Hamaikagarren partida jarraian garaipena ezin eskuratu. Egoera latz horretan aurkitzen da egun Alaves. Mendilibarren iritsierak ez dio eman taldeari hasieran espero zen aldaketa. Reala eta Athleticekin berdindu ostean, hiru porrot jarraian jaso ditu eta horietariko bi, nola gainera!
Betisen aurkako porrota oso mingarria izan bazen, larunbat arratsalde honetako ez da atzean geratzen. Elx arerio zuzena izanik, zailena egin du Alavesek, markagailuan aurreratzea. Joselu izan da golegilea, Riojaren erdiraketa sareetara errematatuz. Ez da izan andaluziarraren erdiraketarik onena, baina defentsen artean eman duen boteak erraztu egin du golegile babazorroaren iritsiera.
Hamaika gol egin ditu jada Joseluk. Alavesek egin dituen golen %64,7 berarenak dira eta orotara, beste bi gol pase eman dituenez, taldeak egin dituen %76 goletan parte hartu du galiziarrak. Bere hamaikagarran gola baliatuta, lehendabiziko zati txukuna egin du Alavesek, ondo suspertu baita 25. segundoan Tete Morenteri baliogabetu dioten gola jaso ostean.
Lehendabiziko zatian erakutsitako seriotasuna, baina, segituan ezabatu da talde babazorroan. Partida hasi bezala atera baita Elx aldageletatik: hasiera adierazi eta gol bat eginez, alegia. Pere Millak 47. minutuan egindako gola markagailura igo dela izan da diferentzia bakarra.
Berdinketarekin, etxeko taldea hazi egin da. Azken lau jardunalditan bi garaipen eta bi berdinketa erdietsi ostean –horietariko bat Real Madrilen aurka–, sasoi onean dago Francisco Rodriguezen taldea. Azaro bukaeran iritsi zen Elxera, Fran Escriba ordezkatzeko eta zuzendu dituen bederatzi partidatan, soilik bi porrot jaso ditu (Bartzelona eta Valentzia).
Elxekoek sinistu egin dute garaipenean eta hamar minuturen buruan, markagailua iraultzea lortu dute. Pere Millak egin du bigarren gola ere, babazorroek zelai erdian galdutako baloi bat ostu eta talde-jokaldi on bat osatu ostean, aurrelariaren jaurtiketa, area ertzetik, Pachecoren eskuin zutoinetik hurbil, sareetara sartu da. Pina eta Escalante ez dira ondo koordinatu defentsaren aurreko lerroan eta Millak oztoporik gabe jaso du baloia jaurtiketa egoki prestatzeko.
Joseluren aldaketa ulergaitza
2-1ekoa sekulako kolpea izan da Alavesen eta hori txarrena ez eta, minutu batzuk lehenago, Mendilibarrek Joselu kendu du zelaitik Manu Vallejo iritsi berria zelairatzeko. Sare sozialetan arakatzen, zale babazorroek ez dute ondo hartu aldaketa hau, taldeko golegile nagusia zelaitik kentzea taldea ahultzea dela iritzita.
Eta kasualitatez edo kausalitatez, hala izan da. Zaldibarkoa saiatu da aldaketekin talde erasokorragoa osatzen baina Alaves ez da gai izan erreakzionatzeko. Orduerdia zeukan aurretik eta aukera bakar bat ere ez du osatu, Miguel De la Fuente saiatu den arren.
Azkenerako, Elxen hirugarren gola iritsi da Fidelen bitartez eta 86. minutuan bukatu da partida. Alavesen historiako bolada eskasena da Lehen Mailan, egoera latzenean dago, alegia. Gainera, Mallorcak Cadizi irabazita, salbazio postuak urrundu egin zaizkio. Egun, sei puntutara dago.