Asier Robles
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
Entrevue
Diego Langa
Eragineko kidea

«Pandemiak gazte langileon egoera prekarioa areagotu egin du»

Eraginek ia 6 urte daramatza gazteek pairatzen duten prekarietatea salatzen, eta covid-19aren pandemiak eragindako krisiak egoera lazgarri hori areagotu duela salatu du. Diego Langak gazteen lan baldintzen balorazioa egin du eta aldi baterako kontratuen inguruan hasi duten dinamika azaldu du.

Diego Langa, Eragineko kidea.
Diego Langa, Eragineko kidea. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Covid-19aren pandemian zehar, gazteria jo puntuan egon dela salatu duzue sakotan. Zer irakurketa egiten duzue?

Pandemian zehar, bereziki garairik gogorrena pasa ondoren, gazteriak kriminalizazio handia jasan du. Komunikabideen bidez, gazteok egun osoan botiloiak egiten eta neurriak betetzen ez genituen irudia eman izan da, eta errealitatea distortsionatu egin da. Pandemiarekiko portaera errespetugabeak egon dira, noski, baina hori ez da izan portaera orokorra, ezta gazteek bakarrik egindakoa ere. Gazte langileok gure etorkizuna arriskuan jartzen duen prekarietate handia jasaten dugu, eta hau ez dugu komunikabideetan ikusten. Ez da ia inoiz agertzen zer nolako bizi baldintzak ditugun. Badirudi gazteok jo puntu errazena garela, gure egoera ahula da eta guri seinalatzea erraza da.

Gazteen egoera gaiztotu egin da pandemiarekin?

Bai, langile klasearen egoera asko gaiztotu egin da, eta gazteona ere bai. Azken hamarkadetan hiriek tertziarizazioaren aldeko apustu gogorra egin dute, eta pandemiak gehien kolpatu dituen sektoreak zerbitzuak izan dira, hain justu gazteek presentzia handia duten lanak, hala nola ostalaritza. Ostalaritzaren itxieraren eraginak arintzeko diru-laguntzak egon ziren, baina langileei ez zaie beti laguntza hori heldu. Sektore honetako langile asko kontraturik gabe daude eta kaleratuak izan dira inongo konpentsaziorik gabe. Egoera nahiko prekarioa egon da beti ostalaritzan, eta pandemiak ekarri duen krisi ekonomikoa areagotu egin du.

Zein beste sektoretan ikusten duzue prekarietatea areagotzen ari dela?

Esan bezala, gazte langileon egoera gero eta prekarioagoa da, orokorrean sektore guztietan. Baina badaude sektore batzuetan non egoera kaskarragoa den eta prekarizazio prozesua areagotu egin den. Adibidez, komentatutako ostalaritzaren kasuaz aparte, aholkularitza-enpresen sektorean ere lan-baldintzak jasanezinak dira. Askotan heziketa kontratuetaz baliatzen dira langile gazteak hartzeko eta praktika desegokiak erabiltzen dituzte: kontratuen konkatenazioa, heziketa kontratuen iraupena asko luzatzea, soldata oso baxuak eta hitzarmen kolektiboetatik at... Hirugarren sektorean, orokorrean, lan-baldintzak gero eta txarragoak izaten ditugu gazteok.

Aldibaterakotasuna salatzen ekin diozue ikasturte honi. Zein da dinamika honen helburua?

Dinamikaren helburua aldi baterako kontratuen arazoa mahai gainean jartzea da. Oso hedatuta daude gazteon artean, oso asimilatuta ditugu, eta hausnarketa bat egitea beharrezkoa dela uste dugu Eraginen, Gazteon bizi-proiektua guztiz baldintzatzen dituztelako. Kontuan hartu behar dugu mota honetako kontratu askok legeak urratzen dituztela, zeren eta horrelako kontratu bat egiteko behin-behinekotasun kasu existitu eta justifikatu behar da, eta enpresariek, askotan, kontratu hauek erabiltzen dituzte enpresaren behar estruktural bat kubritzeko.

Orain pil-pilean dago osasun mentalaren gaia, eta honetan laneko behin-behinekotasuna eragin handia daukala gogoratu nahi dugu, horrelako lanek ezegonkortasuna eta jakin eza sortzen dutelako. Hau ere mahai gainean jarri nahi dugu.

Kontziente gara, oraindik, behin-behinekotasunaren eztabaida eta haren aurkako borroka ez daudela piztuta, horregatik oraindik ez ditugu mobilizaziorik aurreikusi. Barne formakuntza saioa egin genuen eta hurrengoko fasea informatiboa izango litzateke, adibidez aldi baterako kontratuen elementu garrantzitsuenak azaltzen dituzten triptikoak banatuko ditugu kalean, gaia pixkanaka-pixkanaka pizteko. Beste eragileekin ere hitz egin dugu, gai hau haien agendetan jartzeko.

Nola baloratzen duzue espainiar Gobernuak bultzatu nahi duen lan erreforma berria?

Gai zaila da, eztabaida handia da daukana. Guk aurrerapausoak ikusten ditugu, adibidez aldi baterako kontratuetan, baina uste dugu ez direla nahikoak. Kaleratze kolektiboen arloan ez da administrazio publikoen kontrola aurreikusten. Bidegabeko kaleratzearen kalte-ordaina oso txikia da eta PPren erreformaren kopurua mantentzen du. Heziketa kontratuetan, gazteoi asko eragiten digun kontua, soldatak eta lan-baldintzak hobetze aldera neurri asko falta direla ikusten dugu.

Gainera, argi izan behar dugu gauza bat dela legeak zer esaten duen, eta beste kontu bat lege hori betearazteko jartzen diren neurriak edo bitartekoak eta errealitatean gertatzen dena. Guk uste dugu, lehen komentatu ditudan lege-iruzurrak ikertzeko lan-ikuskaritza indartu behar dela, zeren eta oso inspektore gutxi daude eta argi dago ez dela arazoa konpontzen ari.

Zein da aurrera begira gazteen egoera hobetzeko ikusten duzuen “estrategia” edo egin beharrekoak?

Gazte langileok borrokatu behar dugula gaurko eredu ekonomikoa aldatzeko. Topiko bat dirudi "Borroka da bide bakarra" esaldia, baina hor dago gakoa, zeren eta inork ez ditu gure lan-baldintzak adeitasunez hobetuko. Borroka beharrezkoa da. Gure beharrak eta aldarrikapenak mahai gainean jarri behar ditugu, eta horretarako ezinbestekoa da langile antolakuntza. Alternatiba iraultzaile bat planteatu behar dugu, errealista, baina anbizio handikoa. 

Gazte mugimenduko beste eragile batzuekin lan egin duzue azken urteetan. Zer garrantzia ematen diozue honi?

Honi garrantzia handia ematen diogu. Gazte konfluentzia hasieratik egon da Eraginen logikan. Gazte frontearen eratzea gure helburuetako bat izan da. Bilbo mailan auzo eta ildo ezberdinetako beste hainbat eragileekin lan egiten dugu Gu Ere Bagara Bilbo dinamikan. Eta Euskal Herria mailan ere bai. Gaur egungo eredu ekonomikoari aurre egingo dion alternatiba estrukturala eta integrala izan behar da, eta horretarako ezin ahal dugu ahaztu beste eragileek dituzten aldarrikapenak edo planteamenduak.