lagunek.
Horregatik, higiezin bulegoen eta saltzaileen jokabidea salatu nahi izan dute Arberoa ibarreko herrian, espekulazioa gelditu eta prezio duinak aldarrikatzearekin batera.
Gaiari segida emanen diote heldu den otsailaren 12an Baxe Nafarroako herriko ‘Denen Etxean’, goizeko 10.00etan antolatu duten bilkuraren bidez.