Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Tom Pidcock, dena irabazi nahi duen txirrindularia

22 urte eskas eta lorpen zerrenda luzea. Tom Pidcockek errepidean, mendian eta ziklokrosean munduko txapeldun izateko lehen urratsa eman du. Bide luzea aurretik.

Tom Pidcock, ziklokroseko munduko txapeldun berria.
Tom Pidcock, ziklokroseko munduko txapeldun berria. (UCI_CX)

Thomas Pidcock da ziklokroseko munduko txapeldun berria. Izango dira, eta ez gutxi, bere azken garaipenari asterisko bat jarriko diotenak. Irteera puntuan ez zegoen ez Mathieu van der Poel, azken hiru urteetako irabazlea, ez Wout van Aert, aurtengo sasoiko indartsuena. Baina hori da irabazteko lehen pausoa, lehiatzea. Eta 22 urte eskasekin, Leedseko txirrindulari honek lehiatzeaz eta irabazteaz badaki zerbait.

2013an entzun nituen lehen aldiz Tom Pidcock-en izen-abizenak. British National Youth Road Series probako azken lasterketa, eta gogorrena, bereganatu zuen. Garai horretan txirrindularitza ingelesez hitz egiten hasi zen. Chris Froomek bere lehen Tourra irabazi zuen, aurreko urtean Bradley Wigginsek egin bezala, Mark Cavendish munduko sprinterrik onena zen eta bi biki, Simon eta Adam Yates, ziren etorkizun oparoena aurkezten zuten bi gazteak. Baina Erresuma Batuko prentsan, gazteak loratzearen moda horretan, guzti horiek txiki utziko zituzten nerabe batetan jarriak zituzten begiak. Oraindik etxeko lasterketetan soilik aritzen zen, baina hasia zen garaipenen zerrenda puzten.

Leedeskoak profesionaletan oraindik ibilbide luzea behar du arestian aipatutako izenen palmaresa pilatzeko. Baina hortxe dago bere bertute nagusia, gaur egungo disziplina anitzeko txirrindulari horien adibiderik onena da. Gaur gaurkoz, ziklokroseko munduko txapelduna izateaz gain, mendiko bizikletako txapeldun olinpikoa ere bada.

Txikitatik eta etxetik datorkio bi gurpilekiko lotura. Gurasoak txirrindula zale amorratuak dira eta horrela ikasi zuen (edo ikasarazi zioten, hobe esanda) bizikletan ibiltzen: izan ere, behin baino gehiagotan kontatu duenez, hiru urte zituela, amak oinak pedalei lotu zizkion, Tom txikiak ez baitzuen ulertzen hauen gainean mantendu behar zituela bizikletarekin aurrera egiteko. Eta ongi ikasi, ordutik ez baita ia bizikletatik jaitsi.

Ez da sasoi konkretu bateko txirrindularia. Urte guztia ematen du lehiatzen. Neguan ziklokrosean aritu da, udaberrian egun bateko klasikak eta Giroa izango ditu jomuga, udan mendiko bizikleta eta udazkenerako errepidera itzuliko da. Izan ere, gabonen aurretik egindako elkarrizketa batean definitu zuen bere helburua: «Ziklokros, mendiko bizikleta eta errepideko munduko txapeldun izatea. Ahal dela, urte berean». Lehen pausoa eman du.

Mendiko bizikletan, aipatu bezala, egungo olinpiar urrea da eta baita 23 urtez azpiko munduko zein europako txapelduna. Aurten aritu ahal izango da lehen aldiz munduko txapelketan gorenengo mailan eta ortzadar mailota bereganatu nahi du. Errepidean, iaz seigarrena izan ostean, irailaren amaieran Australian egingo den txapelketan ere jarri du ikusmira.

Pistan ere lortu zituen emaitza onak hasieran, baina aipatu gisa, lokatza, errepidea eta mendi bizikleta uztartu ditu azken urteetan. Hemen, bere garaipenen laburpen bat: Ziklokrosean, junior eta 23 urtez azpikoetan ere izan da munduko zein europako txapeldun eta aurten Munduko Kopako bi lasterketa ere poltsikoratu ditu. Errepidean, berriz, Paris-Roubaix lasterketa juniorretan eta 23 urtez azpikoetan irabazi duen bakarra da eta 2020an gazteen Giroa ere bereganatu zuen hanka batekin. 2021ean hasi zen profesionalekin eta Fleche Brabançonne irabazteaz gain, lehen seien artean sartu zen Kuurne-Brusela-Kuurne, Strade-Bianche, Fleche Wallone edo Amstel Gold Race bezalako probetan (azken honetan ez dago oraindik argi Van Aertek gainditu egin zuen edo ez).

Ez du helburu makala, dena irabaztea. Eta goi mailako kirolean etorkizunak berme gutxi eskaintzen du, bestela galdetu diezaiola Egan Bernal taldekideari. Baina norbaitek jomuga hori izan badezake, hori Tom Pidcock da.