Dabid Lazkanoiturburu

Hutiek Emirerriei eraso egin diete, oraingoan Israelgo presidentearen bisita historikoan

Hutien mugimenduak Emirerrien aurkako eraso berria aldarrikatu du. Yemengo matxino xiitek urtarrilean zehar egiten duten hirugarren erasoa Israelgo presidenteak Abu Dhabira egiten ari den bisitaren erdian gertatu da.

Herzog Israelgo presidentea Emirerrien agintari Bin Zayed al-Nahyan jekerekin.
Herzog Israelgo presidentea Emirerrien agintari Bin Zayed al-Nahyan jekerekin. (Rashed AL-MANSOORI | AFP)

Yemengo hutien mugimenduak bere gain hartu du bart Arabiar Emirerri Batuen (EAB) aurkako erasoa, urtarrilean zehar hirugarrena.

Xiiten (zaidiak) mugimenduaren erakunde armatuaren bozeramaileak, Yahya Sareak, ziurtatu duenez, misil balistikoekin eta dronekin egin duten erasoak Abu Dhabiko eta Dubaiko emirerriak izan ditu jomugan.

Kasu honetan, Israelgo presidente Isaac Herzog Abu Dhabin zegoen erasoaren orduan, igandean bertan hara iritsi eta gero.

Goi agintari israeldar batek Emirerrietara egiten duen lehen bisita da eta gaur bertan Dubaiko Expora joatekoa da Herzog, bertan ospatuko delako Israelen eguna.

Mohamed bin Zayed al Nahyan jekeak, Emirerrien printze oinordekoak, Israelgo presidentea hartu zuen atzo.

Abrahameko Akordioaren traizioa

Emirerriek Israelekin harremanak normaldu zituzten 2020ko irailean, palestinar herriari traizio eginez. Donald Trump orduko AEBetako presidenteak bultzatu zituen Abrahameko Akordioa izenarekin bataiatu zituen itunak.

Emirerriekin batera, orain arte bere egin dute Abrahameko Akordioa Bahreinek, Marokok eta Sudango Armada kolpistazaleak.

Akordio horren haritik, arabiar erregimenek Israelgo Estatuaren izaera onartzen dute, palestinarren etsipenerako. Trukean, Israelek laguntza militarra eskaintzen die saharar herriaren eta Iranen kontra.

Teheranen laguntza militarra jasotzen duten hutiek iragarri dutenez, Emirerriei eraso egiten jarraituko dute «Abu Dhabik eta Dubaik gure herri eta aberri maitatua erasotzen jarraitzen duten bitartean, Israelgo etsaiaren tresna militarrak erabiliz gainera».

«Yemen Operazioaren Hirugarren Zikloia» ezizenarekin bataiatu duten erasoa amaitzear den hilean zehar hirugarrena da.

Urtarrilaren 17an hutiek eraso egin zioten Abu Dhabiko aireportuari eta industrialde batean erregaia biltzen zuten tanke batzuei. Erasoaren ondorioz hiru hildako izan ziren.

Mendekuan, Saudi Arabiak gidatzen duen koalizio suniak airetik erasoak areagotu egin ditu Yemenen. Eraso batean 90 pertsona hil ziren Saadako iparraldeko probintzian, hutien gotorlekuan, presondegi batean.

24an Abu Dhabin basea duen AEBetako Armadak hutien misil balistikoen beste eraso bat geldiarazi zuen.

Gerraren nondik norakoak

Hutiek Emirerriak dituzte orain jomugan arabiar erregimenak bultzatutako Yemengo hegoaldeko miliziek Shabwako probintzia ia osoa bereganatu ostean.

Hutiek Maribeko probintzia kontrolpean dute oraindik, Yemengo hegoaldean bakarra, baina isolatuta geratzeko arriskuan dira. Haatik Emirerriekiko haserrea, 2019an Yemengo gerratik aldendu eta gero, itzuli egin delako.

Oraingoan erasoaren ondorioz hildakorik edo zauriturik ez dela egon ziurtatu du Emirerrien satrapiak eta misil balistikoak jaurti zituen plataforma suntsitu egin duela ziurtatu du, Yemengo Al-Jawf,-en.

Dena den, argi dago Emirerriak oso kezkatuta daudela, hutiek frogatu dutelako ez bakarrik gertu dagoen Saudi Arabia, baizik eta Arabiar Penintsularen bestaldean dauden emirerrien batasunari eraso egiteko gai direla.