NAIZ
DONOSTIA

Zinemaldiaren bitxitasunak bildu ditu Nosferatu Bildumako azken aleak

Zinemaldiak 70 urte betetzen dituen honetan, Nosferatu Bilduma jaialdiaren historian murgildu da azken alean. ‘Zinemaldia 1953-2022’ argitalpenak berezitasun esanguratsuenak jaso ditu «uneen, izenen, izenburuen eta joeren hautu bat» eginez, adierazi dute astearte honetan, Tabakaleran.

Nosferatu Bildumaren azken alea aurkeztu dute astearte honetan Tabakaleran.
Nosferatu Bildumaren azken alea aurkeztu dute astearte honetan Tabakaleran. (Maialen ANDRES | FOKU)

Zazpi hamarkada Donostiako Zinemaldia jaio zela. Zazpi hamarkada bitxikeria eta berezitasunez josiak. Horiek aztertu, hautatu eta jaso dituzte Nosferatu Bildumaren azken alean. Astearte honetan Tabakaleran egindako aurkezpenean aurreratu dutenez, ez da nazioarteko zinema jaialdiaren laburpen bat; harago doa, beste begirada bat, beste ikuspuntu bat eskaini nahi izan zaio zaleari.

Quim Casasek koordinatuta, egileak osagai zehatzen bidez egin dio errepasoa Zinemaldiko historiari. Uneak, izenak, izenburuak eta joerak aukeratu ditu, azaldu duenez, argitalpen berri honek ez baitu bilatzen zazpi hamarkada hauek kontatzea, ezta haren bilakaeraren azterketa osatu bat egitea. «Liburu honen asmoa ez da, eta ezin da izan, laburbilpen bat. Aldiz, zinema sariketa honen berezitasun batzuk erakutsi nahi dira, ulertuz beti erne dagoen eta aldatu, eraldatu eta hobetu daitekeen gorputz bat dela», erantsi du.

Hautaketa bereziak, akaso, eramango du irakurlea edo zinema zalea zenbait gertaera faltan botatzera, onartu duenez, eta agian «ez zaizkio irudituko hain garrantzitsuak hemen aztertzen ditugun beste batzuk». Aurkezpenean zehaztu dutenez, ordea, «uneen, izenen, izenburuen eta joeren hautu bat da». Baina begiradak begirada, Zinemaldiaren historiari begiratzeko Casasek eta parte hartu duten egileek «mugarritzat jo daitezkeen oinarriak» hartu dituzte abiapuntu. Esaterako, atzera begirakoan eragin sakona izan dutenak, izen ezkutuak eta ahaztuak deskubrituz, sariketa honi nortasun eman dioten sailak, edota Urrezko Maskorrek zinemaren lengoaian izan diren askotariko aldaketei buruz iradokitzen dutena.

‘Zinemaldia 1953-2022’ laster egongo da eskuragarri liburudendetan eta Tabakalerako zinema-abonua erosi duten pertsonek liburu honen edo Harkaitz Canoren ‘Kandelikara - Buñueli buruzko film baterako apunteak’ liburuaren ale bat jasotzeko eskubidea dute.

Era berean, iragarri dutenez, urte amaieran beste izenburu bat erantsiko zaio bildumari. Euskaraz argitaratuko da eta Katixa Agirre izango da egilea.