NAIZ

Euskalgintzak elkarretaratzea egingo du larunbatean Laudion «euskaraz bizitzearen alde»

Gasteizko epaile batek langile publikoen hizkuntza eskakizunen gainean emandako epaiaren aurrean desadostasuna agertu nahi dute Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzak. Horretarako elkarretaratze bateratua antolatuko dute larunbat honetan, 12.30ean Laudioko Herriko Plazan.

Kontseiluak iragan uztailean Iruñean egin zuen manifestazioa. (Iñigo URIZ/FOKU)
Kontseiluak iragan uztailean Iruñean egin zuen manifestazioa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Aste honetan Gasteizko epaile batek langile publikoen hizkuntza eskakizunen gainean kaleratutako epaiaren aurrean desadostasuna agertu nahi dute Kontseiluak eta Aiaraldeko Euskalgintzak. Izan ere, epaiteak baliorik gabe utzi du euskararen 3. hizkuntza eskakizuna egiaztatu ez zuen bitarteko funtzionario baten kaleratzea, euskara ikastea «oso zaila» dela argudiatuta.

Erabakiak eragile ezberdinen haserrea sortu du eta «euskal hiztunen eskubideen aurkako botere judizialaren oldarraldiari batasunezko erantzuna emateko» deia egin dute. Horretarako, elkarretaratze bateratua antolatuko dute larunbat honetan, otsailak 5, 12.30ean Laudioko Herriko Plazan.

Eragile sozial eta politiko guztiei parte hartzera deitu diete, eta Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak adierazpenak egingo dituela iragarri dute. Asteazken honetan ebazpenari buruz hitz egin zuen Bilbaok. Salatu zuenez, «botere judiziala hizkuntza politika nahierara arautzen hasia dela jurisprudentzia baliatuz».

«Hizkuntzaren normalizazio prozesuan herri gogo indartsua behar da, eta 2021ean herri gogor hori hainbat modutara atera da plazara, bai eskubideak aldarrikatzeko edo bidegabekeriak salatzeko, bai eta euskaraz bizitzeko nahia lau haizetara zabaltzeko», azaldu zuen. Asteburu honetan Laudioko plaza hartuko dute euskaldunen eskubideak aldarrikatzeko.